Albistea
Bermeoko Udalak hondakinen kudeaketa hobetzeko eta herritarren artean birziklatzearen garrantzia sustatzeko sentsibilizazio-kanpaina jarri du martxan. Ekimenaren bidez, hondakinen gaikako bilketari buruzko informazioa zabaldu nahi da, hondakin organikoen bereizketan arreta handiagoa jarrita eta, era berean, hondakinen bilketarako tasa berrien zergatiak eta nondik norakoak azaltzen dira.
Udalak antzeman du herrian sortzen diren hondakinen zati handi bat ez dela behar bezala bereizten eta, ondorioz, birziklatu beharrean errefusaren edukiontzira botatzen dela. Horrez gain, kezka sortzen dute hondakinak kalean eta leku desegokietan uzteko jokabideek ere, herriko garbitasunari eta irudiari zuzenean eragiten baitiete. Hondakinak behar ez diren tokietan uzteak eta behar bezala ez sailkatzeak ingurumenari kalte egiteaz gain, bilketa eta kudeaketa kostuak handitzen ditu.
Kostu horiei aurre egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Estatuko lege berriak ezartzen du hondakinen kudeaketaren kostu osoa tasen bidez estali behar dela. Betebehar horrek eragina izan du hondakinen bilketarako tasetan. Testuinguru horretan, udalak herritarrei azaltzen die hondakinen kudeaketa guztion ardura dela, eta bakoitzak eguneroko ohituretan egin ditzakeen aldaketek eragin zuzena dutela bai ingurumenaren zaintzan, bai zerbitzuaren kostuan. Izan ere, hondakinak behar bezala sailkatzea eta kaleak garbi mantentzea dira hondakinen kudeaketaren kostua murrizteko eta, horrenbestez, tasa txikiagoak ordaintzeko bide nagusiak.
Horrez gain, udaletik jakitera eman nahi da, epe ertainera, errefusaren edukiontzia txartel bidez bakarrik zabaldu ahal izango dela.
Kanpainaren helburu nagusietako bat Bermeoko birziklatze-tasa handitzea da. 2024an %27koa izan zen, eta legeak ezarritako helburuetara iristeko hobekuntza nabarmena behar da. Horretarako, hondakinak behar bezala bereiztearen garrantzia azpimarratzen da, arreta berezia jarrita hondakin organikoen gaikako bilketan. Izan ere, hondakin organikoak behar bezala bereizteak nabarmen laguntzen du birziklatze-tasa handitzen. Era berean, gainerako hondakinak dagokien edukiontzian uzteko jarraibideak gogorarazten dira: edukiontzi berdea, horia, urdina eta gainerako bilketa-lerroak.
Bi ekimen, herritar guztiengana iristeko
Kanpainak bi jarduera nagusi ditu. Lehenik eta behin, aste honetan 8.000 esku-orri informatibo banatzen ari dira hiriguneko etxebizitza guztietako postontzietan, eta honako eduki hauek jasotzen ditu:
Bigarrenik, bi ingurumen-hezitzaile ibiliko dira etxez etxe, herritarrei informazioa zuzenean emateko. Bisiten bidez, hondakinen bereizketari buruzko zalantzak argituko dituzte, oraindik gaikako bilketan parte hartzen ez duten familien parte-hartzea bultzatuko dute eta hondakinen tasen inguruko azalpenak ere emango dituzte.
Hezitzaileak behar bezala identifikatuta joango dira, eta emango duten informazioa udaleko teknikariekin koordinatuta dago. Helburua ahalik eta etxebizitza gehienetara iristea da, herritar guztiek hondakinen kudeaketa hobetzeko behar duten informazioa eskura izan dezaten.
Udalak gogorarazten du hondakinen kudeaketa guztion ardura dela eta herritar bakoitzaren eguneroko ohiturek eragin zuzena dutela. Hondakinak behar bezala bereiztea eta kaleak garbi mantentzea ez da lan zaila, baina guztion konpromisoa behar da. Horri esker, Bermeo garbiago eta zainduago bat lortzeaz gain, ingurumenari mesede egin eta hondakinen kudeaketaren kostua murriztu daiteke.