Albistea
Bermeoko Herri Eskolak bere jolastoki berritzailea aurkeztu du gaur egindako prentsaurrekoan. Ekimen hau iazko udal aurrekontu parte-hartzaileetatik bideratutako 50.000 euroei esker gauzatu da, eta Herri Eskolako Familia Elkartearen ekarpen ekonomikoarekin osatu da, espazioa are funtzionalago eta komunitarioagoa izan dadin.
Prentsaurrekoan Bermeoko Herri Eskolako ordezkariek, Familia Elkarteak eta Bermeoko Udalak parte hartu dute, jolastokiaren berrikuntza ez ezik, eskolak azken urteotan hartu duen bide pedagogiko eta komunitarioa ere agerian utziz.
Xabier Ortuzar Butron alkateordeak adierazi du Bermeoko Herri Eskolako jolastoki berritua harreman eta elkarlan iraunkor baten emaitza dela. Ortuzarren hitzetan, udal gobernuak hasieratik izan du harreman estua eskolako zuzendaritzarekin, bai aurreko zuzendaritza-taldearekin, bai egungoarekin ere, “elkarrizketan eta konfiantzan oinarritutako lan-dinamika” sustatuz.
Aurretik sortutako lan-mahaia balioan jarri da, iazko aurrekontu parte-hartzaileen emaitzen ostean, proiektuari forma emateko funtsezko tresna izan delako. Zinegotziaren esanetan, “mahai hori oso positiboa izan da, elkarlanerako bidea eman duelako eta eragile guztiek —udala, eskola eta familiak— norabide berean lan egiteko aukera eskaini duelako”.
Bestalde, alkateordeak gogorarazi du Bermeoko Herri Eskola udalaren jabetzako eraikina dela, eta, horregatik, beste udal eraikinekin egiten den moduan, espazio horiek zaintzea, egokitzea eta balioan jartzea udalaren ardura eta konpromisoa dela. Ildo horretan, patioaren berrikuntza udal ondarea hobetzeko eta herritarren zerbitzura jartzeko urrats gisa ulertzen dela azpimarratu du.
Ibilbidea, eraldaketa eta ongizatea
Bermeoko Herri Eskolako zuzendaritzatik azpimarratu dute gaurkoa egun berezia dela ikastetxearentzat, patio inklusiboaren lehen fasea aurkezteaz gain, eskola hobe bat eraikitzeko konpromisoa berritzen dutelako. Jolastoki berritua “ez da obra isolatu bat”, baizik eta ikasleen ongizatea, bizikidetza eta ikaskuntza uztartzen dituen hezkuntza-proiektu zabalago baten parte.
Zuzendaritzak gogorarazi du eskolak ibilbide luzea duela eta duela hiru urte, 50. urteurrenean, Hegaluze saria jaso zuela, urteetan egindako lanaren aitortza gisa. Horregatik, eskerrak eman dizkie urteetan eskola aurrera eraman duten zuzendaritza-taldeei, irakasleei, hezitzaileei eta langile guztiei, euren lanari eta ilusioari esker Bermeoko Herri Eskola belaunaldi askorentzat erreferente eta bigarren etxe izan delako.
Halaber, nabarmendu dute eskola hau publikoa, euskalduna eta herrikoa izan dela beti, eta horrela izaten jarraituko duela, bermeotar askori euskal kulturan murgiltzeko aukera eskainiz.
Ikasle guztien arrakasta helburu
Egungo erronkei erantzuteko, Bermeoko Herri Eskolak azken urteotan hainbat proiektu estrategiko jarri ditu martxan, helburu argi batekin: ikasle guztien arrakasta eta ongizatea bermatzea. Ildo horretan, eskola Eraldatzen programan murgilduta dago, inklusioa, berdintasuna, ekitatea eta hezkuntza-kalitatea ardatz hartuta.
Era berean, STEAM eta ADI programen bidez, ikasleen pentsamendu kritikoa, konpetentzia digitalak eta sormena lantzen dira, betiere genero-berdintasuna, jasangarritasuna eta herritartasun arduratsua sustatuz. Programa horien barruan, eskolak negutegia eta barne-ortuak jarri ditu martxan, baita Haur Hezkuntzarako zientzia gela berria ere.
Irakurketaren sustapena eta ongizate emozionala ere lehentasunezko ardatzak dira. Hala, irakurketa plana berritu da, liburutegi berriak sortzen ari dira, eta esku-hartze terapeutikoa txertatu da ikasleen beharrak hobeto artatzeko.
Testuinguru horretan kokatzen da jolastoki inklusiboaren proiektua, ikasle, irakasle eta familien ongizatea eta bizikidetza positiboa sustatzeko espazio gisa. Proiektua garatzeko, lan-talde misto bat osatu da, zuzendaritza, Familia Elkartea eta Bermeoko Udala elkarlanean, eta eskolako diagnostikotik abiatuta “Hiritik At” proiektua aukeratu da jolastokiaren diseinua egiteko.
Zuzendaritzaren esanetan, jolastoki berrituak eskola eraldatzen jarraitzeko tresna izan nahi du, jolasa, ikaskuntza eta inklusioa uztartzen dituen espazio bizi eta komunitario gisa.
Komunitatea eta identitate berria
Familia Elkarteak ere parte hartu du gaurko prentsaurrekoan, eta azpimarratu dute obra hau ez dela lan fisiko bat bakarrik, baizik eta eskola-proiektu oso baten adierazpena. Jolastokiaren erdigunean dagoen irudiak eskolaren balio pedagogikoak, ume bakoitzaren etorkizunari begirako ikuspegia eta komunitatearen indarra irudikatzen dituela azaldu dute.
Testuinguru horretan kokatzen da, halaber, eskola-irudi, logo eta izen berria: Bermeoko Herri Eskola, egindako bideari aitortza eginez eta aniztasunean eraikitako identitatea islatuz.
Familia Elkarteak gogorarazi du 14.000 euroko ekarpen propioa egin duela jolastokiko antzeztokia eraikitzeko, lehen fasearekin nahikoa ez zela ikusita. Era berean, adierazi dute familiek eskola publikoaren aldeko konpromiso irmoa dutela: “Eskola denon inbertsioa da, eta denon artean egiten dugu eskola”.
Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk eskerrak emateko tartea hartu du. Alde batetik, herritarrei eskerrak eman dizkie aurrekontu parte-hartzaileetan parte hartzeagatik eta proposamen hau babestu eta aurrera ateratzeko egindako lanagatik”.
Halaber, alkateak parte-hartze instituzionala eta komunitarioa nabarmendu ditu, eta “oso pozik” agertu da sortu den elkarlanarekin. Bere hitzetan, “poztekoa da elkarlanetik sortutako fruituak ikustea, hezkuntza-komunitatearen eta herriaren onerako diren proiektuak gauzatzen direnean”.
Amaitzeko, alkateak herritar guztiak gonbidatu ditu 16:30etik aurrera egingo den inaugurazio ekitaldira, jolastoki berritua ezagutu eta elkarrekin ospatzeko, Bermeoko Herri Eskolak eta bere komunitateak egindako lanaren isla zuzenean ikusteko aukera paregabea izango dela azpimarratuz.