Albisteak

Albistea

Bermeok 30,6 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an, ongizatea eta etorkizuneko proiektuak uztartuz

  • Zerbitzu publiko sendoak bermatzeaz gain, etxebizitza, berdintasuna, auzoetako inbertsioak eta eraldaketa jasangarria indartuko ditu udalak, herritarrak erdigunean jarrita

Bermeoko Udalak 2026ko aurrekontua onartu du osoko bilkuran. Urte honetan, 30.625.990,81 euro kudeatuko dira. Kopurua iazkoaren antzekoa bada ere, udal gobernuak azpimarratu du aurrekontua oreka bilatuz eta lehentasunak argi finkatuta osatu dela: oinarrizko zerbitzu publikoak sendotzea eta, aldi berean, etorkizuneko proiektu estrategikoak martxan jartzea. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatearen hitzetan, “herritarren ongizatea da gure jardunaren ardatza. Kalitatezko zerbitzuak bermatu nahi ditugu, eta 2026rako ilusio handiko proiektuak aurreikusi ditugu”.

Diru-sarreren egiturak egonkortasuna ematen dio aurrekontuari. Iturri nagusia Udalkutxa izango da, 14.927.660 eurorekin. Horri gehituko zaizkio zuzeneko zergen bidez bilduko diren 4.262.545,78 euro eta zeharkako zergen 842.160,90 euro. Tasen eta bestelako sarreren bidez 6.953.054,95 euro jasoko dira. Guztira, zerga eta tasen bidez 12.057.761,63 euro bilduko dira; horien artean, pisurik handiena Ondasun Higiezinen Gaineko Zergak (3.159.903,02 euro) izango du, ondoren zabor-bilketak (2.382.973,14 euro), ibilgailuen gaineko zergak (921.828,06 euro) eta obren gaineko zergak (842.160,90 euro). Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak jasoko dira, eta PIIE programaren baitan 961.927,36 euro bideratuko dira gune degradatuak berroneratzeko.

Aurtengo aurrekontuak sail estrategiko batzuen indartzea dakar. Berdintasun Sailaren partida handitu egin da, indarkeria matxistaren aurkako prebentzioan eta arreta zerbitzuetan sakontzeko. Zerbitzu Sailak baliabide gehiago izango ditu kaleen mantenua, espaloi eta asfaltatze lanak eta garbitasun plan bereziak sendotzeko. Udaltzaingoan ere igoera egon da, segurtasun-eredu irisgarriago baterantz urratsak eman asmoz; horren baitan, polizia-etxe berri baten proiektua bultzatuko da. Eta, garapen ekonomikoari dagokionez, herriko jarduera ekonomikoa suspertzea, lokal hutsak aktibatzea eta udal azoka biziberritzea lehentasun bilakatuko dira.

Azken urteetako modura, herritarren parte-hartzeak ere leku garrantzitsua du aurrekontuan. 50.000 euro gorde dira aurrekontu parte-hartzaileetarako, eta dagoeneko erabakita dago diru hori Bike Park bat eraikitzera bideratuko dela, herritarren proposamenetik sortutako proiektua gauzatuz.

Helburuak sailez sail

Administrazio orokorrera 220.560 euro bideratuko dira, eta udal kontratazioetan klausula sozialak txertatzeko aukerak aztertuko dira, erosketa publiko arduratsuagoa sustatzeko. Alkatetzak 413.393,16 euro izango ditu, eta herriko elkarte eta eragileekin —Besalde, Gurutze Gorria eta Itsuki Irratia, besteak beste— dituen hitzarmenak mantenduko dira, herri-sarea indartzen jarraitzeko.

Ekonomia eta Ogasun Sailak 2.289.152,5 euroko aurrekontua izango du, eta ordenantza garrantzitsuak berrikusiko dira. Espazio publikoan terrazak jartzeko araudia eguneratuko da, azken urteotako hazkundeari erantzun eta erabilera orekatua bermatzeko. Oinezkoen gunearen ordenantza ere egokituko da, bereziki Alde Zaharreko baimenak sakon aztertuz: lokal hutsen erabilera errazteko neurriak aztertuko dira, etxebizitza turistikoen jarduna arautzeko urratsak emango dira eta asteburu zein jaiegunetan Portuzarrerako ibilgailuen sarbidea mugatzeko aukerak landuko dira. Etxebizitza politiketan, Alokabiden dauden etxebizitzek %50eko hobaria izaten jarraituko dute OHZn, alokairu soziala sustatzeko.

Berrikuntza, Gobernu Irekia eta Herritarren Arreta arloak 491.941,76 euro izango ditu. Udal webgune berria jarriko da martxan, gardentasuna eta irisgarritasuna hobetzeko; parte-hartze eredu berri baten ordenantza landuko da; kamera sistema eguneratuko da eta informazio panel berria jarriko da.

Langileriari dagokionez, 17.160.650,61 euroko partida aurreikusi da. Besteak beste, aurten arkitektoaren errefortzua egingo da kudeaketetan sortutako trabatzeak arintzeko, eta hondakinen kudeaketako teknikari postu berria sortuko da, Europatik etorritako araudi berriei erantzuteko.

Gizarte Zerbitzuek 1.420.418,69 euro izango dituzte, eta osasuna sustatzeko programa berria abiaraziko da. Helburua argia da: ongizate mentala eta fisikoa indartzea eta erakundeen arteko saretzea sustatzea, zailtasun fisiko eta mentalak dituzten herritarrei arreta hobea eskainiz, jarduera fisikoko aholkularitza zerbitzu berri baten laguntzaz. Horrez gain, herritarrak artatzen dituzten elkarteentzako dirulaguntza lerro berria sortuko da, eta aniztasun funtzionalaren arloan kirol elkarteekin batera formakuntza eta inklusioa sustatuko dira.

Kultura eta Hezkuntza arloak 657.475 euro izango ditu. Urte berezia izango da hainbat talderentzat: Alkartasuna Dantza Taldeak 50 urte beteko ditu; Erraldoien Konpartsak 20; Bermeoko Abesbatzak 70; eta Barrueta Arte Elkarteak 75. Urteurren horiek mota askotako ekitaldi bereziekin ospatuko dira; tartean izango ditugu Bizkaiko eta Busturialdeko Dantzari Egunak, Erraldoikada, udako Musika Astearen baitan abesbatzaren kontzertu erraldoia eta Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan arte erakusketa berezia.

Horrez gain, iaz hasitako erraldoien panpinen kontratuaren bigarren zatia gauzatuko da aurten, panpinak kaleratuz. Bestalde, Hezkuntza arloan, OLHUI eraikinaren mantenua hobetuko da eta matrikulazio minimoa bermatzeko neurriak hartuko dira. Musika eskolan matrikulazioa sustatu, bermeotarren eta emakumeen partiturak berreskuratu eta digitalizatu, eta tasen kostua berrikusiko da hobari berriak eskaintzeko. Liburutegian, berriz, nerabeekin lotura estuagoa sortu nahi da, espazioa udalaren parte gisa senti dezaten.

Berdintasun Sailak 112.384 euro izango ditu. Emakumeen saretzea sustatzen jarraituko da, eta Emakumeen Etxe edo txoko baten beharra aztertzeko prozesua abiatuko da. Prebentzio arloan, puntu seguruen sarea indartuko da, eraikin publikoak gune seguru bihurtuko dira eta aholkularitza juridikoa bermatuko da. Gainera, Zaintza Diagnostikoa egingo da Gizarte Ongizate Sailarekin elkarlanean.

Gazteria Sailera 204.423,39 euro bideratuko dira. Gazte Kontseiluaren lehen urte honetan landutako Gaztelekua proiektuari erantzun instituzionala eman nahi zaio, gazteekin batera egitasmoa gauzatzeko.

Euskara Sailak 173.855 euro izango ditu, besteren artean, Euskara Kontseilua sortu, Korrika bultzatu eta euskararen transmisioa bermatzeko ekimenak indartzeko. Gainera, aurten, Euskararen kale erabileraren neurketa egingo da, Bermeok euskararekiko duen errealitatea ezagutu eta aztertzeko. 

Kirol Sailak 785.701,34 euroko aurrekontua izango du; eskaintza adin eta maila guztietara egokituko da, eta Areneko kiroldegian ikasgela bat irekiko da, ikasketak eta kirola uztartzeko.

Zerbitzu Sailak 4.112.087,93 euro izango ditu, kaleen mantentzea ardatz nagusitzat hartuta: espaloi berritzeak, asfaltatze lanak eta garbitasun errefortzuak egingo dira. Ametzaga gunea berreskuratzeko proiektua ere garatuko da, gune osoa kirol gune bilakatzeko.

Lurgintzara, berriz, 117.800 euro bideratuko dira auzoetako bizi-kalitatea hobetzeko; Almika eta Arranotegi arteko bidea konponduko da, baserri guneetan argiteria indartuko da eta bide ertzak egokituko dira.

Hirigintza eta Ingurumen Sailak 1.860.357,37 euro izango ditu. 2026an, Bizkaiko Jaurerria kalea berrantolatzeko proiektuarekin hastea aurreikusita dago, hiri-eredu atseginago, irisgarriago eta seguruago baterantz urratsak emanez. Esku-hartze horrek mugikortasuna, espazio publikoaren erabilera eta bizilagunen bizi-kalitatea hobetzea izango du helburu.

Turismo jasangarriko Next Generation proiektuaren azken lanak amaituko dira: Gaztelugatxeko Interpretazio Zentroa ireki, turismo bulegoa egokitu, Arostegi kaleko irisgarritasuna hobetu eta Alde Zaharrean wifi puntua jarriko da. PIIE programaren baitan, Itxasbegiko igogailua martxan jarriko da eta Iparragirre kaleko obra gauzatuko da, baita Kurtzio, Zarragoitxi eta Itxasbegi gune degradatuetan esku-hartzeak egin ere.

Beste alde batetik, txakurren aisialdirako gune bat aztertu eta martxan jarriko da.

Etxebizitza politikan, udalaren jabetzakoak diren Alde Zaharreko bost etxebizitza alokairu publikora bideratuko dira, alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko akordioa gauzatuko da, eremu tentsionatu izendapena eskatuko da eta etxebizitza turistikoen erabilera arautzeko HAPOren aldaketa puntualari ekingo zaio. Aldi berean, Alde Zaharreko plan bereziaren azken onarpenerako urratsa emango da.

Energia berriztagarrien arloan, hiru instalazio fotovoltaiko eraikiko dira ia 300 kW-ko autokontsumorako, eta geotermia zein hidrotermia instalazioak jarriko dira Gaztelugatxeko Interpretazio Zentroan eta Turismo Bulegoan, udalak berriztagarrien alde inoiz egin duen apustu handiena gauzatuz.

Garapen Ekonomikorako Sailak 458.790 euroko aurrekontua izango du, tokiko ekonomia indartzea helburu nagusitzat hartuta. Turismoan, ohiko ildoa mantenduko da: Bermeoren ondarea aitortu eta balioan jarri, eta herriaren kontakizuna ezagutaraztea.

Behargintzari dagokionez, enplegu legearen aldaketa etorriko da, eta horrek eragin zuzena izango du tokiko enplegu politiketan; beraz, egokitzapen sakona egin beharko da. Kultura Sailarekin elkarlanean, azoken egitarauan sakondu nahi da, herriko merkatariekin eta artisauekin batera, nortasuna eta eduki kulturalak uztartuz. Bestalde, herriko —eta bereziki Alde Zaharreko— lokal hutsen lanketa egingo da. Azkenik, udal azokaren arautegia berritu nahi da, azoka bera biziberritzeko eta erakargarriago egiteko bidea bilatuz.

Azkenik, Udaltzaingoak 147.000 euroko partida izango du. Udalak diru-kopuru hori polizia-etxe berri baten proiektua bultzatzeko erabiliko du, gaur egungo segurtasun, irisgarritasun eta eraginkortasun estandarrei erantzungo dien azpiegitura bat garatzeko. Esku-hartze horren bidez, alde batetik, profesionalei lan-baldintza egokiagoak eskaini nahi zaizkie; eta bestetik, herritarrei arreta erosoagoa, hurbilagoa eta eraginkorragoa bermatu. Helburua da segurtasuna eta gertutasuna uztartuko dituen eredua sendotzea.

Bost ardatz estrategiko

Aurrekontua bost ardatz estrategikotan egituratzen da: Danontzako Bermeo, Bermeo Bizia, Bermeo Jasangarria, Bermeo eraldatzailea eta Bermeo gertua. Azken honek hartzen du zatirik handiena (%62,6), gardentasuna, parte-hartzea, eraldaketa digitala, antolaketa eta herritarren arreta indartzeko.

Bestalde, 2026ko aurrekontua ez da abiapuntu isolatua. 2025ean amaitu barik geratutako zenbait proiektuk —padel pistak, komun publiko berria edo zenbait zebrabidetako segurtasun-argiteria— jarraipena izango dute aurten, eta aurreikusitako lanak amaitzera bideratuko dira.

Alkatearen hitzetan, esfortzu handiz egindako aurrekontua da: “Inor atzean utziko ez duen aurrekontua da, gizarte politikak, balioak, bizikidetza eta oinarrizko zerbitzuak bermatzen dituena. Bermeo soziala eta berdinzalea eraiki nahi dugu, etxebizitza, osasuna, bizi-kalitatea eta inklusibitatea oinarri hartuta. Uste dugu, beste urte batez, aurrekontu sozialal, feministak, herrikoiak eta euskaldunak lortu ditugula”.

Amaitzeko, alkateak eskerrak eman nahi dizkie aurrekontu hau prestatzeko eta aurrera ateratzeko lanean aritu diren guztiei.

26 / 02 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0