Albisteak

Albistea

Bermeoko Musika Eskolak ‘Musikaren Olatuak’ kontzertu zikloa antolatu du datorren asterako

  • Adin desberdinetako ikasleek hiru egunez eskainiko dituzte emanaldiak, martxoaren 9tik 11ra bitartean

Bermeoko Udalaren Musika Eskolak Musikaren Olatuak izeneko kontzertu zikloa antolatu du datorren asterako, musika eskolako ikasleen lana jendaurrean aurkezteko eta herritarrei zuzeneko musikaz gozatzeko aukera eskaintzeko asmoz. Martxoaren 9tik 11ra bitartean egingo diren emanaldietan, eskolan instrumentua ikasten ari diren ikasle gazte zein helduek parte hartuko dute, azken hilabeteotan prestatutako piezak taula gainera eramanez.

Kontzertu guztiak Bermeoko Musika Eskolako audizio gelan egingo dira, eta hiru egunez banatutako lau saio eskainiko dira. Horrela, astelehenean, martxoaren 9an, 19:00etan hasiko da zikloa, bateria, piano eta trikitixa ikasleen emanaldiarekin.

Martitzenean, martxoaren 10ean, bi saio egingo dira. Lehenengoa 18:00etan hasiko da, eta bertan saxofoi, txelo, tronpeta, piano, trikitixa, gitarra eta bateria ikasleek parte hartuko dute. Bigarren saioa 19:15ean izango da, eta gitarra elektrikoa, baxua eta flauta jotzen duten ikasleak igoko dira oholtzara.

Zikloa eguaztenean, martxoaren 11n, amaituko da, 18:30ean hasiko den azken kontzertuarekin. Saio horretan txistu, pandero eta piano ikasleek eskainiko dute euren emanaldia.

Kontzertuetan estilo eta garai askotako piezak entzuteko aukera izango da, ikasleek errepertorio anitza prestatu baitute. Horrela, musika klasikotik hasi eta rock, pop zein euskal musikara arteko doinuak interpretatuko dituzte, besteak beste, Guns N’ Roses, Coldplay, Nirvana, The Sticks, Survivor, Stevie Wonder, Lady Gaga, Mecano, Benito Lertxundi, The Eagles edo Tchaikovsky bezalako artisten lanak oinarri hartuta.

Halako emanaldiek garrantzi berezia dute musika ikasleen prestakuntzan, ikasgelan egindako lana jendaurrean partekatzeko aukera ematen baitiete, baita oholtzan jotzeko esperientzia eskuratzeko ere. Aldi berean, publikoarentzat aukera paregabea izaten da herriko musikarien lana gertutik ezagutzeko eta askotariko instrumentuen eta estiloen bidez musikaz gozatzeko.

Bermeoko Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu kontzertuetara bertaratzera, azpimarratuz ekimen hau aukera ona dela herriko musika eskolako ikasleen lana ezagutzeko eta zuzeneko musikaz giro hurbil eta atseginean disfrutatzeko.

05 / 03 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0