Albistea
Bermeoko Udalak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Barne Plana onartu du azken osoko bilkuran. Plana aho batez onartu da, EH Bildu, Guzan eta EAJren aldeko botoekin.
2026tik 2029ra bitartean indarrean egongo den plan honek udalaren barne-antolaketan berdintasuna, aukera-berdintasuna eta diskriminaziorik eza modu sistematikoan txertatzea du xede. Horretarako, udaleko egoeraren diagnostiko zehatz batetik abiatuta, neurri multzo ordenatua jasotzen du, lan-esparru guztietan eragin zuzena izango duena.
Plana udaleko egoeraren diagnostiko sakon batetik abiatuta landu da, eta agerian uzten du parekotasun estatistikoa ez dela nahikoa benetako berdintasuna bermatzeko. Horren aurrean, planak neurri zehatzak jasotzen ditu, besteak beste, lanpostuen segregazioari aurre egiteko, soldata-arrakalak identifikatu eta zuzentzeko, kontziliazio-neurriak indartzeko, jazarpen egoerak prebenitzeko eta lan-ingurune seguru eta errespetuzkoa bermatzeko.
Berdintasunerako Barne Planak zaintza-lanen balioa eta horiek historikoki emakumeen gain jarri izanak sortu dituen ondorioak ere kontuan hartzen ditu. Horregatik, pertsonen kudeaketan genero-ikuspegia txertatzea ez ezik, lanaren antolaketa, denboren kudeaketa eta arduren banaketa bidezkoagoa sustatzea du helburu, administrazioaren barruan eredu eraldatzaile bat eraikitzeko.
Udalaren arabera, planak onura zuzena dakar bai langileentzat bai erakundearentzat: lan-giro osasungarriagoa eta bidezkoagoa sortzen du, erabakiak hartzeko modua hobetzen du eta administrazio publiko gisa erantzukizun politikoa eta soziala indartzen ditu. Era berean, genero-ikuspegia barneratzeak herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak ere hobetzen ditu, arreta bidezkoagoa, sentikorragoa eta inklusiboagoa bermatuz.
Endika Etxebarria Telleria Langileriako zinegotziak nabarmendu du planaren onarpena udalaren konpromiso feministaren adierazle argia dela: “Berdintasunerako Barne Plan hau aho batez onartu izana adostasun politiko zabalaren isla da, baina batez ere konpromiso partekatu baten seinale: berdintasuna eta justizia soziala administrazioaren eguneroko jardunaren erdigunean jartzekoa. Ikuspegi feministatik lan egiteak aukera ematen digu lan-ingurune bidezkoagoa eraikitzeko eta, aldi berean, herritarrei eskaintzen dizkiegun zerbitzuak hobetzeko”.
Plana langileen ordezkariekin elkarlanean adostu da, eta haren garapena bermatzeko jarraipen- eta ebaluazio-mekanismo zehatzak aurreikusi dira. Helburua da Berdintasunerako Barne Plana tresna bizia eta eraldatzailea izatea, erakundearen eguneroko praktikan eragina izango duena eta etorkizuneko erronkei erantzuteko balioko duena.