Albisteak

Albistea

Jazzber jaialdiak kalitatezko jazza dakar Bermeora uztailaren 1etik 3ra

  • Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz Kultur Taldeak antolatutako jaialdiak hiru kontzertu eskainiko ditu Kafe Antzokian, doan, jazz garaikidearen eta sormenaren aldeko apustu sendoa berretsiz

Bermeo jazzaren topagune bihurtuko da, berriro ere, uztailaren 1etik 3ra bitartean, Jazzber jaialdiaren edizio berriari esker. Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz Kultur Taldeak elkarlanean antolatutako ekimenak kalitatezko jazzaren aldeko konpromisoa sendotuko du, eta hiru kontzertu eskainiko ditu Bermeoko Kafe Antzokian, 20:30ean, sarrera doan dela.

Jaialdiak generoaren aniztasuna eta gaur egungo joerak erakutsiko ditu, Euskal Herriko zein nazioarteko musikarien proposamenekin. Jazzberrek, urteetan zehar, erreferentziazko hitzordua izatea lortu du eskualdean, eta aurten ere musikazaleei esperientzia aberatsa eta kalitate artistiko handikoa eskaintzeko prest dator.

Jazzber jaialdiaren helburua da jazz musika herritarrengana hurbiltzea, zaletasuna eta ezagutza sustatzea, eta genero horretako joera berriak ezagutaraztea.

Egitaraua honakoa izango da:

Uztailak 1, eguaztena: Itxaso Quartet – “Gaztelugatxe”

Itxaso Quartet taldeak “Gaztelugatxe” aurkeztuko du, Moskito Rekords zigiluarekin argitaratutako Itxasoren bakarkako bigarren lana. Albumak artista bizkaitarraren unibertso musikalera hurbiltzen gaitu, leku ezagun eta intimo batetik abiatuta.

Zortzi kantuz osatutako disko honetan, ahots handien errepertorioko abestiei heltzen die Itxasok, besteak beste, Abbey Lincolnen Throw it away edo Marilyn Bergman, Alan Bergman eta Johnny Mandelek osatutako Solitary moon piezari. Horrez gain, Mikel Laboa, Juan Carlos Perez eta Natxo de Feliperen abestiak ere jasotzen ditu: Gure hitzak, Lau teilatu eta Gaztelugatxe. Bertsioek jatorrizko piezen esentzia gordetzen dute, baina ikuspegi berritu eta freskoarekin.

Uztailak 2, eguena: Frame

Frame, 2025ean Bolonian sortutako jazz laukotea da. Taldekideek Boloniako Kontserbatorioan egin zuten lehen topaketa, eta ordutik aurrera agerian geratu ziren elkarren arteko kidetasun musikal eta emozionalak.

Taldearen proposamenak entzulea soinu-paisaia berrietara eroatea du helburu, non inprobisazioa, soinua eta elkarreragina diren oinarrizko elementuak. Jatorrizko konposizioen bidez, jazzaren tradizioari eusten diote, baina aldi berean musika modernoekin lotura berriak eta bestelako adierazpideak esploratzen dituzte.

Framek soul-jazza eta free-a, groove-a eta hard bop-a uztartzen ditu, dinamika erritmiko handiko eta aberastasun harmonikoko proposamen sortzaile eta indartsua osatuz.

Uztailak 3, barikua: Saul Andreu Quartet

Saul Andreu Quartet lau lagun eta musikariren arteko elkarlanetik sortutako taldea da. Haien konposizio propioen eta sormenaren bidez, musikaren bitartez hitzek adierazi ezin dutena transmititzeko gai dira.

Taldekideen arteko konexioak entzulea erraz murgiltzen du proposamen musikalaren barruan, eta jazzaren inguruko hainbat eragin uztartzen dituzte: funky-a, soul-a, musika latindarra eta erritmo afro-kubatarrak, besteak beste.

Jazzber jaialdiak, beraz, aukera paregabea eskaintzen du jazzaren lengoaia ezagutzeko, joera berriak deskubritzeko eta zuzeneko musikaz gozatzeko. Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz Kultur Taldeak herritar guztiak gonbidatzen dituzte hiru egun hauetan Kafe Antzokira hurbildu eta kalitatezko jazzaz gozatzera.

Bermeoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie urte hauetan guztietan jaialdia posible egin duten antolatzaile, laguntzaile eta parte-hartzaile guztiei.

26 / 06 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0