Albistea
· Bermeoko arduradun politikoek eta udal langileek Euskaraldiarekin bat egiten dutela adierazteko familia argazkia egin da gaur, Euskaraldiaren lehenengo egunean.
· Udal langileak protagonista diren 3 bideo labur ere egin dira, sare sozialen bitartez zabalduko direnak.
Bermeoko Udalak oraingoan ere bat egin du Euskaraldiarekin, eta Gure Bihotzaren Taupadak abestiak dioen moduan, guk euskaldunok, elkarrekin mundua alda dezakegu, hitzez hitz. Euskara eginez eta pausoz pauso berreraiki behar dugu euskararen eta gure herriaren etorkizuna.
Udalak gogoratu gura du oraingo honetan, Euskaraldiaren helburu nagusia hizkuntza-ohituren inertziak astintzea eta herritarrek euskara gehiago erabiltzeko urratsak eman eta euskaraz bizitzeko aukerak eta neurriak sustatzea dela. Horrez gain, modu kolektibo eta sozial batean, tokian tokiko euskalgintza aktibatzea eta elkarlanean aritzea ahalbidetzen du Euskaraldiak, euskaraz bizitzea posible egingo duten neurriak eta espazioak sortuz.
Euskaraldiaren helburuarekin bat egiten du udalak eta orain arte egindako ibilbidean ikusten den bezala, aurrerantzean ere horretan ahaleginduko da Bermeoko Udala bere eragin eremuan eman ahal dituen urratsez baliatuz.
Horretarako, udalaren inplikazioaz gain, herritarren inplikazioa ere behar da. Euskaraldiak iraungo dituen 11 egunean ez ezik, aurrerantzean ere egun horietan hartutako indarrei eta dinamikei jarraipena emateko deia egiten dugu Bermeoko Udaletik, bai Belarriprest, zein Ahobizi moduan.
Udal barruan zein herritarren eta udalaren arteko harremanetan euskararen erabilera indartzen jarraitu gura da. Beraz, helburua herritarrekiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematen jarraitzea da, eta euskararen normalizazioan ibilbide luzea eginda badago ere, oraindik orain badu bidea egiteko eta aurrera begirako erronkak ere badira. Horretarako, besteak beste, Euskaraldiarekin baliatuko da, apurka-apurka euskararen normalizazioan pausuak ematen jarraitzeko.
Keinu txikiek berebiziko garrantzia dute zentzu horretan; lehenengo berba euskaraz egiteak edo lidergo bat erakusteak adibidez,ezinbesteko garrantzia du ohiturak eta inertziak aldarazteko. Hori guztia elkar mugituz eta elkarreraginez egiten bada, gauza asko alda daitezke, bai norbanakoaren hizkuntza ohituretan, zein talde edo kolektibo mailan. Hori adierazi gura dute Bermeoko arduradun politikoek eta udal langileek Euskaraldiarekin bat egiten dutela adierazteko egindako familia argazkiaren bidez. Horrez gain, langileak protagonista diren 3 bideo labur egin dira, sare sozialen bidez elkarbanatuko direnak. Lehenengoa gaur bertan zabaldu da, Euskaraldiaren lehenengo egunarekin batera, eta beste biak datozen astean zabalduko dira.
Norbere buruarengan eta talde mailan erronka zehatzak hartzeko momentua da, hizkuntza ohiturak aldatze aldera, nork bere testuingurura egokitutako urratsen bidez lortuko baitira emaitza sozialak. Izan ere, parte hartzea indibiduala izan arren, ariketa ahalik eta kolektiboena izatea da helburua. Beraz, udalak herritar guztiei dei egiten die Ahobizi eta Belarriprest txapak jarri eta euskara kalean, lanean, elkarteetan, enpresetan… zein leku guztietan egiteko. Bermeon, 1.663 pertsona daude Euskaraldian izena emanda 1.420 Ahobizi eta 243 Belarriprest, beraz, ez ahaztu zuen txapak jartzea.
Euskara erdigunera ekarri gura da egun hauetan, autoestimua eta irudi kolektiboa sendotzeko, eta, aldi berean, Bermeoren identitatearen ezinbesteko elementua den euskara indartzeko. Euskaraldia, beraz, udal mailan, entitate mailan, zein bakoitzaren ingurune hurbilean (familian, lagunartean, lankideekin...), eta bai testuinguru sozial arruntean (dendetan, erakundeetan...) baldintza egokiagoak sortzeko aukera ezin hobea da, urratsak ematen jarraitzeko. Eta gure hamaikako Irune Astiazaran Allikak esan bezala, “guztiok gara euskararen etorkizuna”.