Albistea
Portuko Udal Kontseiluan mahaigaineratu eta bertan parte hartzen duten guztien adostasuna izan ostean, Bermeoko Udalak beste urrats bat emango du Portuzarra herritarren aisialdirako, topaketarako eta gozamen partekaturako espazio atseginago bihurtzeko bidean. Helburu horrekin, eremu horretan ibilgailuen zirkulazioa ordutegi jakin batean etetea erabaki da, herritarrek guneaz lasaitasun handiagoz ibiltzeko eta inguruneaz modu atseginagoan gozatzeko baldintzak indartuz.
Portuzarra Bermeorentzat balio handiko gunea da: itsasoari begira dagoen espazio irekia, herritarren eguneroko bizitzan gero eta presentzia handiagoa hartzen ari dena. Hori dela eta, udalaren ustez funtsezkoa da espazio publikoaren kalitatea zaintzea eta bertako erabilera atsegina sustatzea, herritar guztiek baldintza egokietan gozatzeko aukera izan dezaten.
Neurri berriak martxoaren 27tik aurrera jarriko dira indarrean, eta lehen fase honetan eremuaren sarrera itxiko da ordutegi jakin batean, trafiko arrunta saihesteko eta oinezkoen presentzia lehenesteko.
Noiz itxiko da?:
Azpimarratzekoa da ordutegi horretan portua erabat itxita egongo dela ibilgailuentzat, larrialdi-egoerak salbu. Ondorioz, ibilgailua portura sartzen duenak 13:00ak baino lehen atera ezean, 18:00ak arte ezin izango du bertatik mugitu. Halaber, ordutegi horretan ezingo da sarrerarik egin, salbuespenezko egoerak izan ezik.
Baimen bereziak eskatzeko, apirilaren 15etik aurrera
Neurria pixkanaka ezarriko da. Lehenengo fasean hesiak erabiliko dira sarrera kontrolatzeko, eta aurrerago kamera bidezko kontrol-sistema ezartzea aurreikusten du udalak, kudeaketa eraginkorragoa eta segurtasun handiagoa bermatzeko.
Era berean, trafikoaren antolaketa hobetzeko helburuarekin, liburutegiaren aurrean biribilgune bat margotuko da, ibilgailuek modu errazago eta seguruagoan maniobratu ahal izan dezaten.
Aurrerago, hurrengo fasean, Portuzarreko eguneroko jarduerarekin eta bertako erabilera ohikoekin lotura zuzena duten eragileentzat sarbide-baimen sistema bat ezarriko da, jarduera ekonomikoa eta auzoko bizimodua bermatzeko helburuarekin.
Horrela, amarratutako ontzien erabiltzaileek, lonjen jabeek, jarduera portuan egiten duten kirol elkarteek, ostalaritza-establezimenduek eta gainerako negozioek eta inguruko bizilagunek, ibilgailuarekin sartzeko baimena eskatu ahal izango dute. Kasu guztietan, baimendutako pertsona bakoitzak, gehienez, bi ibilgailuren matrikulak erregistratu ahal izango ditu, sarbidearen kontrola eta espazioaren erabilera arduratsua bermatzeko.
Interesdunek euren datuak eman beharko dituzte apirilaren 15etik ekainaren 15era bitartean, Berhazen aurrez aurre edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez, dagokion baimena kudeatu ahal izateko.
Hala ere, nabarmendu nahi da, aurtengo Aste Santuko oporraldian ez dela baimenik aplikatuko, eta, beraz, egun horietan ez dela salbuespenik egingo.
Bermeoko Udalaren ustez, neurri honek Portuzarraren izaera indartzen lagunduko du, paseorako, egonaldirako eta harreman sozialerako gune atsegin eta ireki gisa. Espazio publikoaren erabilera orekatuagoa sustatzea da xedea, bertan sortzen den bizitza soziala aberastuz eta elkarbizitza baldintza egokiak bermatuz.
Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyren hitzetan, “Portuzarra gure herriarentzat balio handiko espazioa da, eta denon artean zaindu eta gozatzeko modukoa izatea nahi dugu. Neurri honen bidez, herritarrei espazio lasaiagoa, seguruagoa eta atseginagoa eskaintzea dugu helburu”.
Halaber, alkateak nabarmendu du neurri hau probaldi gisa abiatuko dela, bere eragina eta egokitasuna denboran zehar ebaluatzeko. “Asmoa da neurriaren garapena arretaz aztertzea eta herritarren erabilera-ohiturak kontuan hartzea, beharrezkoa balitz etorkizunean egokitzapenak egin ahal izateko. Helburua argia da: Portuzarraren erabilera guztiontzat egokia, orekatua eta iraunkorra izatea”.
Azken batean, neurri honen bidez Bermeoko Udalak bateragarri egin nahi ditu Portuzarraren erabilera anitzak, espazioaren izaera zainduz eta bertan bizi, lan egin edo jarduten duten guztien beharrak kontuan hartuta. Helburua da Portuzarrak bere izaera irekia eta bizia mantentzea, denon artean gozatzeko moduko espazio atsegin eta zaindua izaten jarrai dezan.