Albistea
Duela astebete agurtu genuen Xixili, eta horrekin amaitutzat eman ziren Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Aurtengo jaietan herritarren parte-hartze handia izan da nagusi, kaleak eta plazak bete egin dira ekitaldi gehienetan. Hala, Bermeoko Udalak jaien balorazio positiboa egin du; izan ere, euri tarteak egon arren, programatutako jarduera guztiak arrakastaz egin ahal izan dira.
Endika Etxebarria kultura zinegotziak herritarren inplikazioaren garrantzia nabarmendu du: “Egitarauan aurreikusitako jarduera guztiak egin ahal izan dira, eta horietan guztietan giro bikaina izan da. Gure jaiak betidanik izan dira oso parte-hartzaileak, herritarrak inplikatu egiten dira eta hori hitzordu bakoitzean ikus daiteke: kontzertuak, antzerkiak, kalejirak, protokolozko ekitaldiak... Kaleak jendez beteta egon dira”.
Kontzertuak izan dira jaien ardatz nagusietako bat, publikoaren harrera bikainarekin. Puro Relajo taldearen kontzertua nabarmendu da bereziki, domekaz izan arren, jendetza bildu baitzuen, eta jai hauetako unerik gogoratuenetako bat izango da askorentzat.
Antzerkietan, kalejiretan eta bestelako ekitaldi kultural eta tradizionaletan ere herritar ugari egon dira, jaien izaera parte-hartzailea berretsita.
Aurtengo berrikuntzetako bat Almikako Jaitsieraren antolaketa aldaketa izan da, aurten Jai batzordeak antolatu duena. Aldez aurretik izena emateko sistema bat ezarri zen parte hartzeko eta, hasieran zalantzak sortu baziren ere, erantzuna oso positiboa izan da, oso ondo joan da eta parte hartzea handia izan da.
Udalak eskerrak eman nahi dizkio Jai batzordeari, bai ekitaldi honetan bai beste askotan egindako lanagatik, eta gogorarazi du batzordea irekita dagoela ekarpenak egin nahi dituzten udalerriko pertsona eta elkarte guztientzat; hartara, herritarrak animatzen dira Jai batzordean parte hartzera.
Era berean, kultura zinegotziak Txosna batzordearen lana ere eskertu du, “elkarlanerako daukaten prestutasunagatik”. Dioenez, elkarlan hori “funtsezkoa” da jai osatuak lortzeko.
Datorren urtera begira, ekitaldiren baten baterako data aldaketaren bat egitea ondo legokeela uste da, adibidez, bertso saioa; irailaren 10ean egin da aurten, eta beste egun batean kokatu daitekeela uste da, jende gehiago erakartzeko, bertaratzen diren bertsolarien maila oso ona baita.
Aurten, gainera, ordu erdi aurreratu dira su artifizialen eta Xixiliren doluzko ibilbidearen ordutegiak. Herritarren aldetik oso ondo baloratu da ordu aldaketa, eta etorkizunean mantentzeko asmoa dago.
Puntu Morea
Puntu Morea lau egunez egon da martxan aurten, Lameran: irailaren 6, 9, 12 eta 13an. Batez ere, 20 eta 30 urte bitarteko gazteak hurbildu dira. Baliabide erabilgarria izan da, eta horrek agerian uzten du beharrezkoa dela espazio hori ikusgai eta irisgarri mantentzea. Baina hezitzaileekiko mespretxuzko jarrerak ere izan ziren, eta udalak irmoki salatzen ditu jarrera horiek.
Parte-hartze altuak, hondakinen hazkundea ere badakar, baina garbiketa-lanetan egindako ahaleginari esker, udalerria ia beti garbi eta baldintza onetan mantendu da. Hala ere, udaletik gogorarazi gura da herria garbi mantentzea herritar guztien ardura dela; “herria garbi eta baldintza egokietan mantentzea herritar guztien erantzukizuna da”.
Jai egun hauetan guztietan “ahalegin berezia” egiten duten udal langile guztien ahalegina nabarmendu eta eskertu nahi du udalak, haien isilpeko lana “funtsezkoa” baita jaien garapen egokirako: “Jai egun asko ditugu, euren lekuan egoten jakin dute, gertakarien aurrean ahal izan duten arinen erantzunez. Eskerrik asko bihotz bihotzez egindako lan guztiagatik”.