Albisteak

Albistea

Arostegi kalea eta udaletxe aurreko espaloia egokituko dira, Next Generation funtsen laguntzaz

  • Irisgarritasuna hobetu, ingurunea edertu eta herritarren bizi-kalitatea handitzea dute helburu maiatzaren amaierara arte luzatuko diren obrek

Bermeoko Alde Zaharra biziberritu eta gune erakargarriago bihurtzeko bidean, beste pauso esanguratsu bat emango da datozen asteotan. Izan ere, Bermeoko Alde Zaharreko edertze eta berreskurapen Planaren baitan, Arostegi kalearen eta udaletxe aurreko espaloiaren egokitzapen obrak hasi dira gaur bertan.

Lan hauen helburua da, besteak beste, irisgarritasuna nabarmen hobetzea, kaleen itxura berritzea eta garbiketa lanak erraztea; horren guztiaren bidez, herritarren bizi-kalitatea areagotzea bilatzen da. Proiektuak aurreikusten du errepidea eta espaloia maila berean jartzea, oztopo arkitektonikoak ezabatu eta erabilera erosoagoa bermatzeko.

Halaber, euri-urak behar bezala bideratzeko, granitozko ā€œVā€ formadun pieza berezi bat instalatuko da. Bestetik, eta ahal den neurrian, gaur egun agerian dauden zerbitzu-sareak lurperatuko dira, bereziki hornidura elektrikoari, telekomunikazioei eta argiteriari dagozkienak.

Obrak hiru fasetan gauzatuko dira. Lehenengo fasean, gaur bertan hasi dena, Goiko Plaza eta Talaranzko kalearen bidegutzerainoko tartea egokituko da, eta tarte horretan zirkulazioa zubitik bideratuko da Lameraraino. Bigarren fasean, berriz, Talaranzko kaleko bidegurutzetik zubirainoko zatia egingo da, eta tarte hori zirkulaziora itxiko da; beraz, ibilgailuek Nardiz tar Jon kalerako bidea hartu beharko dute. Azkenik, hirugarren fasean, udaletxe aurreko espaloia egokituko da. Aurreikuspenen arabera, lan guztiak maiatzaren amaierarako amaituta egongo dira.

Egokitzapen obra hauek Europar Batasunaren Next Generation funtsen bidez finantzatu dira, eta Estudios y Obras Rekalde SL enpresak gauzatuko ditu, 212.542,10 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne).

Bermeoko Udalak barkamena eskatu nahi du obrek iraun bitartean sor daitezkeen eragozpenengatik, eta ulermena eskertzen du, herriaren onerako egingo den esku-hartze honen garrantzia azpimarratuz.

15 / 04 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0