Albistea
-Herritarrek 2020rako aurrekontuaren gaineko prozesu parte-hartzailean herriko zenbait gunetan argiteria publikoan hobekuntzak egin behar zirela adierazi zuten eta Udalak lan horietako batzuk hasi ditu dagoeneko
-Guztira, hobekuntza hauek egiteko, aurten, 17.000 euroko inbertsioa egingo da
Bermeon, 2020ko urriaren 26an.- Bermeoko Udalak 2020ko aurrekontuak garatzeko prozesu parte hartzailea abiarazi zuen 2019ko abenduan. Helburua zen herritarren lehentasunak ezagutzea eta lehentasun horiek 2020ko aurrekontuaren exekuzioan islatzea. Bada, bermeotarrek, besteak beste, herriko argiteria publikoan zenbait hobekuntza egin behar zirela adierazi zuten eta Udala lan horietako batzuk egiten hasi da dagoeneko. Hobekuntza hauek egiteko 17.000 euroko inbertsioa egingo da urte honetan.
Hobekuntza-lanak, herritarrek adierazitako lehentasunak kontuan izanik, Almike bidean, Erreten Lameran, Traken eta Talan egingo dira. Kasu batzuetan, farolak tokiz aldatuko dira, besteetan, argi puntu gehiago jarriko dira eta, beste zenbaitetan, argiaren norabidea aldatuko da. Hori bai, lan hauek guztiek helburu bera izango dute: Bermeoko puntu horietan argiteria publikoa hobetzea, puntu ilunak ekiditze aldera. Lanak abenduaren hasierarako bukatuta egotea aurreikusten da.
Hobekuntza hauek Bermeoko Udal Gobernuak legealdi hasieran markatu zituen ardatz estrategiko birekin daude lotuta: ‘Bermeo argi’ eta ‘Bermeo segurua’ ardatzekin, hain zuzen ere. Izan ere, Udalaren helburu estrategikoetako bat da herriko eta herritarren bizi kalitatea hobetzea.