Albisteak

Albistea

Bermeoko Udaltzaingoak modernizazioaren, hurbiltasunaren eta herritarren segurtasunaren aldeko urratsak emango ditu

  • Herritarren arretarako txirrina jarri da bulegoaren kanpoan, eta kamera pertsonalak erabiltzen hasiko dira, udaltzainen eraginkortasuna eta gardentasuna indartzeko. 

Bermeoko Udalak herritarren segurtasuna eta zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzeko urrats sendoak ematen jarraitzen du, Udaltzaingoa modernizatzeko prozesu baten bidez. Testuinguru horretan, bi berrikuntza garrantzitsu ezarriko dira, hurbiltasuna, eraginkortasun operatiboa eta herritarren konfiantza indartzeko asmoz. 

Alde batetik, herritarren arretarako txirrin bat jarri da Udaltzaingoaren bulegoaren kanpoaldean. Gailu sinple baina eraginkor honek bi helburu ditu: bide publikoan agenteen presentzia areagotzea eta, aldi berean, bulego barruan daudenen pribatutasuna eta lasaitasuna bermatzea. Komunikazio sistema automatizatu bati esker, abisua berehala iristen da agenteengana, eta horrek herritarren eskaerei erantzun azkar eta eraginkorra ematea ahalbidetzen du. 

Bestetik, gardentasunaren, segurtasunaren eta zerbitzuaren etengabeko hobekuntzaren aldeko apustu garbia eginez, udaltzainak "body cam" izeneko gorputz-kamerak erabiltzen hasiko dira. Kamerok agenteen uniformeetan integratuta egongo dira, eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako araudiaren arabera erabiliko dira, betiere, beharrezkoa denean eta herritarren zein agenteen segurtasuna bermatzeko helburuarekin.  Teknologia horrek portaera desegokiak saihesteko balio izateaz gain, jarduerak dokumentatzeko eta inplikatutako alde guztiak babesteko aukera ere emango du.

Neurri horiek, gaur egungo garaiei egokitutako segurtasun moderno eta hurbilaren alde, Udalak eta Udaltzaingoak duten konpromisoa erakusten dute, berrikuntza herritarren eskubideen errespetuarekin eta zerbitzu publikoen etengabeko hobekuntzarekin uztartuz.

07 / 08 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0