Albisteak

Albistea

Bermeoko emakumeen memoria bizia herrira zabalduko da datorren barikuan

  • Aurkezpen ekitaldiak emakume nagusien bizipenak, argazkiak eta oroitzapenak izango ditu ardatz, parte-hartze prozesu baten bidez osatutako memoria kolektiboa herritarren eskura jartzeko

Bermeoko Udaleko Berdintasun Sailak Bermeoko emakumeen memoria bizia ekimenaren aurkezpen ekitaldia egingo du datorren barikuan, ekainaren 26an. Proiektuaren helburua azken hilabeteetan garatutako parte-hartze prozesuaren emaitzak herritarrei erakustea eta Bermeoko emakume nagusien bizipenak, oroitzapenak eta ekarpenak ikusgarri egitea da.

Ekimen hau ELLAS elkartearekin elkarlanean garatu da, eta emakumeen argazki-albumetatik abiatutako prozesu baten emaitza da. Irudien bidez, parte hartu duten emakumeek euren bizi-ibilbideei, herriaren bilakaerari eta garai bateko eguneroko bizimoduari lotutako kontakizunak partekatu dituzte. Horrela, emakumeen begiradatik eraikitako memoria kolektiboa jaso eta herrira zabaltzeko aukera sortu da.

Aurkezpen ekitaldiak bi atal izango ditu. Lehenengo, 22:30ean, Taraskan, memoria ibilbidea egingo da prozesuan parte hartu duten protagonistekin batera. Ibilbidean zehar, Alde Zaharreko hainbat lokaletan jarritako biniloak ezagutzeko aukera egongo da; bertan jaso dira parte-hartzaileek emandako antzinako argazkiak eta proiektuaren memoria osatzen duten irudiak.

Ondoren, 23:00etan, Bekoportalen, Urdin Urdiñe proiekzioa egingo da. Ikus-entzunezko lan horrek prozesuan parte hartu duten emakumeen testigantzak eta bizipenak jasotzen ditu.

Arantza Ormaza Tarantino Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, ekimenak “emakume nagusien memoria aitortzeko, haien ahotsak erdigunean jartzeko eta herriaren historia kontakizun zabalago eta partekatuago batetik berrirakurtzeko” aukera ematen du. Izan ere, emakumeen esperientziak eta ekarpenak sarritan bigarren planoan geratu izan dira memoria kolektiboaren eraikuntzan, eta proiektu honen bidez haiek ikusarazi eta balioan jarri nahi dira.

Ekimenak Euskara Sailaren laguntza ekonomikoa izan du, eta herriko hainbat pertsona, eragile eta komertzioren elkarlanari esker gauzatu da. Bermeoko Udalak bereziki eskertu nahi du prozesuan parte hartu duten emakumeen ekarpena, euren argazkiak, oroitzapenak eta bizipenak partekatzeagatik, baita Alde Zaharreko lokal jabeena ere, euren espazioak memoria kolektiboa herriratzeko erabiltzeko prestutasunagatik.

Bermeoko Udalak herritarrak gonbidatzen ditu ekainaren 26ko aurkezpen ekitaldian parte hartzera eta emakumeek eurek eraikitako memoria bizia ezagutzera.

22 / 06 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0