Albistea
Urdaibaik Aste Santurako oporraldiari begira prestatu duen eskaintza bateratua aurkeztu du, turismo jasangarriaren printzipioetan oinarrituta eta eskualdeko herri desberdinetako ekimenak uztartuz. Europako Turismo Jasangarrirako Gutunaren baitan lanean diharduen lurralde honek aspalditik hautatu zuen garapen turistiko arduratsua, non bisitarien eta bertakoen arteko harremanak orekan mantentzea funtsezko helburua den, ekonomia, kultura, identitatea, ingurumena eta bizi-kalitatea bezalako arloetan.
Ildo horretan, administrazioak eta sektore pribatuak elkarlanean dihardute, turismoak eskualdean duen eragina ahalik eta positiboena izan dadin. “Denok gara turistak” ideia oinarritzat hartuta, nabarmendu nahi da jomuga bakoitzean tokiko bizimodua eta bertako antolamendu egokia errespetatzea guztion ardura dela. Erronka nagusia argia da: bisitek nola lagundu dezaketen bertakoen bizi-kalitatea hobetzen.
Aste Santurako proposamenak eskualdeko Turismo Bulegoek eta enpresa txikiek prestatu dituzte, ilusioz eta aisialdi garaiko behar berrietara egokituta. Helburua bisitariei Urdaibai modu eroso eta aberatsean ezagutzeko aukera eskaintzea da.
Bermeon, itsasoa eta ondarea ardatz
Bermeok, aurreko urteetan bezala, Gaztelugatxeko San Juanera iristeko autobus eta gidari turistiko zerbitzua eskainiko du. Zerbitzu horren bidez, Gaztelugatxeko Monumentu Naturalaren inguruko trafikoa arintzeaz gain, bisitariei lekuaren eta herriaren arteko lotura sakontzea eskaini nahi zaie, identitate, historia, kultura eta ingurumen ikuspegietatik; erreserbak www.bizibermeo.eus atarian egin daitezke. Gainera, Bizkaibus autobus zerbitzu publikoa orduro egongo da erabilgarri; zerbitzuaren hasiera Bakioko Bentalde geralekua izango da, eta Bermeoko Lameraraino helduko da, Gaztelugatxeko san Juanen geldialdia eginez.
Bestalde, itsas irteerak antolatu dira familian gozatzeko, baita piraguan ibiltzeko aukerak ere. Egunero egingo dira bisita gidatuak tokiko gidariekin, Bermeoko ondarea eta historia bertakoen begiradatik ezagutzeko.
Halaber, herriko merkataritza turistikoan bertako produktuak eskuratzeko aukera egongo da.
Bermeoko informazio guztia: bizibermeo.eus
Gernika-Lumo, memoria eta tradizioa uztartuz
Gernika-Lumok ere eskaintza zabala prestatu du, besteak beste, Gernikako Arbola eta Euskal Herria Museoa bezalako ikur nagusiekin. Horrez gain, Gernikako bonbardaketarekin lotutako hainbat jarduera eskainiko dira, tartean, Memoriaren Ibilbidea, 11 panelez osatua, eta aireko babeslekuak bisitatzeko aukera.
Esperientzia aberasteko, bisitariek audiogida zerbitzua izango dute eskura, eta familian datozenentzat, haurrentzako egokitutako Marco Topo jolas gidatua.
Astelehenetako azoka erreferentziazko hitzordua izanik, Pazko astelehenean ere ez du hutsik egingo: bertako eta sasoiko produktuak izango dira protagonista.
Gernika-Lumoko informazio guztia www.gernikainfo.eus webgunean dago eskuragarri.
Urdaibai, naturaz eta ibilbidez gozatzeko aukera paregabea
Eskualde osoan zehar, oinezkoentzako hamar ibilbide labur daude aukeran, Turismo Urdaibaiko Wikiloc plataforman eskuragarri dauden track-ekin. Horiez gain, GR38 Ardoa eta Arrainaren ibilbidea ere aukera interesgarria da lurraldea sakonago ezagutzeko.
Zikloturismoa gustuko dutenentzat, ibilbide ugari daude profil guztietarako: errepideko bizikletarako ibilbideak, BTT aukerak eta familian egiteko ibilbide errazak. Informazio guztia eta track-ak www.urdaibaibikereserve.com webgunean kontsulta daitezke.
Era berean, Urdaibaiko baliabide turistiko nagusiak bisitatzeko aukera izango da, hala nola Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Center, Busturiako BBK Klima eta Ekoetxea Urdaibai, Kortezubiko Omako Basoa eta Santimamiñeko Koba, Arratzuko Arrolagune, Nabarnizko Arrolako Oppiduma eta Foruko erromatar herrixka. Eskaintza osoari buruzko informazio gehiago www.turismourdaibai.com webgunean aurki daiteke.
Mundakak, berriz, natura eta itsas jarduerak izango ditu ardatz. Katillotxutik abiatzen den oinezko mendi ibilbidea aukera paregabea da, eta urarekin lotutako jardueren eskaintza zabala ere badauka, surfarekin eta itsas bidai eta txangoekin lotuta. Informazio gehiago: www.mundakaturismo.com
Urdaibaik, beraz, Aste Santurako gonbidapena luzatzen du, bisita arduratsu eta aberasgarria egiteko aukera eskainiz, natura, kultura eta tokiko bizimodua errespetatuz.