Albistea
2025eko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako kartel lehiaketara aurkezteko epea zabaldu da, eta interesa daukatenek uztailaren 18ko 14:00ak arte aurkeztu ahalko dituzte kartel proposamenak.
Kartelak Bermeoko jaietako adierazle izan beharko du. Horretarako, honako ezaugarri hauek hartuko dira kontuan: jai herrikoiak eta herritarrentzat izatea, parte-hartzaile eta sortzaileak, euskaldunak, feministak, solidarioak eta ekologistak. Horrez gain, kartelak, testu hau izan beharko du derrigorrez: ‘BERMEOKO JAIAK 2025 Irailaren 7tik 16ra’.
Lanak, derrigorrez, 50x70 cm-koak izan behar dira (formatu bertikalean), eta gura den beste kolore erabiltzeaz gain, edozein teknika erabili daiteke. Lanak bi modutara aurkez daitezke: bereizmen handiko PDF formatuan edo euskarri gogorrean.
Aurten, lehiaketaren oinarrietan puntu berri bat gehitu da. Hala, egileak kartelaren sorkuntzan adimen artifizialeko sistemaren bat erabiliko balu, kartela aurkezterakoan horren berri eman beharko luke sarrera erregistroan. Neurri honen bidez, sormen prozesuaren gardentasuna bermatu gura da, eta lehiaketa testuinguru teknologiko berrietara egokitu.
Kartel proposamenak Berhaz bulegoan (astelehenetik barikura, 08:00etatik 14:30era) edo Bermeoko Udaleko egoitza elektronikoan aurkez daitezke.
Epaimahaia 9 kidek osatuko dute, eta emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango da: Udalean dauden alderdietako kide bana, artearen edota diseinu grafikoaren alor inguruko 2 pertsona, Jai Batzordeko 2 ordezkari, mugimendu feministako ordezkari 1 eta gazte 1. Epaimahaiak kartel guztiak ikusiko ditu, eta lan onenen artean finalistak aukeratuko ditu.
Lanak aukeratzerako orduan honakoak izango dituzte kontuan: proposamenen estetika, Bermeoren izaera islatzea, baloreak kontuan izatea eta originaltasuna.
Herritarrena azken hitza
Aukeratutako kartel finalistak uztailaren 28tik 30era bitartean egongo dira ikusgai Bermeoko Udalaren webgunean, udalaren sare sozialetan eta Gizarte eta Kultura Etxean. Ondoren, irabazlea aukeratzeko prozesua herritarrei zabalduko zaie modu bitan: Gizarte eta Kultura Etxean jarriko den kutxan botoa emanez edo Internet bidez. Pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du. Kutxan jasotako botoek %70eko balioa izango dute eta Internet bidez jasotakoek %30. Irabazlea puntuazio gehien jasotzen duen kartela izango da. Lan irabazlea zein den abuztuaren 1ean jakinaraziko da.
Sari bakarra egongo da, 600 eurokoa. Sarituak izan ez diren lanak abuztuan eta irailean batu ahalko dira. Lehiaketan parte hartzeak, baldintza guztiak onartzen direla esan gura du.
Argibide gehiago nahi dutenek, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean (Irakaskintza 14 -16. Tel.: 94 617 91 57; kultura@bermeo.eus) jaso ahal izango dituzte. Horrez gain, oinarriak www.bermeo.eus webgunean ikus daitezke.
Bermeoko Udalak herritarrak deitzen ditu Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako kartel lehiaketan parte hartzera.