Albisteak

Albistea

Itsasoaren zaporeak eta euskararen indarrak bat egingo dute XXXI. Arrain Azokan

  • Parte hartze handiari esker, Bermeoko itsas ondare kulturalaren, enpresa munduaren eta gure gastronomiaren erakusleiho paregabea den Bermeoko Arrain Azokak, programa zabala eskainiko du.
  • Itsasoarekin lotutako emakumeentzat izango da XXVIII. Hegaluze Saria.
  • Elkartasuna ere presente egongo da Solidaritza Gunearen bitartez, Lameran.

Aurten ere, itsasoari lotutako tradizio, kultura eta zaporeek Bermeo hartuko dute, maiatzaren 16tik 18ra bitartean ospatuko den XXXI. Arrain Azokaren baitan. Oraingoan, azokaren bidea Euskaraldiarekin gurutzatuko da. Bi ekimenek eskutik helduta egingo dute aurrera, bakoitzak bere izatearekin eta helburuekin, baina elkar aberastuz. Horren adierazgarri da, besteak beste, aurtengo Arrain Azokaren kartelak Bermeoko euskarari egin dion keinua; galzorian dauden hitzak ezabatuta modura ageri dira, gure hizkuntzaren zaurgarritasunaz eta edertasunaz ohartaraziz.

Azokaren egitaraua osatzen duten jarduera gehienak euskaraz eskaini gura dira, “ahal den neurrian”. Euskararen presentzia bermatzeko, baina inor ez baztertzeko, ekitaldietako batzuk gaztelaniara itzuliko dira Arrain Azokaren YouTube kanaletik. Arrain Azokaren programan belarri batekin markatutako jardueretan eskainiko da itzulpen zerbitzu hori.

Arrain Azokak Euskaraldiarekin bat egiteaz gain, beste bi egun seinalaturekin ere bat egingo du asteburu berean. Izan ere, maiatzaren 17an LGTBI+ Fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta maiatzaren 18an, Itsas Sektoreko Emakumeen Nazioarteko Eguna. Bi horiekin ere bat egingo du aurtengo azokak.

Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk azpimarratu du, Arrain Azoka herriko ekitaldi nagusietako bat dela: “Gure produktuen, kulturaren eta nortasunaren erakusleiho onena da. Harro gaude gure kontserbak eta itsas ondarea erakusteaz, eta, era berean, mahoizko arropa jantzita udako jai-denboraldiari hasiera ematea gustatzen zaigu. Arrain Azoka kulturaren eta ekonomiaren aldeko apustu sendoa da”.

Milaka bisitari erakartzen dituen azoka honek Bermeoko izaerari eta historiari egiten dio gorazarre, eta urteekin erreferente bihurtu da Euskal Herrian. Horregatik, alkateak gaineratu du, aurten ere, “itsasoari lotutako gure ondarea eta ekonomia zaintzeko eta ezagutzera emateko erronkarekin” datorrela, betiere, “jasangarritasuna, elkartasuna eta identitatea kontuan hartuta”.

Alkateak jakitera eman duenez, Arrain Azokan 18 erakustoki egongo dira, eta enpresa zein erakundeek beren produktuak eskainiko dituzte herritarrek eta bisitariek dastatu eta erosteko. Arrain mundua hurbiltzeko aukera ere izango da, eta azokak ordutegi jarraitua izango du: barikuan eta zapatuan 11:00etatik 20:00etara eta domekan 11:00etatik 15:00etara.

Berrikuntzak eta klasikoak elkarrekin

Maite Caruezo Ugalde Garapen ekonomikoko zinegotziak jarraitu du Arrain Azokaren aurtengo programazioa azaltzen. Aurten, berrikuntza interesgarriak izango direla aipatu du. Adibidez, Arrain Azokako Pintxo lehiaketako final handia barikuan jokatuko da, eta hiru tabernaren artean egongo da lehia: Kafe Antzokia, Toki Alai eta Beti Ondo. Lagunarteko pintxo lehiaketan, berriz, bi lagun talde ariko dira lehian. Horrez gain, zapatuan, orain arteko ohiko habanerak euskal kanta herrikoiek ordezkatuko dituzte, Josepa Kale Kalekoen eskutik. Eta kantuei mugimendua jartzeaz arduratuko dira Ross Dantza Eskolako dantzariak.

Bermeo Tuna World Capitalek (BTWC) ere bere lekua izango du Arrain Azokan, dastaketa-tailer bereziekin. Ume zein helduentzat prestatutako tailerrak egongo dira, eta horien helburua da tunidoen arteko ezberdintasunak ezagutzea. Parte hartu gura dutenek, aldez aurretik tiketa eskuratu beharko dute Turismo Bulegoan. Umeek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta helduek 10 euro.

Umeentzako eskaintza berezia ere prestatu da, esaterako, Galerna belaontziarekin itsas irteerak, edo ‘Izan Arrantzale’ tailerra Kofradia Itxas-Etxea taldearen eskutik.

Eguneroko ekintza klasikoak eta herriko taldeen parte-hartzea

Gogora ekarri du, urtero bezala, aurten ere ez direla faltako arrain salmenta itxurak, Hegaluze eta Taho itsasontzietan irteerak, edota Arrantzaleen Museora doako sarrera. Klasiko horiez gain, beste urte batez, herriko kirol eta kultur taldeek protagonismo berezia izango dutela aipatu du: “Haiei esker, Arrain Azokaren egitaraua kultur eta festa giroz beteko da: fanfarreak, dantzak, danborrada, txistulariak, trikitilariak, erraldoiak eta gaiteroak… kaleetan zehar ibiliko dira, Bermeoko giroa alaituz. Gainera, estropadak eta pilota eta zesta partiduak bezalako kirol ekimenek ere indarra hartuko dute, herriko nortasuna agerian utziz”.

Caruezok eskerrak eman dizkie kirol eta kultur talde guztiei: “Zuek barik, ez ginateke ezer. Eskerrik asko zuen konpromisoagatik eta Arrain Azokako egitaraua osatzeko egindako lanagatik”.

Elkartasuna ere “oso garrantzitsua” da Arrain Azokan. Horregatik, Lamerako karpan kokatuko da aurten ere Solidaritza Gunea. Bertan marmitako eta hegaluze errea dastatzeko aukera egongo da, boluntarioen laguntzari esker. Etxera eroateko asmoa dutenek, ontzi propioa ekartzea eskatzen da. Bildutako dirua Bermeoko 6 eta 12 urte arteko umeen tratamenduetara bideratuko da, Osakidetzak estaltzen ez dituen beharrak asetzeko.

Bestalde, aurtengo azokak laguntza eta informazio puntu desberdinak izango ditu. Gurutze Gorria bertan egongo da hiru egunetan.  Zapatuan, batetik, drogomenpekotasunari buruzko informazioa emateko puntua egongo da 13:00etatik aurrera Lameran, eta bestetik, Portuzarrean, Puntu Morea jarriko da, 20:00etatik 01:00etara.

Hegaluze Saria

Arrain Azoka elkarteko presidentea ere den Bermeoko alkateak eman du jakitera aurtengo Hegaluze Saria nork jasoko duen. Arrain Azoka elkarteak erabaki du, aurten itsasoarekin lotutako emakumeei ematea XXVIII. Hegaluze Saria, sektorearen hainbat arlotan duten funtsezko ekarpena ikusarazteko eta balioan jartzeko helburuarekin. “Arrantzarekin lotutako lanbide tradizionalak garatu dituztenetatik hasi eta gaur egun berrikuntza, ikerketa edo kostaldearen kudeaketa gidatzen dituztenetaraino, hau da, saregile trebeen eskuek eguneroko ogia ehuntzen dutenetik, ozeanoaren sekretuak ikertzen dituzten zientzialarietaraino; arrantzale, kontserbagile, armadore edo itsas kulturaren zaintzaile diren emakume guztiak dira isilpeko olatu baten parte: ausartak eta erabakigarriak.  Emakume horiek gure komunitateen eta itsasoaren arteko harremana zaindu eta eraldatu duten kate isil eta beharrezko baten parte dira” esan du alkateak.

Aitorpen honek esanahi berezia hartzen du, Arrain Azoka ospatzen den domekan Itsas Sektorean diharduten Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen baita. Egun horrek gure portuen zaporea eta memoria kolektiboa dakartza gogora, baina aurten, gainera, belaunaldiz belaunaldi apar artean lanean jardun duten emakume horiei egindako justiziazko keinu sinbolikoa da.

Arduratsuak izateko eskaera

Portuzarra, Lamera, Ispizua tar Segundo eta Prantzisko Deuna artean, zirkulazioa murriztuko da Arrain Azokaren eraginez, horregatik, herritarrei Arrain Azokaren egunetan ibilgailuak “ahalik eta gutxien” mugitzeko deia egiten zaie, eta, bisitariei, berriz, eskatzen zaie Bermeora etortzeko garraio publikoa erabiltzea.

Era berean, Arrain Azokan erosketak egiteko bakoitzak bere poltsak erabiltzeko eta azokan eta herrian dauden sastarrontziak erabiltzeko eskaera egiten da, “herria garbi mantentzeko” eta “ingurumenarekiko arduratsuak” izan gaitezen.

Ainhoa Elortegi BBK-ko Ingurumen arloko arduradunak ere hitza hartu du gaurko aurkezpenean: “Herritarrei kontsumo-ohiturei buruz galdetzen diegunean, hurbileko produktuaren aldeko apustua egin gura dutela esaten digute: Herritarren % 71k bertako produktuak eta gure kostaldeko arrainak gehiago kontsumitu gura dituzte. Etorkizun ekonomiko iraunkorrerako funtsezko sektorea da berau, eta horregatik, BBKn bere alde egiten jarraituko dugu, kalitatezko eta ingurumenarekiko errespetuzko produktuen aldeko apustua eginez”.

XXXI. Arrain Azokaren programa oso zabala da. Egitarau osoa eta eguneraketak https://bizibermeo.eus/arrainazoka/ webgunean eta sare sozialetan jarraitu daitezke: Facebook (@arrainazoka), Instagram (bermeokoarrainazoka) eta YouTube (Arrain Azoka Bermeo).

Azkenik, Bermeoko alkateak eskerrak eman dizkie Arrain Azoka antolatzeko lanetan dabiltzan guztiei, eta herritar eta bisitari guztiak gonbidatu ditu antolatu diren ekimenetan parte hartzera: “Ez galdu aukera eta zatozte itsasoaren zaporea eta euskararen indarra bizitzera”.

06 / 05 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0