Albisteak

Albistea

Bigarren dohaintza, konpromiso bera: itsas tradizioa egoitzaren bihotzera eroatea

  • Sancti Spiritus Udal Zaharren egoitzak Jose Manuel Gabantxoren eskutik jaso du ‘Saregiñek’ margolana

Sancti Spiritus Udal Zaharren egoitzak Jose Manuel Gabantxo margolari bermeotarraren beste dohaintza bat jaso du. Itsasoan eta itsas tradizioan inspiratutako lanengatik ezaguna den artistak, oraingoan, Saregiñek izeneko margolana eman dio egoitzari.

2021ean sortutako lan honek Bermeoko portuko arrantzaleen eta saregileen eguneroko bizitza islatzen du, itsas jardunaren atzean dagoen lan isila eta komunitatearen indarra agerian utziz. Gabantxok ohiko duen moduan, kolore eta xehetasunen bidez, herriaren itsas izaera eta memoria kolektiboa margolan batean bildu ditu. Bere ekoizpena, gainera, aparteko zabaltasun eta jarraikortasunekoa da: arrantza-gaiei lotutako ehunka obra sortu ditu urteotan.

Ildo horretan, Julio Ruiz de Velascok arrantzale ohiaren ibilbide artistikoa bildu du. Argitalpen batean jaso ditu, arrantza-tematikako 50 eta 60 margolanen irudiak; horiek Gabantxoren bilduman dokumentatuta dauden 446 lanen artean aukeratu ditu. Xehetasun guztiekin bildu ditu lanok, eta herriaren ondare artistikoaren lekukotasun esanguratsua osatzen dute.

Dohaintza hau artistak egoitzari egiten dion bigarrena da. Izan ere, iaz Bermeoko enbarkazioak margolana eman zuen, eta hura ere egoitzako areto nagusian dago ikusgai. Bi lanek osatzen duten multzoak Bermeoren itsas historia, portuaren iraganeko pasarteak eta herriak itsasoarekin duen lotura estua gogorarazten dute.

Saregiñek margolana egoitzako areto nagusian jarriko da ikusgai, egoiliarrek eta bisitariek egunero gozatu ahal izan dezaten. Lan honek, espazioa edertzeaz gain, oroitzapenak, elkarrizketak eta bizipen partekatuak pizteko balio izango du, bereziki itsasoarekin lotura zuzena izan duten belaunaldien artean.

Gaur goizean, zaharren egoitzan bertan, Saregiñek margolana udal ondasunen barruan geratzen dela baieztatzeko dokumentua sinatu dute. Ekitaldian Bermeoko Udaleko ordezkariek, egoitzako arduradunek eta egoiliarrek parte hartu dute, eta guztiek eskerrak eman dizkiote margolariari bere eskuzabaltasunagatik eta herriarekin duen konpromiso irmoagatik.

Bermeoko Udalak eta Sancti Spiritus Udal Zaharren egoitzako komunitate osoak eskerrik beroenak eman nahi dizkiote Jose Manuel Gabantxori, egindako ekarpenagatik eta herriaren ondare artistikoa aberasten jarraitzeagatik.

23 / 02 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0