Albistea
Bermeok musika klasikoaren hitzordu nagusietako bat hartuko du beste behin ere. Abuztuaren 2tik 6ra bitartean egingo da Bermeoko XLI. Musika Astea, Bermeoko Udalak antolatuta, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Oizmendi Telebistaren laguntzarekin. Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira Santa Maria elizan eta sarrera doakoa izango da. Azken urteotan jaialdiaren agertoki nagusi bihurtu da Santa Maria eliza, bere akustika apartari esker.
Musika Astea Bermeoko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen egitarau zaharrena da, eta baita errotuenetakoa ere. Lau hamarkadatik gora daramatza kalitatezko musika-programazioa eskaintzen, eta urtez urte publikoaren babesa eta fideltasuna jaso ditu. Aurtengo edizioak ere estilo eta proposamen artistiko anitzak bilduko ditu, tokiko talentua eta nazioarteko erreferenteak uztartuz.
Musika Asteari hasiera berezia emango dio aurten Bermeoko Abesbatzak, bere 70. urteurrenaren ospakizunen baitan eskainiko duen kontzertuarekin. 1956an sortutako abesbatza herriko kultur ondarearen ezinbesteko erreferente bihurtu da, eta belaunaldiz belaunaldi musikarekiko zaletasuna eta euskal kantuaren transmisioa bizirik mantendu ditu. Bere ibilbidean ehunka emanaldi eskaini ditu Euskal Herrian eta kanpoan, bi disko argitaratu ditu eta herriko bizitza kulturalaren parte aktibo izan da beti. Urteurren berezi honetan, bere historia eta ekarpena ospatzeko aukera paregabea izango dute, Bakioko Abesbatzarekin eta Aiarako Musika Bandarekin batera eskainiko duten kontzertuan.
Abuztuaren 3an, Ahaire Eho Flute Quartet laukoteak hartuko du lekukoa. Lau emakume flautista dira taldea osatzen dutenak eta ohiko kontzertu-formatutik harago doazen proposamen artistikoak eskaintzen dituzte, musikaren bidez publikoarekin lotura emozionala sortzea helburu duten emanaldi murgiltzaileekin.
Musika Asteko nazioarteko hitzordu nagusietako bat izango da, zalantzarik gabe, Julian Kainrath biolin-jotzaileak eta Anton Gerzenberg pianistak eskainiko duten errezitala, abuztuaren 4an. Europako belaunaldi berriko interprete nabarmenen artean daude bi artistak. Kainrath nazioarteko jaialdi eta areto ospetsuenetan aritu da, eta 2022an International Classical Music Awards sarietako Discovery Award saria eskuratu zuen, gazte interpretatzaileentzako aitortzarik garrantzitsuenetako bat. Gerzenbergek, berriz, 2021ean irabazi zuen Zürich-eko Géza Anda Lehiaketa entzutetsua, eta 2024an Martha Argerich Steinway saria jaso zuen. Bi musikariek nazioarteko ibilbide oparoa eta aparteko maila artistikoa uztartzen dituzte, eta Bermeoko publikoak mundu mailako kalitateko kontzertu batez gozatzeko aukera izango du.
Abuztuaren 5ean, Aralar Quartet laukote nafarrak hartuko du Santa Maria eliza. Taldeak musika klasikoa publiko zabalari hurbiltzea du helburu, errepertorio klasikoa eta egungo proposamenak uztartuz, eta azken urteotan hainbat musika-ziklo eta jaialditan parte hartu du.
Musika Asteari amaiera emango dio, abuztuaren 6an, Silboberri txistu taldeak. Euskal musika garaikidearen berrikuntzan erreferente den elkarteak txistuaren aukera artistikoak zabaltzeko lan egin du sortu zenetik, eta nazioarteko jaialdi eta agertokietan erakutsi du euskal musika-tresna honek gaur egungo sorkuntzan duen indarra eta moldakortasuna. Silboberrik Bermeoko frantziskotarrekin bizi den Felix Ibarrondo konpositorearen bi pieza joko ditu Musika Astearen baitan eskainiko duen kontzertuan.
Bermeoko Nazioarteko Musika Asteak kultura eta komunitatea lotzen jarraitzen du urtez urte. Ehunka artistaren, milaka entzuleren eta herritarren parte-hartzeari esker, Bermeoko kultur egutegiko ezinbesteko hitzorduan bihurtu da. Horregatik, Bermeoko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu musikaz betetako aste berezi honetan parte hartzera eta nazioarteko zein bertako talentuaz gozatzera.