Albisteak

Albistea

Behargintzak jauzi esanguratsua eman du 2025ean eta 2026rako norabide estrategikoa finkatu du

  • Baliabideen hazkundea, enpresa eta enpleguaren sustapena, eta ekonomia urdinaren aldeko apustua izango dira aurtengo ardatz nagusiak

Bermeoko Udaleko Behargintzak 2025eko jardunaren balantzea aurkeztu du, emaitza sendoak eta hazkunde nabarmena azpimarratuz, eta aldi berean, 2026rako erronka estrategikoak zehaztu ditu. Tokiko enplegua eta garapen ekonomikoa sustatzeko helburuari eutsiz, urteak aurrerapauso kualitatiboa ekarri du bai baliabideetan, bai garatutako proiektuetan.

2025ean zehar, Behargintzak hasieran aurreikusitakoa baino %46 baliabide gehiago kudeatzea lortu du, guztira 615.542,80 euroko aurrekontuarekin. Horren %73,66 (453.000 euro inguru) dirulaguntzen eta beste erakunde batzuen ekarpenen bidez eskuratu da. Testuinguru horretan, azpimarratzekoa da Behargintzako lantaldea udaleko langileen %1,76 besterik ez izanik, udal aurrekontuaren %4,82 kudeatzea lortu duela, efizientzia maila handia erakutsiz.

Jardunaren ikuspegitik, sustapen ekonomikoak pisu handia izan du, bereziki enpresa-lehiakortasunari eta ekintzailetzari lotutako ekimenetan. Ekintzailetzan, 86 ideia landu dira, 52 proiektu tutorizatu eta 30 enpresa berri sortu dira, eta guztira 495.917,38 euroko dirulaguntzak kudeatu dira. Enpresa arloan ere aurrerapauso nabarmena eman da: 6 proiektu estrategiko garatu dira, 98.606 euroko inbertsioa mobilizatuz eta 80.000 euroko dirulaguntzak eskuratuz, industria-sektoreko 41 enpresari laguntza eskainiz.

Merkataritzaren dinamizazioan, kanpaina berriek 115 merkatariren parte-hartzea erakarri dute, eta udalaren aldetik 60.266 euroko inbertsioa egin da. Ekimen horien bidez tokiko kontsumoaren aldeko sentsibilizazioa indartu da, eta sektorearen lehiakortasuna hobetzeko prestakuntza eta aholkularitza eskaintzen jarri dira martxan.

Toki garapenaren esparruan, hainbat proiektu estrategiko bultzatu dira, guztira 327.022,70 euroko inbertsioarekin, horietatik 277.800 euro dirulaguntzen bidez eskuratuta. Ekimen horien bidez 68 enpresa eta erakunderi eman zaie laguntza, enplegua sustatzeko, kontratazioa errazteko eta herritarrentzako zerbitzu berriak sortzeko. Enplegu-planen baitan, gainera, 340.000 euro inguruko baliabideak kudeatu dira.

Enpleguari dagokionez, 70 pertsonari eman zaie orientazioa eta 24 pertsona lagundu dira laneratze-prozesuetan, baliabide ekonomiko horien bidez aukerak sortuz. Bestalde, eskualdeko lankidetza ere sendotu da, bereziki Mundaka eta Sukarrietako udalekin, 2026rako proiektu partekatuak eta 34 kontratazio aurreikusiz.

Testuinguru honetan, Maite Caruezo Ugalde Bermeoko Udaleko garapen ekonomikorako zinegotziak azpimarratu du Behargintzaren lana sarritan “isilean” egiten dela: “Askotan ez da ikusten egiten den lana, baina datuek argi erakusten dute atzean dagoen ahalegina eta eragina. Baliabide gehiago erakartzea, enpresei laguntzea, enplegua sustatzea edo ekintzaileei bidea erraztea eguneroko lanaren parte da, eta horrek zuzenean eragiten du herriaren garapenean. Behargintzak egiten duen lana funtsezkoa da, nahiz eta beti lehen lerroan ez egon”.

Erronka berriak

Aurrera begira, 2026. urtea etapa berri baten hasiera izango da. Ekonomia urdina izango da garapen-ildo estrategiko nagusietako bat, itsas-sektoreari eta portuaren eraldaketari lotutako aukerak baliatuz jarduera ekonomiko berriak eta enplegua sustatzeko. Horretarako, erakunde eta eragile desberdinekin elkarlana indartuko da.

Bestetik, Behargintzak tokiko enplegu eta garapen ekonomikoaren lidergoa bere gain hartuko du, plan estrategiko propio baten bidez. Horrek orientazio eta lan-bitartekaritza zerbitzuak indartzea ekarriko du, herritarrei zein enpresei arreta hurbilagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko. Aldi berean, sailaren posizionamendua indartzea eta komunikazioa hobetzea lehentasun izango da.

Ildo berean, lankidetza eta aliantzen sarea sendotzen jarraituko da, tokiko, eskualdeko eta autonomia mailako eragileekin batera lan eginez, ekintzailetza, merkataritza eta enpresen lehiakortasuna bultzatzen jarraitzeko.

Azken batean, 2025ean lortutako emaitzek erakusten dute Behargintzak gaitasun handia duela baliabideak erakartzeko eta tokiko garapenean eragin zuzena izateko. 2026rako planteatutako erronkek, berriz, Bermeoren etorkizun ekonomiko eta soziala sendotzeko oinarri sendoak ezartzen dituzte.

31 / 03 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0