Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak kirol-kluben artean euskararen erabilera sustatzeko egitasmoa indartuko du

·        Urdaibai Eskubaloi Taldeak, Bermeo Futbol Taldeak, Xixili Gimnastika Taldeak eta Urdaibai Arraun Taldeak bat egin dute ekimenarekin, eta klub bakoitzak bere errealitatetik abiatutako konpromiso eta urratsak zehaztu ditu.

Bermeoko Udalak aurrerapausoak emango ditu herriko kirol-klubetan euskararen presentzia eta erabilera indartzeko, bereziki gazte eta nerabeen artean euskaraz aritzeko aukerak areagotzeko. Horretarako, Urdaibai Eskubaloi Taldeak, Bermeo Futbol Taldeak, Xixili Gimnastika Taldeak eta Urdaibai Arraun Taldeak bat egin dute Bermeoko Udalak bultzatutako egitasmoarekin.

Ekimenaren aurkezpenean, Bermeoko Udaleko euskara zinegotzi Iker Bilbao San Nicolasek azaldu du kirolak gazteen egunerokoan duen presentzia baliatu nahi dela euskararen erabileran eragiteko. Entrenamenduak, partiduak, talde barruko harremanak eta klubek sare sozialen bidez duten jarduna hizkuntza-ohituretan eragiteko aukerak ere badirela nabarmendu du: “Gaur aurkezten ari garen egitasmoak helburu argi bat du: Bermeoko kirol-esparruan euskararen presentzia eta erabilera indartzea, eta, horren bidez, gure gazte eta nerabeek euskaraz aritzeko aukera gehiago izatea. Badakigu kirola oso presente dagoela gazte askoren egunerokoan, eta horregatik uste dugu kirola ezin dela albo batera utzi euskararen erabileran aurrera egin nahi badugu”.

Egitasmoaren garapenean, Bermeoko Udala Ebeterekin ari da elkarlanean. Ebeteko Markel Barojak adierazi du, hizkuntza-zerbitzuaren laguntzarekin, klub bakoitzaren errealitatea aztertu eta euskararen erabileran eragiteko neurri zehatzak identifikatuko direla, betiere klub bakoitzaren ezaugarriak, beharrak eta aukerak kontuan hartuta.

Izan ere, egitasmoaren helburua ez da klub guztiek bide bera egitea, baizik eta bakoitzak bere egoeratik abiatuta urrats zehatzak ematea. Horren erakusgarri dira klub bakoitzak datozen hilabeteetarako zehaztu dituen erronkak eta konpromisoak.

Bermeo Futbol Taldeak, esaterako, entrenatzaileek zuzendutako beroketa eta luzaketa errutinak euskaraz egitea izango du helburu. Entrenatzaileek dagoeneko euskaraz ikasi dituzten errutinak haurren artean ere euskaraz egitea sustatuko da, kirolarien ahozko erabileran eragiteko. Era berean, Itxas Gane futbol zelaiko harmailetan euskara gehiago entzutea ere klubaren helburuetako bat izango da. Horretarako, partiduetan erabil daitezkeen euskarazko animoen zerrenda osatu eta familiengana eta zaleengana hurbilduz, partiduetan euskaraz animatzera gonbidatuz.

Klubak, gainera, gazteekin ari diren entrenatzaile euskaldunen eta gurasoen arteko harremanetan ere eragin nahi du. Entrenatzaileek gurasoen WhatsApp taldeetan euskaraz komunikatzeko duten nahia azalduko dute, eta euskaraz ikasten ari diren gurasoei ere euskaraz aritzeko aukera probatzera animatuko zaie. Horrela, haurrek euskarazko erreferente eta eredu gehiago izan ditzaten lagundu nahi da.

Urdaibai Eskubaloi Taldeak ere beroketa eta luzaketa errutinak euskaraz eta kirolariek eurek zuzenduta egitea izango du erronketako bat. Entrenatzaileek euskaraz irakatsitako errutinak kirolariek euskaraz egitea sustatuko da. Bestalde, eskubaloi taldeak ere partiduetako giroan euskararen presentzia indartu nahi du. Horretarako, euskarazko animoen zerrenda osatuko da, familiei eta zaleei bidaltzeko eta erabiltzeko.

Gazteen artean euskarazko kirol-erreferenteak ezagutaraztea ere izango du helburu taldeak. Herriko kirolari euskaldunen eredua gazteei hurbiltzeko saio, bideo edo bestelako ekintzaren bat proposatuko da, eta ekimena zuzendaritzako kide edo komunikazio arduradun batek koordinatuko du, Ebeterekin elkarlanean.

Xixili Gimnastika Erritmikoak, bere aldetik, azken urteotan egindako bideari jarraipena emango dio. Gazteekin aritzen diren entrenatzaileek euskarazko entrenamenduak eskaintzeko ahalegina egiten dute, eta txapelketetan ere euskarazko abestiak erabiltzea sustatzen ari dira. Gainera, Bermeon antolatzen den txapelketan Euskaraz bizi gura dot mezua duen pankarta jartzen da, euskararen presentzia eta erabilera ikusarazteko.

Urdaibai Arraun Taldeak ere bat egin du egitasmoarekin, eta aurten ekingo dio prozesuari. Haur eta nerabeei zuzendutako eskaintzaren diagnostikoa egingo da lehenik, eta, emaitzak aztertu ondoren, taldeak euskararen erabileran eragiteko zer aurrerapauso eman ditzakeen zehaztuko da. Horrela, Arraun Taldeak ere bere errealitatetik abiatutako hizkuntza-ibilbidea diseinatuko du.

Kirola, euskaraz bizitzeko beste espazio bat

Klub bakoitzaren konpromisoek agerian uzten dute egitasmoak esparru desberdinetan eragin nahi duela: entrenamenduetan eta partiduetan, entrenatzaile eta kirolarien arteko harremanetan, familiekiko komunikazioan, harmailetako giroan zein kluben komunikazioan.

Egitasmoaren oinarrian dagoen Kiroletik euskaraz ikuspegiak kirola baliatu nahi du gazte eta nerabeen artean euskararen erabileran eragiteko. Kirolak adin horietako herritarren eguneroko bizitzan duen presentzia kontuan hartuta, euskaraz aritzeko eta euskararekin harremanetan egoteko espazioak ugaritzea da asmoa, euskara bizipen positiboekin lotuz.

Horretarako, klubetako zuzendaritzekin, entrenatzaileekin eta kirolariekin batera egingo da lana. Entrenatzaileekin hausnarketa-saioak eta formazio praktikoak egingo dira, eta euskararen erabilera sustatzeko konpromiso eta dinamika zehatzak landuko dira. Era berean, kluben komunikazioari ere erreparatuko zaio, euskarak sare sozialetan eta kluben gainerako komunikazio-euskarrietan presentzia handiagoa izan dezan.

Bermeoko Urdaibai Eskubaloi Taldeak, Bermeo Futbol Taldeak, Xixili Gimnastika Taldeak eta Urdaibai Arraun Taldeak egitasmoarekin bat egin badute ere, ekimena ez da lau klub horietara mugatzen. Bermeoko Zesta Eskola ere hizkuntza-proiektu propioa diseinatzeko prozesuan dago eta, horretarako, Ebeteko hizkuntza-zerbitzuarekin harremanetan ari da.

Bermeoko Udalak eta Ebetek urteak daramatzate elkarlanean, herriko gazteen kirol-esparruan euskara gehiago entzun eta erabiltzeko aukerak sustatzeko. Oraingo egitasmoarekin, elkarlan horretan beste urrats bat emango da, kirol-klubak prozesuaren erdigunean jarrita eta bakoitzaren errealitatetik abiatutako neurriak bultzatuz.

Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak kluben konpromisoa eta udalaren babesa azpimarratu ditu: “Guretzat oso garrantzitsua da udaletik egiten diren hizkuntza-politikak herriko eguneroko errealitatearekin lotzea. Eta kirola horretarako esparru ezin hobea da. Gazteek eta nerabeek ordu asko ematen dituzte kirol taldeetan, eta bertan sortzen dituzten harremanek eta bizipenek eragin handia dute haien eguneroko hizkuntza-ohituretan”.

Alkatearen hitzetan, gaur aurkeztutako egitasmoa ez da helmuga, baizik eta bide baten hasiera: “Lau klubek bide hau beren errealitatetik abiatuta egingo dute, eta udalak bide horretan laguntza eta babesa ematen jarraituko du. Gure nahia da gero eta kirol-espazio gehiagotan euskara naturaltasunez erabiltzea, eta Bermeoko gazteek euskaraz bizitzeko aukera gehiago izatea”.

Ildo horretan, udalaren eta herriko eragileen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu du: “Bermeon badugu euskaraz bizitzeko nahia, eta nahi hori eguneroko espazio guztietara eroatea da gure erronka. Kirola ere bide horren parte izatea nahi dugu”.

22 / 09 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0