Albisteak

Albistea

Frantziako eta Turkiako taldeak izango ditugu Bermeoko XXXVII. Nazioarteko Folklore Jaialdian

  • Alkartasuna Dantza Taldeak Bermeoko Udalaren laguntzarekin antolatutako ekitaldia zapatuan (abuztuak 9) izango da, 20:30ean, Lameran 

Datorren zapatuan, abuztuaren 9an, Bermeok XXXVII. Nazioarteko Folklore Jaialdia hartuko du, Frantziako eta Turkiako dantza taldeekin. Alkartasuna Dantza Taldeak, Bermeoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta enpresa batzuen laguntzarekin antolatzen duen jaialdia, aurten 20:30ean izango da eta kokalekua aldatu du; Artza frontoian izan beharrean Lameran izango da. Jaialdia antolatzeko 

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurten jaialdia kalean izango da, Alkartasuna Dantza Taldeak aurten antolatutako gainontzeko ekitaldiak moduan: “Aspaldidanik buruan daukagun ideia da ekitaldi guztiak kalean egitearena, dantzak beti egin izan dira kalean, eta horrregatik, aurten horrela egin dugu, kalera atera ditugu gure ekitaldi guztiak”. 

Bermeoko udal ordezkariek eta Alkartasuna Dantza Taldeko arduradunek gaur aurkeztu dituzte jaialdiaren xehetasunak, Lameran bertan. Azaldu dutenez, 1986tik antolatzen da jaialdia, euskal folkloretik aparteko herrialdeetako folklorea ezagutu eta ezagutarazteko, baita Bermeoko ohiturak kanpoko jendeari hurbiltzeko ere. Halaber, urtero, beste herrialdeetako taldeekin harremanak izateko aukera ematen die Alkartasuna Dantza Taldeko kideei, ezagutzak elkartrukatuz. 

Turkiatik, Club Zeybek Yaren taldeak parte hartuko du. Taldea 2018ko irailaren 15ean sortu zen Istanbulen, Murat Emrah Yamanli Turkiako Dantza Folklorikoko Federazioko Epaile Nazionalaren zuzendaritzapean, eskualde ezberdinetako zeybek dantza tradizionalak bertako moduan interpretatu, irakatsi eta bizirik mantentzeko helburuarekin. Lehen urtea Kadıköyn egin ondoren, taldea 2019ko irailaren 28an joan zen gaur egungo egoitzara, Ataşehir-era,, eta bertatik jarraitzen du bere jarduerekin. Bere sektoreko klub liderra den heinean, profesionaltasuna eta espiritu amateurra uztartzen ditu, zeybek dantza Turkian eta Turkiatik kanpo zabaltzea bilatuz. Bere misioa da zeybek dantzak eta kultura, ahalik eta modu fidelenean belaunaldi berriei transmititzea, eta mundu mailan zabalkunde handiagoa lortzea.

Frantziatik, berriz, Grupo Folkloriko Aunis & Saintonge Saintes izango dugu. 1931n sortutako taldea da, eta Charente eskualdeko nekazarien eta nekazarien seme-alaben eguneroko eta jai-egunetako 1830eko hamarkadako jantzi tradizionalak erakusten ditu. Bere folklorearen benetakotasunari, musikari, kantuei eta dantzei esker, Europako hainbat herrialdetan eta Kanadan ere ezaguna egin da. 

Haiekin batera, zelan ez, Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeko dantzariak ere egongo dira. Hartara, Folklore Jaialdiko publikoak bermeotarren euskal dantza tradizionalekin gozatzeko aukera ere izango du. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, XXXVII. Nazioarteko Folklore Jaialdiak aukera paregabea eskainiko du bertoko zein atzerriko dantzak ezagutzeko. Horregatik, herritarrak zein bisitariak gonbidatu dituzte bertaratzera.

06 / 08 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0