Albisteak

Albistea

Zabalik dago 2027ko parte-hartze bidezko aurrekontuetako proposamenak bozkatzeko epea

  •    Gaur hasi eta azaroaren 22ra arte bozkatu ahal izango dute Bermeon erroldatutako herritarrek, aukeratutako 73 proposamenen artean.

Bermeoko Udalak 2027ko parte-hartze bidezko aurrekontuen prozesuaren hirugarren faseari ekin dio gaur: herritarrek proposamenak bozkatzeko epea zabaldu da, eta azaroaren 22ra arte izango dute horretarako aukera.

Guztira, 73 proposamen daude aukeran. Aurretik jasotako proposamen guztiak aztertu ditu udalak, eta sei kategoriatan sailkatu ditu: kirola; familia, umeak eta gazteak; mugikortasuna eta ibilgailuak; herriko hobekuntzak; zaharren egoitza eta seniorrak; eta gai anitzak. Proposamen errepikatuak bateratu egin dira, eta prozesuan parte hartzeko baldintzak betetzen ez zituztenak baztertu.

Bestalde, baldintzak betetzen zituen proposamen bat ere zerrendatik kanpo uztea erabaki du udalak: Jose Done ikastetxeko patioetan padel-pistak egiteko proiektua, hain zuzen ere. Izan ere, proiektu hori dagoeneko onartuta dago eta gauzatzeko lanak abian dira. Hori dela eta, udal ordezkari politikoek salbuespenez erabaki dute proposamen hori bozketa-zerrendatik kentzea, 50.000 euroko aurrekontua oraindik gauzatzen ari ez diren beste ekimen batzuetara bideratu ahal izateko.

Bozkatzeko aukerak

Herritarrek bi modutan eman ahal izango dute botoa:

  • Aurrez aurre: Berhaz bulegoan, Gizarte eta Kultura Etxean, Liburutegian, Areneko Kiroldegian eta Zaharren Egoitzan jarri diren kutxetan. Horretarako, udalak prestatutako boto-orrian proposamenaren zenbakia eta NAN agiria adierazi beharko dira, eta orria kutxan sartu beharko da.
  • Online: ESAIZU plataformaren bidez. Horretarako, NAN agiria sartu eta bozkatu nahi den proposamena aukeratu beharko da.

Bozketan parte hartu ahal izateko, Bermeon erroldatuta egon beharko da, eta pertsona bakoitzak proposamen bakarra aukeratu ahal izango du.

Bermeoko Udalak herritarrak animatu nahi ditu prozesuan parte hartzera. Izan ere, herritarren ekarpenak eta inplikazioa funtsezkoak dira herriko beharrak eta lehentasunak jasoko dituen aurrekontua osatzeko.

02 / 11 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0