Albistea
Landabaso industrialdeko enpresek urrats berri bat egin dute elkarlana sendotzeko eta industrialdearen garapenari elkarrekin heltzeko. Gaur (irailak 25) udaletxean egindako bileran, Landabaso Industrialdeko Elkartea martxan jarri dute berriro, enpresen arteko lankidetza sustatu, behar eta interes komunak partekatu eta proiektu bateratuak bultzatzeko.
Honako enpresek osatzen dute elkartea: Ceberbi-Karmelo Toja, Mendipe Autoak, Segurilight Señalización, Barristu, Albacora, Wartsila Ibérica, Salica, Zallo, Labise, Talleres Landabaso, Mundaka S.A. Berria, Talleres Gaztetxu, Neumáticos y direcciones Tomás, Anchoas Royo, Larrauri Anaiak, Talleres Sollube, Barruetabeña karrozeriak, Expert Toja Sucesores (Cordevi), Arroyabe, IMEK, Talleres Gotxi, Serrats, Talleres Murgua, DIA.
Ekimenaren oinarrian dagoen helburua argia da: enpresen arteko harremanak estutzea eta, elkarlanean, Landabaso industrialdearen aukerak eta lehiakortasuna handitzea. Horretarako, elkarteak enpresen ahotsa bateratu eta industrialdearen beharrak zein proposamenak modu koordinatuan lantzeko gunea izan nahi du.
Elkartea enpresek beren esperientziak, beharrak eta ezagutzak partekatzeko topagunea da, eta horrek aukera berriak identifikatu eta proiektuak elkarrekin garatzeko bidea emango du. Era berean, industrialdean kokatutako enpresei eragiten dieten gaiak batera aztertzea eta irtenbideak elkarlanean bilatzea izango du xede.
Aukerak aprobetxatzea eta inbertsioa sustatzea ere elkartearen jardunaren ardatzetako bat da. Horrela, industrialdean beharrezkoak diren hobekuntzak eta zerbitzuak identifikatu eta bultzatzeaz gain, enpresek eskura dituzten laguntza eta finantzaketa aukerak baliatzeko lana egingo da. Elkartearen bidez, dirulaguntzak eta bestelako baliabideak ezagutzeko eta proiektuak kofinantzatzeko aukerak handitzea ere bilatuko da.
Landabaso Industrialdeko Elkartearen jardunak, beraz, azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzen, segurtasuna eta jasangarritasuna sustatzen eta industrialdearen lehiakortasuna eta berrikuntza indartzen lagundu nahi du.
Ildo horretan, enpresen arteko elkarlana izango da elkartearen oinarrietako bat. Izan ere, enpresa bakoitzaren ekarpenak eta esperientziak partekatuz, industrialdearen beharrei modu bateratuan erantzuteko eta etorkizuneko proiektuak indar handiagoz bultzatzeko aukera sortzen da.
Elkarrekin gehiago, aukera gehiago, emaitza gehiago lelopean, Landabasoko enpresek parte-hartzea eta lankidetza izango dituzte aurrerantzean ere oinarri, industrialdearen garapenari eta bertan kokatutako enpresen etorkizunari elkarrekin heltzeko.
Elkartearen berraktibazio prozesua Bermeoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bermeoko Behargintzaren arteko lankidetzaren esparruan kokatzen da, Landabaso industrialdearen eta bertako enpresen garapena sustatzeko helburuarekin.
Informazio gehiago: 94 617 91 90 · behargintza@bermeo.eus · www.behargintza.eus