Albisteak

Albistea

Bermeoko Musika eskolak ‘Gu musiketan’ tailerra abiatuko du, ‘Nagusiek bizitasunez bizitzen’ programaren barruan

  • Kanta, erritmoa, memoria eta mugimendua uztartzen dituen ekimena da, eta 65 urtetik gorakoei zuzenduta dago. 

Bermeoko Udalaren Musika eskolak Gu musiketan izeneko tailerra martxan jarriko du, udalak daukan Nagusiak bizitasunez bizitzen programaren barruan. Tailer honen helburua da 65 urtetik gorako herritarrei musika bidezko esperientzia aktibo eta aberasgarria eskaintzea. 

Saioak astean behin eskainiko dira, eguenetan, 12:30etik 13:30era, Musika eskolan. Ordu beteko saioetan parte-hartzaileek kanta, memoria, erritmo eta mugimendua landuko dituzte, burua eta gorputza modu dinamikoan aktibatuz. Ez da beharrezkoa musika ezagutzea, helburua, batez ere, musika sentitzea eta taldean bizitzea baita. 

Izena emateko epea gaurtik irailaren 30era bitartean izango da, Musika eskolan (94 617 91 56) edo Gizarte Ongizaten (675 916 856 – harremanetarako pertsona: Iraide). 

Gehienez, 21 lagunek parte hartu ahalko dute tailerrean. Eskaera kopurua handiagoa bada, zozketa egingo da urriaren 3an, barikuan, 11:00etan Musika eskolan bertan. Lehentasuna izango dute 75 urtetik gorakoek, lekuen bi herena betez; gainerako lekuak, berriz, 65 eta 74 urte bitartekoentzat gordeko dira. 

Ekimen honen bidez, Bermeoko Udalak adineko pertsonen ongizatearekin duen konpromisoa berresten du, musikaren indar eraldatzailearen bidez, horien  topagune, parte-hartze eta garapen pertsonalerako espazio bat eskainiz.

22 / 09 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0