Albisteak

Albistea

Bike Park bat egitea, aurrekontu parte-hartzaileen proiektu irabazlea

  • Gimnasioa handitzea eta ordutegia luzatzea izan da bigarren bozkatuena, eta padel-kantxa egiteko proposamena hirugarrena.

Bermeoko Udalak gaur prentsaurrekoan jakinarazi du, Bike Park bat egitea izan dela 2026ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan bozka gehien jaso duen proposamena. Guztira, 210 boto eskuratu ditu eta, horri esker, udal gobernuak proposamena gauzatzeko gordetako 50.000 euroekin egingo den egitasmo irabazlea izango da.

Bigarren postuan Areneko kiroldegiko gimnasioa handitzeko eta ordutegia luzatzeko proposamena geratu da, 114 boto jasota; eta hirugarren postuan, padel-kantxa bat egiteko proposamena, 96 botoarekin.

Prozesu osoan 1.201 boto eman dira: 1.110 Internet bidez eta 91 boto kutxetan. Parte hartzeko ezinbestekoa izan da proposamen bakarra bozkatzea, behin bakarrik parte hartzea eta Bermeon erroldatuta egotea.

Miren Gabantxo Uriagereka, Berrikuntza, Gobernu Ireki eta Herritarren Arreta saileko zinegotziak nabarmendu du kirolarekin lotutako proposamenak izan direla bozkatuenak, lehenengo seiak kirol esparrukoak baitira. Halaber, azaldu du atletismo-pista, multikirol gune estalia eta Hermannueko kirol-kantxako konponketak ere bozkatuenen artean agertu direla: “Prozesu parte-hartzaile hau ikusita, gure herrian kirola garrantzitsua dela esan genezake”.

Era berean, gogorarazi du Bermeo naturalki pribilegiatua dela: “Bermeo natura aldetik baldintza oso onak dituen herria da, mendia eta itsasoa dituelako. Ingurune pribilegiatuan bizi gara, eta horrek zerikusia izan dezake txirrindularitzaren gorakadarekin. Gero eta zaletasun handiagoa dago herrian, eta horren adibide da aurtengo proiektu irabazlea”.

Proiektu irabazlea esku artean izanik, zinegotziak jakinarazi du  fase berri bati hasiera ematen diotela, proiektuaren garapena zehaztu, egin beharrekoak hausnartu eta herriko txirrindulari-elkarteekin adosteko, “elkarlanean gauzak hobeto ateratzen direlako”.

Zinegotziak gogorarazi du parte-hartzea udal gobernuaren lan-lerro garrantzitsua dela, eta orain arteko emaitzak oso positiboak izan direla: Talape hobetzeko lanak amaituta daude, eta Bermeoko Herri Eskolako Guraso Elkartearekin batera eskolako patioa hobetzeko lanak bideratuta daude. Horrez gain, herritarren parte-hartzea errazteko, martxan dago plataforma berritua: esaizu.bermeo.eus. Bertan aurkitu daitezke zabalik dauden parte-hartze prozesu guztiak, eta modu erraz batean parte hartzeko aukera ematen du.

Aurtengo prozesuan 194 proposamen jaso dira, eta horietatik 68 pasatu dira bozkatzeko fasera. Aukeraketa egiteko orduan, kontuan hartu dira interes orokorra izatea, proposamenak udalaren eskumenen barruan egotea eta, gehienez, 50.000 euroko aurrekontuarekin gauzatu ahal izatea.

Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk adierazi du aurrekontu parte-hartzaileak eta, oro har, prozesu parte-hartzaileak “garrantzitsuak” direla, herritarren nahien mapa zehatza ezagutzeko aukera ematen dutelako: “Udalarentzat oso garrantzitsua da herritarren lehentasunak zeintzuk diren jakitea; herritarren proposamenek gure lehentasunak markatzen dituzte, eta oso kontuan izaten ditugu”.

Azkenik, Bermeoko Udalak eskerrak eman dizkie 2026ko aurrekontu parte-hartzaileetan proposamenak egin eta botoa eman duten herritar guztiei, euren ekarpenek udal politikaren norabidea aberastu eta sendotzen dutelako.

05 / 12 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0