Albistea
Bermeok gaur inauguratu du Gaztelugatxe Zentroa, Gaztelugatxeko Monumentu Naturalera hurbiltzeko, haren balio natural, historiko eta kulturalak ezagutzeko eta turismo arduratsuaren aldeko kontzientzia sustatzeko sortutako interpretazio eta harrera-gune berria. San Juan bezperan ireki ditu ateak espazioak, bermeotarren eta Gaztelugatxeren arteko lotura historiko eta emozionala agerian uzten duen data esanguratsuan.
Bermeoko Alde Zaharrean kokatuta, Gaztelugatxerako bide historikoa hasten zen Sanjuanportaletik metro gutxira, zentro berriak bisitariei esperientzia interaktiboa, irisgarria eta murgiltzailea eskaintzen die. Helburua da Gaztelugatxe ez aurkeztea bakarrik bisitatzeko leku modura, baizik eta ulertu, sentitu eta zaindu beharreko ondare partekatu modura.
Inaugurazio ekitaldian Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak nabarmendu duenez, “Gaztelugatxe bermeotarrentzat ez da bakarrik balio natural eta historia handiko gunea. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako sentimenduen, oroitzapenen eta bizipenen parte ere bada”. Gogoratu du urte luzez izan dela eskerrak emateko, desioak egiteko, ospatzeko eta elkartzeko lekua; “herriaren memoria kolektiboan errotutako espazioa da. Horregatik, Bermeo eta Gaztelugatxe elkarrekin ulertu behar dira, biak lotzen dituen ondare emozional eta kulturalaren bidez”.
Lotura hori bizirik mantentzeko “ezinbestekoa” izan da alkatearen hitzetan, urte luzez hainbat herritarrek eta boluntariok egindako lana: “Gaztelugatxe gaur egun nazioartean ezaguna den gunea izan aurretik ere, pertsona askok ingurunea zaindu, txukundu eta babesteko konpromisoa hartu zuten modu altruistan. Haien ekarpenari eta, gaur egun, erakundeen eta kudeaketan parte hartzen duten eragileen lankidetzari esker, Monumentu Natural honek behar duen zaintza eta babesa izaten jarraitzen du”.
Hiru ikuspegi
Zentroak hiru ikuspegi nagusiren bidez hurbiltzen du bisitaria Gaztelugatxera. Alde batetik, Monumentu Naturalaren balio ekologiko eta geologikoak azaltzen ditu, itsasoak eta denborak modelatutako paisaia berezi baten garrantzia nabarmenduz. Akatxe uharteko hegaztien santutegitik hasi eta urpeko laminaria oihan gardenetaraino, kostaldeko biodibertsitatearen aberastasuna ezagutzeko aukera eskaintzen du. Bestetik, mendeetan zehar Bermeoko eta inguruko herrietako biztanleek eraikitako lotura historiko, kultural eta espiritualak ezagutarazten ditu, tradizioak, errituak, sinesmenak eta kondairak ardatz hartuta. Azkenik, turismoaren erronkei eta ingurumenaren babesari buruzko hausnarketa sustatzen du, etorkizun jasangarriago baten aldeko jarrerak bultzatuz.
Bisitariek formatu handiko argazkiak, ikus-entzunezkoak, proiekzioak eta eduki digitalak aurkituko dituzte espazioan. Horien artean nabarmentzekoak dira Bermeoko historiaren mugarriak modu interaktiboan azaltzen dituen denbora-lerro dinamikoa; eskualdeko kultura, erlijio eta jai tradizioei buruzko ikus-entzunezkoak; eta 241 maila izeneko esperientzia murgiltzailea, Gaztelugatxeko San Juan ermitarako igoera 360 graduko formatuan modu birtualean bizitzeko aukera ematen duena.
Edukiak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez eskaintzen dira, eta ikus-entzunezko guztiek azpidatziak eta audio-sistemak dituzte.
Gaztelugatxe Zentroa “Bermeo, helmuga ekoturistikoa: bertako natura- eta kultura-ondarea zaintzea eta balioestea” proiektuaren barruan kokatzen da. Ekimen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren, eta Bermeoko Udalaren arteko hitzarmenaren bidez garatu da, 2023ko Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren baitan, eta Next Generation EU Europar Batasuneko funtsen bidez finantzatu da. Planaren helburua Bermeoren potentzial turistikoa indartzea eta udalerria ekoturismoan oinarritutako helmuga jasangarri gisa sendotzea da, natura- eta kultura-ondarearen kontserbazioa eta balioespena oinarri hartuta.
Horretarako, guztira 2.270.000 euroko dirulaguntza jaso da. Zenbateko horretatik 1.200.000 euro Gaztelugatxe Zentroa gauzatzera bideratu dira, eraikinaren egokitzapena, proiektu museistikoa eta digitalizazioa barne. Gaztelugatxe Zentroaren garapenerako egindako inbertsio osoa, berriz, ia 1.500.000 eurokoa izan da.
Gainera, hitzarmen beraren barruan finantzatu dira Turismo Bulegoaren birgaikuntza energetikoa eta digitalizazioa, Lamera parkeko argiteria adimenduna, Alde Zaharreko hainbat guneren berroneratzea eta interes historiko eta paisajistikoko eremuetan Wi-Fi publikoaren ezarpena.
Erakundeen arteko elkarlana
Proiektu osoaren garapena erakundeen arteko elkarlanaren emaitza izan da. Eusko Jaurlaritzak eta Bermeoko Udalak elkarlanean jardun dute azken urteotan, eta hainbat enpresa eta profesionalen ekarpena ere funtsezkoa izan da ekimen hau errealitate bihurtzeko.
Era berean, azpimarratu du Gaztelugatxe Zentroaren balioa ez dela eraikin edo ekipamendu berri batean amaitzen, “herritarren eta bisitarien arteko zubi izan nahi du, Gaztelugatxeko Monumentu Naturalera hurbiltzeko ate modura”. Helburua da bisitaren balioa handitzea, ondare natural eta identitarioaren ezagutza sustatzea eta ingurunearekiko errespetua indartzea: “Horretarako, erakundeen eta herritarren arteko elkarlana ezinbestekoa izango da etorkizunean ere, guztion altxor den espazio hau zaindu eta belaunaldi berriei transmititzeko”.
Bermeoko Udalak herritarrak eta bisitariak gonbidatu ditu Gaztelugatxe Zentroa ezagutzera eta bertako edukiez gozatzera. Sarrera doakoa izango da, eta espazioa ekainaren 23tik irailaren 30era egongo da zabalik: lanegunetan 10:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 18:00etara; domeka eta jai-egunetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara. Astelehenetan eta irailaren 9an itxita egongo da.
Informazio gehiago
Gaztelugatxe Zentroa
94 617 91 77
gaztelugatxe@bermeo.eus