Albistea
Bermeoko Udalak, kirol sailaren bitartez, Bermeo Kirolak App aplikazio berria jarri du martxan. Horren bitartez, herritarrek udal kirol-jarduera guztia kudeatzeko aukera izango dute, modu azkar eta errazean.
Aplikazio honekin, mugikorretan erabilgarri dagoena, erabiltzaileek aukera dute instalazioak erreserbatzeko, ikastaro eta jardueretan izena emateko, aforoak unean bertan kontsultatzeko, bonuak eskuratzeko, ordainketak kudeatzeko eta Bermeoko kirol-zerbitzuen inguruko informazioa jasotzeko. Gainera, aplikazioak QR kode bidezko sarbidea dauka, instalazioetara sartzea erraztuz eta aurrez aurreko izapideak saihestuz.
Xabier Ortuzar Butron kirol zinegotzia pozik agertu da tresna berriarekin: “Bermeo Kirolak App aplikazioarekin gure zerbitzuen modernizazioan beste urrats bat ematen dugu. Kirola herritar guztiengana hurbildu gura dugu, sarbidea, kudeaketa eta parte-hartzea errazagoak eginez. Digitalizazioaren eta gure kirol-zerbitzuen etengabeko hobekuntzaren aldeko apustu argia da”.
Aplikazioa dagoeneko erabilgarri dago mugikorretarako plataforma nagusietan, eta aurrerapauso esanguratsua da Bermeoko kirolaren kudeaketan.
Hobekuntza lanak egin ostean, kiroldegia berriz irekita
Bermeoko kiroldegiak atzo, irailaren 17an, ireki zituen berriro ateak, urteroko mantenu lanak egiteko bi astez itxita egon ostean.
Aurten egindako lanen artean daude:
- Igerilekuetan mantenu lan sakonak egin dira: hustu, garbitu eta bi igerilekuetan iragazgaizte lanak; zirkuituen garbiketa eta inguruen egokitzapena; ur bero eta hotzeko zirkuituetan legionelaren aurkako tratamendua eta DDD tratamendua (intsektuen, arratoien eta mikroorganismoen aurkakoa). Horrez gain, igerileku ertainaren inguru guztia altxatu egin da, eta behea iragazgaiztu da.
- Kiroldegi osoari garbiketa bereziak (igerilekuko kristalak, aldagelak, gimnasioak…).
- Garbiketa bereziak Areneko kiroldegian eta Artza frontoian (altuerako kristalak, lurzoruaren garbiketa mekanikoa…).
2025-2026 ikasturtearen hasiera
Areneko kiroldegia berriz zabaltzearekin batera dator 2025-2026 kirol ikasturtearen hasiera. Eskaintzak adin guztietarako jarduerak biltzen ditu:
Ikastaroak urritik ekainera garatuko dira, hileko kuotarekin, eta kudeaketa salmenta-makinetan, udal webgunean eta berrikuntza nagusi modura, Bermeo Kirolak App aplikazioaren bidez egin ahal izango da. Laster emango da ikasturtean zehar egongo diren saio solteen berri ere.