Albistea
Bermeoko Udalak, Behargintzaren bitartez, herriko merkataritza indartzeko udazkeneko kanpaina hasiko du bihar: Bertokoa dalako… Bermeon erosi. Azaroaren 26ra arte egongo da indarrean kanpaina, eta herritarrak herrian bertan erostera animatzea du helburu, tokiko merkataritzak jarduera ekonomikoan eta herriko bizi-kalitatean duen garrantzia nabarmenduz.
Bermeoko 60 establezimendu inguruk parte hartuko dute kanpainan. Mota askotako saltokiak izango dira: harategiak, arropa-dendak, botikak, etxetresna elektrikoen dendak, liburu-dendak, oinetako-dendak, osagarri-dendak, optikak, janari-dendak, koltxoi-dendak, ortopedia-dendak, etxerako osagarrien dendak, informatika-establezimenduak, artisautza-saltokiak…
Erosketak egiteagatik, sariak eskuratzeko aukera
Kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan 20 euroko erosketa egiten duten bezeroek harraskatzeko txartel bana jasoko dute. Guztira, 3.000 txartel banatuko dira, eta hirutik batek saria izango du: 10 edo 20 euroko sariak, erosketa egin den saltoki berean gastatzeko. Sariak erabiltzeko epea abenduaren 10era artekoa izango da.
Saririk lortzen ez duten txartelak ere gorde ahal izango dira, Gabon azokan egingo den zozketan parte hartzeko. Horretarako, kanpainarekin bat egin duten saltokietan kutxak jarriko dira, txartel horiek bertan uzteko. Zozketako saria udazkeneko kanpainan parte hartu duten establezimenduek emandako sariekin egingo da.
Kanpainan parte hartzen duten dendak identifikatzeko, ekimenaren kartela egongo da ikusgai establezimenduetan.
Herriko merkataritza, herriaren bizitasunaren oinarri
Ekimenaren bidez, Bermeoko Udalak bezeroak fidelizatu eta herriko saltokien salmentak handitu nahi ditu, tokiko merkataritzak Bermeoko eguneroko bizitzan duen garrantzia ere azpimarratuz. Izan ere, saltokiek jarduera ekonomikoa sortzeaz gain, herriko kaleak bizirik mantentzen eta bertako bizi-kalitatea indartzen laguntzen dute.
Horregatik, udalak herritarrak gonbidatzen ditu herrian bertan erostera eta konfiantzazko tokiko saltokien alde egitera. Bermeon erosteak herriaren esentzia bizirik mantentzen laguntzen du, eta elkar zaintzeko modu bat ere bada: Bertokoa dalako… Bermeon erosi!
Udazkeneko kanpainaren ondoren, ekimenak jarraipena izango du Gabon sasoian, herriko merkataritzari laguntzen eta herrian erosteko ohiturari jarraitzeko.