Albisteak

Albistea

Badator Mareak Jaialdia tradizioa eta abangoardia batzen dituen Bermeoko hitzordu kulturala

  • Urriaren 13tik 18ra, zazpi jarduera izango dira Bermeon —horietatik bost doakoak—, musika, artea, hitza eta ondarea uztartuz.

Bermeo kulturaren marean murgilduko da berriro urriaren 13tik 18ra, Mareak Jaialdiaren edizio berri batekin. Jaialdiaren 11. edizioa da aurtengoa, eta zalantzarik barik, Bermeoko kultur egutegiko ezinbesteko hitzorduan bihurtu da.

MB2000 elkarteak, Bermeoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, jaialdiak sei egunetan zazpi ekitaldi eskainiko ditu, publiko desberdinentzat eta gehienak doakoak. Ordaindu beharreko ekitaldi bakarrak barikuan eta zapatuan Bermeoko Kafe Antzokian (8 €) eskainiko diren kontzertuak izango dira.

Endika Etxebarria Telleria Kultura zinegotziak adierazi du Mareak Jaialdia tradizioa eta abangoardia uztartzen dituen espazio paregabe modura finkatu dela Bermeon: “Eskerrak eman nahi dizkiet 11 urteko bidaia honetan parte hartu duten guztiei: antolatzaileei, artistei, babesleei eta, jakina, publikoari, urtero erakusten baitu jaialdiarekiko babesa eta gogoa; horrela lortu da honaino iristea. Ziur nago edizio hau ere une ahaztezinez beteta egongo dela”.

Ane Ortube, Mareak jaialdiko antolatzaileak aurten ere gogorarazi du, “mimoz eta ahalegin handiz” prestatzen dutela jaialdia, kultura “topagunea eta sormenaren lekua dela” sinesten dutelako: “Aste kultural honen barruan, proiekzioak, musika, irteerak eta ipuin-kontalariak izango ditugu, gustu guztietako herritarrentzat antolatutakoak. Herritar guztiak gonbidatzen ditugu sormenaren marea honetan murgiltzera”.

Urriaren 13an, astelehenean, 18:30ean, Frantziskotarren klaustroan egingo da Mareak Jaialdiaren hasierako saioa, Emeen Kemen narrazio musikatuarekin, Maider Alzelai eta Igor Salaren eskutik. Ahozko narrazio musikatu honek emakumeen indarra eta ausardia azaleratzen ditu, akordeoiaren doinuekin lagunduta. Sarrera librea izango da.

Urriaren 14an, martitzenean, 19:00etan, Arrantzaleen Museoak, Habia hirukotearen kontzertua hartuko du, eta doan izango da sarrera. Nafarroa Behereko taldea da, eta folk klasikoa eta euskal tradizioa uztartzen ditu, Etxepare, Gandiaga eta Sarrionandia bezalako autoreen testuekin.

Urriaren 15ean, eguaztenean, 19:00etan ere, eta Arrantzaleen Museoan, Ana Galarraga eta Petti izango dira protagonista Frankenstein Agurgarria lanarekin. Mary Shelleyren Frankenstein gotikoaren klasikoan oinarrituta dago, baina gaurkotasunera ekarrita. Nolabait esateko, Victor Frankenstein doktorearentzako gutun musikatua da. Testua eta abestiak uztartuz, hainbat gogoeta transmititzen dira ikuspegi moderno batetik. Sarrera doan izango da.

Urriaren 16an, eguenean, 19:30ean, Bermeoko Kafe Antzokian, Sretno dijete (Ume zoriontsua) dokumentala proiektatuko da, sarrera librea izanik. Igor Mirkovic zuzendariaren lan honek 80ko hamarkadako Zagreben punk eta new wave mugimenduak gogora ekartzen ditu, eta garaiko gazteetan izan zuen eragina islatzen du.

Urriaren 17an, barikuan, 20:30ean, Bermeoko Kafe Antzokian, euskal folkaren gau berezia izango da Besaide taldearekin. Besaidek euskal folkaren berrikuntza irudikatzen du. Hala, bertaratzen direnek, Euskal Herriko folk eszenako talde fresko eta aurreratu bat ikusteko aukera aparta izango dute. Sarrera 8 euro ordaindu beharko da.

Urriaren 18an, zapatuan, 09:45ean Bermeoko autobus-geltokitik abiatuko da Sorbituagako Iruinarrira antolatu den bisita gidatua, eta 11:30ean, Juan Carlos Quintana arkeologoak azalpenak emango ditu. Urdaibaiko altxor megalitiko hau ezagutzeko aukera eskainiko duen irteera hau ere dohainik eskainiko da. Sorbituaga-Arriatarako (Busturia) monolitoa Añetu mendiaren (367 metro) hegoaldeko hegalean dago, Arriatara eta Sorbituaga baserrien arteko zelai batean.

Egun berean, eta Mareak Jaialdiari amaiera emateko, antolatzaileen hitzetan, “galdu ezin daitezkeen” kontzertuak egongo dira Bermeoko Kafe Antzokian, 20:30ean hasita. Reserva Espiritual de Occidente (Madril), Doce Fuegos (Asturias) eta Comando Psicográfico (Galizia/Euskal Herria) taldeek folk iluna, esperimentazioa eta arte performatiboa uztartuko dituzte, edizioari amaiera paregabea emateko. Kontzertu hauen prezioa ere 8 eurokoa izango da.

 

Ortuberen esanetan, Mareak Jaialdiko ekitaldi guztiak dira “garrantzitsuak”, bakoitzak bere xarma baitu; hala eta guztiz ere, denetatik bat nabarmendu beharko balu, zapatu iluntzekoa izango litzateke, Bermeoko Kafe Antzokian izango diren kontzertuak.

Sarrera guztiak ekitaldi kultural bakoitzaren lekuan eskuratu beharko dira, edukiera bete arte.

Antolatzaileek pertsona guztiak gonbidatu dituzte Mareak jaialdian parte hartzera eta Bermeoko sormenaren olatuan murgiltzera.

08 / 10 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0