Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak 2024ko aurrekontuaren kitapenari buruzko datuak eman eta EAJk horri buruz emandako adierazpenak salatu ditu

Bermeoko Udalak 2024ko aurrekontuaren kitapenaren berri eman zuen  azken osoko bilkuran, eta EAJk horri buruz emandako adierazpenen ostean, azalpenak eman, datuak argi utzi eta oposizioak egindako adierazpenak salatzeko prentsaurrekoa egin du gaur goizean . 

Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk eman du 2024ko aurrekontuaren kitapenaren berri: “Kitapenaren emaitza 102.003,20 eurokoa izan da, eta diruzaintza gerakina 23.306,10 eurokoa. Iazko aurrekontuaren exekuzioari dagokionez, gastuen betetze maila %82,70koa izan da; onartutako betebeharrena (zorrak) %91,12koa; eta sarreren betetze maila %83,42koa. Horrek erakusten du, udalaren kudeaketa arduratsua eta orekatua izan dela. EAJk bere adierazpenetan aipatzen du, dirua non dagoen. Egonkortze prozesutik eratorritako indemnizazioetarako gordeta zati bat eta Udalkutxara bueltatuta beste bat; hor dago milioi bat eurotik gora”.

Udal Gobernuko kideek nabarmendu dute, aurrekontuan aurreikusitako dirua erabili egin dela: “Hori da kudeaketa on baten adierazle argia. Udal batek bere baliabideak helburu zehatzetara bideratzea eta hauek gauzatzea funtsezkoa da, eta 2024an hori bete egin da”. Udal Gobernuak ez du EAJren jarrera ulertzen, eta osoko bilkuraren ostean egindako adierazpenak salatu dituzte : “ ‘Non dago dirua?’ bezalako galderek, ardura politiko eza eta herritarren artean susmoa zabaltzeko arriskutsua den jarrera erakusten dute, udalaren sinesgarritasuna eta gobernantza kolokan jarrita”.

Oposizioaren kritikak kontrajarriak direla azaldu dute: “EAJren aurreko agintaldian abiatutako egonkortze prozesuak ordainsari edo indemnizazio batzuk zekartzan jada aurreikusita. Prozesu horren oinarriak euren gobernu garaian ezarri ziren, eta hortik eratorritako kostuak 2024ko aurrekontuan islatu ziren, 450.000 euro gordeta. Horren ardura ez da egungo udal gobernuarena, aurrekoaren kudeaketa eta aurreikuspen faltaren ondorio zuzena baizik”.

Horrez gain, jakinarazi dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiak, Udalkutxatik 721.000 euro kendu dizkio Bermeoko Udalari urte amaieran. Egoera hori salatzeko, Udal Gobernuak mozio bat aurkeztu zuen azken osoko bilkuran, baina gogorarazi dutenez, EAJk mozioaren kontra bozkatu zuen, “euren lehentasun politikoa alderdiaren interesak herritarren gainetik jartzea dela argi utziz”. Bestalde, Aldundiaren aldetik, gainera, Bermeoko zaharren egoitzako plazak ez direla behar bezala finantzatzen aipatu dute, alde ekonomiko hori udalaren gain erortzen dela azpimarratuta, “1.146.146,52 eurotan”.

Horregatik guztiagatik, Udal Gobernuak argi adierazi gura du “gardentasunez eta erantzukizunez” aritu dela: “Aurrekontuen kitapenari buruzko informazio guztia batzordeetan eta osoko bilkuretan azaldu da, eta EAJk hori ondo daki”. Hala eta guztiz ere, oposiziotik zabaldutako mezu faltsuek eta maltzurrek marra gorria gurutzatu dutela aipatu dute gaurko prentsaurrekoan: “Horrelako adierazpenek ez dute inolaz laguntzen udal giro egokia eta errespetuzko jarduna bermatzen. Gezurrek hanka laburrak dituzte. EAJri eskatzen diogu zuzenketa publiko argia eta berehalakoa egitea, zuek ondo baino hobeto dakizuelako zelan likidatu den 2024ko aurrekontua. Horrela egin ezean, Udal Gobernu talde honek pentsatzen dituen pausoak emango ditu”.

Azkenik, Bermeoko Udalak herritarrei helarazi gura die udalaren egoera ekonomikoa ona dela, eta udalaren kudeaketa eredua “sendoa eta gardena” dela. “Gobernu talde honen helburua beti izan da herritarren interesak lehenestea, eta modu horretan jarraituko dugu lanean”, adierazi dute.

05 / 05 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0