Albistea
ETS taldearen kontzertuak emango dio hasiera aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaiei. Bermeoko Udalak gaur jakinarazi du irailaren 7an, txupinazoaren ostean, euskal musikaren panoramako izen indartsuenetako bat izango dela jaietako lehen gauko protagonista, urteko hitzordu garrantzitsuenetako bati hasiera ikusgarria emanez.
Bere zuzeneko indartsu eta emozionalekin milaka lagun erakartzeko gaitasuna erakutsi du ETSk azken urteotan, eta, udalaren iritziz, jaietako lehen egunerako kalitate handiko proposamena izango da. Taldearen emanaldia aurtengo jaietako hitzordu nagusietako bat izatea espero da, bai herritarrentzat, bai egun horietan herrira gerturatuko diren bisitarientzat ere.
Musika-programazioak jarraipena izango du ondorengo egunetan ere, estilo eta publiko ezberdinei zuzendutako kontzertuekin; besteak beste, gurean izango ditugu, Cherry & The Ladies, Oxabi, Txapela Brava, Merina Gris, Akerbeltz eta Mariachi Imperial.
Bestalde, Bermeoko Udala dagoeneko buru-belarri ari da aurtengo jaiak prestatzen. Martxan dira jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa eta jai libururako sormen-lanak aurkezteko epea ere. Udalaren ustez, herritarren parte-hartzea eta ekarpena funtsezkoak dira jai biziak, herrikoiak eta denontzako erakargarriak osatzeko.
Datozen asteetan jaien egitarauaren inguruko xehetasun gehiago ematen jarraituko da. Helburua ez da soilik egitaraua aurkeztea, baizik eta irailera begirako giroa eta ilusioa pixkanaka elikatzea, herriak urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat gero eta hurbilago senti dezan.