Albistea
Bermeok prest dauka XXXII. Arrain Azoka. Maiatzaren 22tik 24ra bitartean, itsasoari lotutako tradizioa, kultura eta zaporeak izango dira berriro ere herriko kale eta gune nagusietako ardatz. Urtez urte sendotu den hitzordu honek itsasoa eta arrantzaleen lana omendu nahi ditu, baina, aurten bereziki, itsasoaren zaintzaren eta jasangarritasunaren mezua lehen lerrora ekarriko du.
Itsasoa zaindu, bizia dastatu izango da aurtengo leloa. Ideia hori bera islatu nahi izan da kartel ofizialean ere: ume bat heldu baten sorbaldan, eta itsasoa bere kolore guztietan. Irudi horren bidez, belaunaldien arteko transmisioa, zaintza eta etorkizunarekiko ardura irudikatu nahi izan dira. Ildo beretik sortu da aurtengo ediziorako prestatu den bideoa ere, itsasoaren zaintza ardatz nagusi hartuta. Gaur aurkeztu da prentsaurrekoan, eta sare sozialen bidez zabaltzen hasiko da gaur bertan. Antolakuntzak eskerrak eman nahi izan dizkio Arriguriri egindako lanagatik.
Arrain Azokak arrantza eta gastronomia uztartu izan ditu betidanik, baina azken urteotan gastronomiak protagonismo handiagoa hartu duela azpimarratu dute antolatzaileek. Horregatik, aurtengo edizioan itsasoaren zaintza, konpromisoa eta arrantzaren inguruko kontzientzia berreskuratu nahi izan dira, azokaren ardatz nagusietako bat bihurtuz.
“Gure nortasunaren eta itsas ondarearen erakusleiho nagusia”
Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk azpimarratu du Arrain Azoka herriko ekitaldi nagusietako bat dela: “Gure produktuen, kulturaren eta nortasunaren erakusleiho onena da. Harro gaude gure kontserbak eta itsas ondarea erakusteaz, eta, era berean, mahoizko arropa jantzita udako jai-denboraldiari hasiera ematea gustatzen zaigu. Arrain Azoka kulturaren eta ekonomiaren aldeko apustu sendoa da”.
Aurtengo edizioan 20 erakustoki egongo dira, eta bertan enpresek eta erakundeek euren produktuak eskainiko dituzte herritarrek eta bisitariek dastatu eta erosteko aukera izan dezaten. Aurten, gainera, tokiko artisauentzako lekua ere izango da azokan.
Arrain mundua gertutik ezagutzeko aukera zabala eskainiko da hiru egunetan zehar, ordutegi jarraituarekin:
Alkateak gogorarazi gura izan du aurtengo XXIX. Hegaluze Saria Bermeoko Nautika Eskolak jasoko duela. Aitortza horren bidez, arrantza munduan prestakuntzak duen funtsezko garrantzia nabarmendu nahi da, baita Bermeoko Nautika Eskolak azken 50 urteotan egindako ekarpen esanguratsua ere.
Sari banaketa maiatzaren 22an egingo da, inaugurazio ekitaldiaren baitan, eta ekitaldi horrek emango dio hasiera Bermeoko agenda sozioekonomiko eta kulturaleko hitzordu garrantzitsuenetako bati.
Berritasun ugari
Maite Caruezo Ugalde Garapen Ekonomikoko zinegotziak azaldu duenez, aurtengo programazioak berrikuntza ugari izango ditu, ohiko jarduerekin batera.
Eusko Jaurlaritzaren Aztertu programak protagonismo berezia izango du aurten Arrain Azokan. Tailer eta esperientzia didaktikoak antolatuko dira itsas ingurunea ezagutzeko eta zaintzaren garrantziaz hausnartzeko.
Bariku goizean Bermeoko ikastetxeekin egingo den Itsasoko laborategia tailerrean, inguruko ura aztertuko dute parte-hartzaileek, koloreen bidez uraren osasuna ezagutzeko.
Bestalde, zapatuan eta domekan, 11:00etatik 13:30era, Itsaso osasuntsu baten zentzumenak izeneko jarduera egingo da. Familiei zuzendutako esperientzia honetan, kostaldeko materialak aztertzeko aukera izango dute parte-hartzaileek, zentzumenak erabiliz eta esperimentu txiki baten bidez ura osasuntsu dagoen egiaztatuz. Jarduera adin guztietarako izango da, nahiz eta 14 urtetik beherakoek helduen laguntza beharko duten.
Horrez gain, gaurtik aurrera, Nestor Basterretxea aretoan ikusgai egongo da Itsasoaren Sekretuak Azterkostaren erakusketa.
Ordutegiak honako hauek izango dira:
POP-UP KRESALTSUA: tokiko talentua eta itsas inspirazioa batuta
Saiakera berrien bila eta azokaren etorkizuneko bideak aztertzeko asmoz, aurten Pop-up Kresaltsua izeneko gune berria sortu da.
Bertan, bertoko zortzi artisauk parte hartuko dute. Eskuz egindako sorkuntza bereziak izango dira protagonista, itsas arimadun piezen bidez tokiko talentua eta hurbileko merkataritza balioan jarriz. “Bermeo, itsasoa tradizio bihurtzen den lekua eta artea olatu bakoitzean aurkitzen dena izango da espazio berri honen espiritua”, adierazi du Caruezok.
Arrain Azokaren bihotza: herriko taldeak eta eguneroko klasikoak
Bermeo Tuna World Capitalek (BTWC) ere bere lekua izango du Arrain Azokan, Urdaibaiko Esentziekin elkarlanean. Gastronomiari lotuta, zapatuan eta domekan, 12:00etan, Lamerako karpa handian, dastaketa bereziak egingo dira: hiru atun edo hegaluze pintxo eta Urdaibaiko hiru txakolin dastatzeko aukera izango da, kalitatean, historian, balioetan eta jasangarritasunean oinarritutako esperientzia gastronomiko baten bidez. Tiketen salmentak “oso arrakastatsuak” izan dira, eta ia denak salduta daude.
Urtero bezala, aurten ere ez dira faltako Arrain Azokako jarduera klasikoenak: arrain salmenta itxurak, Nautika Eskolako nabigazio-simulagailura bisitak, Hegaluze eta Taho itsasontzietan irteerak, Arrantzaleen Museora doako sarrera…
Horrez gain, herriko kirol eta kultur taldeek protagonismo berezia izango dute berriro ere. Fanfarreak, dantza taldeak, danborradak, txistulariak, trikitilariak, erraldoiak eta gaiteroak kalez kale ibiliko dira, Arrain Azokako giro berezia indartuz. Kirol ekitaldiek ere lekua izango dute programazioan, pilota eta zesta partidekin, herriko nortasuna eta tradizioa agerian utziz.
Caruezok eskerrak eman dizkie herriko kirol eta kultur talde guztiei:
“Zuek barik, ez ginateke ezer. Eskerrik asko zuen konpromisoagatik eta Arrain Azokako egitaraua osatzeko egindako lanagatik”. Era berean, talde horiek Bermeoko nortasuna erakusteko egiten duten ekarpena nabarmendu du.
Elkartasuna, Arrain Azokaren ezinbesteko osagaia
Elkartasunak ere leku berezia izango du, beste behin ere, aurtengo Arrain Azokan. Horretarako, Lamerako karpan Solidaritza Gunea kokatuko da berriro ere.
Bertan, marmitakoa eta hegaluze errea dastatzeko aukera izango da, boluntarioen laguntzari esker. Herriko kultur, kirol eta gizarte taldeek, ikastetxeek eta gainerako partaideek egingo dute posible ekimen solidario hau. Bildutako dirua Bermeoko 6 eta 12 urte arteko umeen tratamenduetara bideratuko da, Osakidetzak estaltzen ez dituen beharrei erantzuteko.
Etxera eramateko asmoa duten pertsonei ontzi propioa ekartzeko eskatu zaie.
Ordutegia honakoa izango da:
Herritarren eta bisitarien ardura
Arrain Azokaren ospakizuna dela eta, Portuzarra, Lamera, Ispizua Tar Segundo eta Prantzisko Deuna arteko eremuan zirkulazioa murriztuko da.
Horregatik, herritarrei ibilgailuen erabilera ahalik eta gehien murrizteko eskatu zaie, eta bisitariei, berriz, Bermeora etortzeko garraio publikoa erabiltzeko deia egin zaie.
Era berean, antolakuntzak herritarrei eta bisitariei eskatu die erosketak egiteko bakoitzak bere poltsak erabiltzea eta herrian zehar jarritako zaborrontziak erabiltzea, herria garbi mantentzeko eta ingurumenarekiko arduratsu jokatzeko.
Horrez gain, lehen sorospeneko zerbitzua egongo da hiru egunetan Turismo Bulegoan, eta, zapatuan, Puntu Morea jarriko da 20:00etatik 01:00etara, Portuzarran.
Ainhoa Elortegi BBK-ko Ingurumen arloko arduradunak ere Arrain Azokaren balioa nabarmendu du: “BBKn ia 50 urte daramatzagu Bizkaiko azokak babesten, eta urte guztiotan gauza bat argi ikasi dugu: tradizioak gure komunitatea sendotzen duela. Sasoiko produktuak, tokiko ekoizleak eta itsasoarekiko errespetua ez dira kontzeptu hutsak; gure bizimoduaren parte dira, gure nortasunaren oinarri”.
Egitarau zabala eta hiru eguneko itsas esperientzia osoa
XXXII. Arrain Azokaren egitaraua oso zabala izango da, eta antolatzaileek gogorarazi dute programa osoa eta eguneraketak jarraitu ahal izango direla www.bizibermeo.eus webgunean eta Arrain Azokaren sare sozialetan.
Azkenik, Bermeoko alkateak eskerrak eman dizkie Arrain Azoka posible egiten duten pertsona, talde eta erakunde guztiei, eta herritar zein bisitari guztiak gonbidatu ditu ekimenetan parte hartzera: “Ez galdu aukera eta zatozte itsasoaren zaporea dastatzera eta bizitzera”.