Albistea
Demiku Auzoko Bizilagunak eta Bermeoko Udalak elkarlanean, 2026ko Kandelaria Jaiak antolatu dituzte Demiku auzoan. Jaiak otsailaren 2an eta 8an ospatuko dira, eta egitarauak kultur jarduerak, umeentzako ekintzak eta tostada txapelketa uztartuko ditu.
Otsailaren 2an, Kandelaria Egunean, astelehenean, 11:30ean emango diote hasiera jai egunari, txupinazoarekin. Jarraian, 12:00etan, meza ospatuko da, eta ohi legez, San Blas zintak zein kandelak salgai egongo dira Demikuko baselizaren kanpoaldean. Ondoren, 12:45ean, luntxa eta Arrekaxutxa triki-pandero taldearen emanaldia izango dira.
Otsailaren 8an jarraituko dute ospakizunekin, domekaz; 10:00etan hasiko da egitaraua Demiku-Katillotxu arteko mendi irteerarekin. 11:30ean, umeentzako jolasak eta tailerrak egongo dira auzoan, AXI taldearen eskutik. Eguerdian, 12:00etan, Josepa kale kale taldearen emanaldia izango da, eta 13:00ean meza ospatuko da elizan; bertan, San Blas zintak eta kandelak salgai egongo dira.
Meza ostean, 13:30ak aldera, bertaratutakoentzako luntxa egongo da, eta Josepa kale kale taldearen emanaldiak jarraituko du, giroa alaituz. Ondoren, 13:45ean, auzoan ohikoa den ahizko tostada txapelketarako izen-ematea zabalduko dute, eta epaimahaiak txapelketara aurkeztutako tostadak dastatu ostean, sari banaketarekin emango zaio amaiera aurtengo Kandelaria jaiei.
Demiku Auzoko Bizilagunek eta Bermeoko Udalak herritar guztiak gonbidatzen dituzte Demikuko Kandelaria jaietan parte hartzera, auzoko ohiturak eta herri giroa elkarrekin ospatzeko aukera paregabea izango baita.