Albistea
Azarotik aurrera, Txilipitxeruek izeneko matro-igeriketa ikastaro berria martxan izango dugu Bermeoko Areneko kiroldegian. Jarduera hau 6 eta 36 hilabete bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta haurrarekin batera, guraso edo zaintzaile batek parte hartu beharko du saio bakoitzean. Izen-emateak gaurtik (urriaren 15a) aurrera egin daitezke aplikazio berriaren bidez, web orrian edo salmenta-makinetan.
Txilipitxeruek matro-igeriketa ikastaroa txikienei zuzendutako uretako jarduera da. Helburua ez da haurrak igeri egiten ikastea, baizik eta guraso eta haurraren arteko lotura afektiboa indartzea eta haurrak urarekin kontaktu positiboa izatea. Jarduerak haurra estimulatzen du, bere garapen fisiko eta emozionala sustatuz. Horrez gain, umeak kanpoan ez daukan mugimendu askatasuna lortzen du uretan. Saioetan hainbat ariketa eta joko egingo dituzte, haurrak ingurune lasaian eta seguru batean aritu daitezen. Guraso edo zaintzaileek gidatuko dute umea jarduera osoan zehar, bien arteko harreman berezia sortuta.
Asko dira ikastaroaren onurak: arnasketa aparatua hobetzen da, gihar-indarra eta garapen psikomotorea sustatzen dira, haurraren erlaxazioan laguntzen du eta gosea pizten du, guztiak ere ongizate orokorra eta lotura emozionala sendotzeko bidean. Saioak martitzenetan eta eguenetan izango dira, 16:15etik 16:45era, eta igerilekuko ura 30-32 gradura mantenduko da haur txikientzako tenperatura egokia bermatzeko.
Ekimen hau posible izan da iaz Areneko kiroldegiko igerilekuetan egindako berrikuntza teknikoari esker. Igerileku handia eta ertaina zirkuitu autonomoetan banatu ziren, hortaz, igerileku bakoitzak bere zirkuitu autonomoa dauka eta posible da ura tenperatura desberdinetara jartzea. Horrek aukera eman du jarduera bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako baldintzak eskaintzeko eta ekimen berritzaileak martxan jartzeko.
Udal arduradunek nabarmendu dute ikastaro hau pauso garrantzitsua dela herritarren ongizatearen eta kirol eskaintzaren dibertsifikazioaren bidean: “Areneko kiroldegiko instalazioek gaur egun eskaintzen duten egokitzapen teknikoari esker, mota honetako jarduera berriak eskaini ahal ditugu, umeen eta gurasoen arteko esperientzia aberasgarriak eskainiz”.
Informazio gehiago eta izen-emateak webgunean daude eskuragarri: