Albisteak

Albistea

Bermeok 2027rako ordenantza fiskalak eguneratu ditu, egonaldi turistikoen gaineko zerga berria araututa

  •       Hiru udal alderdien arteko adostasunez zehaztu dira ostatu turistikoen gaineko tasak.
  •       Osoko bilkurak Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan (EIOZ) hobari bat ezartzea onartu du.

Bermeoko Udalak 2027an indarrean sartuko diren hainbat ordenantza fiskaletan aldaketak onartu ditu osoko bilkuran. Neurrien artean daude egonaldi turistikoen gaineko zerga berria arautzea eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan (EIOZ) hobari bat ezartzea, alokairu babestuko etxebizitzak sustatzeko.

Udalak egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzeko ordenantza onartu du, Bizkaiko Batzar Nagusiek 2026ko ekainaren 17an onartutako 3/2026 Foru Arauari jarraituz. Zerga 2027ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, eta turismo-jarduerak udalerrian eragiten dituen ondorioei aurre egitea eta turismo jasangarriagoa sustatzea ditu helburu.

Zergaren zenbatekoak finkatzeko, Bermeoko Udala osatzen duten hiru alderdien arteko adostasuna lortu da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak emandako tauletan oinarritu dira. Udalak Bermeoko errealitate ekonomikoa eta etxebizitzaren egoera hartu ditu kontuan tasak zehazteko. Herriko jarduera ekonomikoan garrantzia duten ostatu-establezimenduei tarteko zenbatekoak ezartzea erabaki du, tokiko jarduera ekonomikoa babesteko.

Nekazaritza-turismoko establezimenduei, berriz, gutxieneko tasa aplikatuko zaie, lehen sektorearekin lotutako jarduerak direlako eta sektore hori sustatzeko laguntza publikoak jasotzen ari direlako. Erabilera turistikoko etxebizitzen kasuan, aldiz, gau bakoitzeko eta pertsona bakoitzeko 6,50 euroko tasa ezarri da, Bermeok etxebizitza-eremu tentsionatu izateko duen egoera eta etxebizitza turistikoek merkatuan duten eragina kontuan hartuta.

 

 

Ostatu-motaren arabera, honako zenbateko hauek ezarri dira, gau eta pertsona bakoitzeko:

·         Hotelak: 1,25 eta 5 euro artean, kategoriaren arabera.

·         Pentsioak: 1,25 euro.

·         Apartamentu turistikoak: 2 euro.

·         Kanpinak eta kanpatzeko beste modalitate batzuk: 1,25 euro.

·         Nekazaritza-turismoko establezimenduak: 0,50 euro.

·         Landetxeak: 0,75 euro.

·         Aterpetxeak: 1,25 euro.

·         Turismo-ostatuko beste establezimendu batzuk: 2 euro.

·         Erabilera turistikoko etxebizitzak, osorik zein logelaka alokatzen direnak: 6,50 euro.

·         Itsas bidaia turistikoetako ontziak: 6 euro (momentuz, Bermeon ez dago horrelakorik).

Hainbat egoeratan, ordea, ez da zerga ordaindu beharko. Salbuetsita egongo dira, besteak beste, helburu turistikoekin antolatutako gizarte-programek diruz lagundutako egonaldiak; 18 urtetik beherako pertsonenak; %65eko desgaitasuna edo handiagoa dutenenak eta II. edo III. graduko mendekotasuna dutenenak; ikasketekin, ikerketa akademikoarekin edo talentu-programekin lotutako egonaldiak; osasun-arrazoiengatik egindakoak; eta ezinbesteko kausengatik egin behar direnak, hala nola, hondamendi naturalen edo larrialdi-egoeren ondorioz.

EIOZaren aldaketak

Bestalde, osoko bilkurak eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren (EIOZ) ordenantza fiskalean bi aldaketa egitea onartu ditu.

Batetik, orain arte Elizarentzat indarrean zegoen salbuespena kenduko da.

Bestetik, Visesarekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz, zerga-kuotaren %95eko hobaria ezarriko da, Bermeon alokairu babestuko erregimenean babes publikoko etxebizitzak sustatzeko eta eraikitzeko obretan. Obra horiek interes berezikotzat edo udal-onurakotzat joko dira, gizarte-interes handiko helburuak dituztelako.

30 / 10 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0