Albistea
Bermeoko Udalak martxan jarri du 2026ko Andra Mari eta Santa Eufemia Jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa.
Lehiaketaren gaia Bermeoko jaiak izango da, eta kartelak herriaren izaera islatu beharko du: jai herrikoiak eta herritarrentzat direnak, parte-hartzaileak, sortzaileak, euskaldunak, feministak, solidarioak eta ekologistak.
Lehiaketan edozein pertsona fisikok parte hartu ahal izango du. Kartelak 50 x 70 zentimetroko neurriak izan beharko ditu, formatu bertikalean, eta nahi beste kolore eta teknika erabili ahal izango dira.
Lanak bi modutan aurkeztu ahal izango dira: PDF formatuan (bereizmen handikoa) edo euskarri gogorrean, betiere N-292 inprimakia beteta.
Adimen artifiziala erabili bada, egileak horren berri eman beharko du aurkezpenean.
Lanak aurkezteko epea 2026ko ekainaren 26ko 14:00etan amaituko da. Lanak Bermeoko Udalaren egoitza elektronikoan (https://egoitza.bermeokoudala.eus/) edo Berhazen (Ertzilla kalea 6-8, 08:00–14:30) aurkeztu ahal izango dira.
Kartelak testu hau jaso beharko du: “Bermeoko jaiak 2026” eta “Irailaren 7tik 16ra”.
Epaimahaia 9 kidek osatuko dute, eta emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango da. Proposamenak honako irizpideen arabera baloratuko dira: estetika, Bermeoren izaera islatzea, balioak eta originaltasuna. Balorazioan, gizakiek egindako lanak lehenetsiko dira adimen artifizialaren bidez egindakoen aurretik.
Epaimahaiak aurkeztutako lan guztiak aztertuko ditu eta puntuaziorik handiena lortzen dutenen artean finalistak aukeratuko ditu. Ondoren, herritarrek finalisten artean bozkatu ahal izango dute.
Bozketa epea 2026ko uztailaren 1etik (08:00) 10era arte (14:00) izango da. Herritarrek bozka eman ahalko dute Bermeoko Udalaren webguneko Esaizu plataforman edo Gizarte eta Kultura etxean (Irakaskintza 14-16), 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:15era (astelehenetik barikura).
Botoen balioa honakoa izango da: %70 aurrez aurrekoa eta %30 online. Pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du.
Sari bakarra egongo da, 600 eurokoa. Irabazlea 2026ko uztailaren 13an jakinaraziko da.
Argibide gehiago nahi dutenek, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean (Irakaskintza 14 -16. Tel.: 946179157; kultura@bermeo.eus) jaso ahal izango dituzte. Horrez gain, oinarriak www.bermeo.eus webgunean ikus daitezke.
Bermeoko Udalak herritarrak deitzen ditu Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako kartel lehiaketan parte hartzera.