Albisteak

Albistea

‘Bermeoko Emakumeen Memoria Bizia’ proiektua aurkeztuko dute otsailaren 5ean

  • 65 urtetik gorako emakumeen oroitzapenak eta bizipenak erdigunean jarriko dituen ekimena abiatuko da Bermeon.

Bermeon abiatuko den Bermeoko Emakumeen Memoria Bizia proiektuaren aurkezpen publikoa otsailaren 5ean, eguenean, 18:00etan egingo da, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean. Saioa irekia izango da, eta  65 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago.

Proiektuak emakumeen memoria kolektiboa berreskuratu, ikusarazi eta komunitatearen esparruan aktibatzea du helburu, 65 urtetik gorako emakumeen bizipenak eta oroitzapenak ardatz hartuta. Emakumeen argazki-album pertsonalak, bizitza-kontaketak eta sorkuntza kolektiboko tresnak hartzen ditu abiapuntu, memoria intimoa esparru publikora eroateko eta ikuspegi feminista, sentikor eta testuinguruan errotua garatzeko.

Bermeoko Emakumeen Memoria Bizia ekimena ELLAS izeneko proiektu zabalagoaren barruan kokatzen da. Euskal Herriko hainbat herritan garatutako esperientzia horrek emakumeen memoriari aitortza publikoa ematea eta kontakizun historikoki isilaraziak ikusgarri egitea izan du ardatz, betiere tokian tokiko errealitateetara egokituta.

Bermeoko proiektua ikuspegi transbertsaletik landuko da, eta hainbat arlo uztartzen ditu: berdintasuna, kultura, gizarte-ekintza, herritarren parte-hartzea, hezkuntza ez-formala eta ondare immateriala. Helburuen artean daude belaunaldien arteko transmisioa sustatzea, harreman komunitarioak sendotzea eta emakumeen ekarpena herriaren memoria kolektiboaren parte gisa aitortzea.

Proiektua urte honetan zehar garatuko da, eta bi fasetan antolatuko da. Lehen fasean, 65 urtetik gorako emakumeekin egingo diren oroitzapen partekatuko tailerrak izango dira ardatz. Tailer horiek entzute aktiboan, talde-lanean eta esperientzien trukean oinarrituko dira, memoria kolektiboa lantzeko ez ezik, harremanak sendotzeko eta komunitate-loturak indartzeko espazioak sortuz. Bigarren fasean, egindako lanaren itzulera publikoa egingo da, aurreko prozesutik abiatuta adostutako formatuan.

Proiektua Punto Gorria Kultur Elkarteak sustatzen du. Diziplina anitzeko elkarte honek arte garaikidea, artxibo-lana, bitartekaritza kulturala eta aktibazio komunitarioa uztartzen ditu.

Bermeoko Udaleko Berdintasun zinegotzi Arantza Ormaza Tarantinok proiektuaren garrantzia azpimarratu du, eta herritarrak deitu ditu parte hartzera: “Bermeoko Emakumeen Memoria Bizia proiektuak gure herriaren historia beste begirada batetik ulertzeko aukera ematen digu. Belaunaldi oso batek bizitakoa entzutea ezinbestekoa da memoria kolektiboa osatzeko, eta bereziki garrantzitsua da emakume horiei ahotsa eta espazioa ematea. Herriko 65 urtetik gorako emakume guztiak animatu nahi ditugu parte hartzera, euren oroitzapenek Bermeoren historia aberasten dutelako”.

Otsailaren 5eko aurkezpena proiektuaren abiapuntua izango da Bermeon. Bertan azalduko dira lan-ildo nagusiak, erabiliko den metodologia eta parte hartu nahi duten emakumeek izango dituzten aukerak. Saioaren amaieran, galderak egiteko eta solasaldirako tartea ere egongo da.

26 / 01 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0