Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Bizkaibus zerbitzuaren aurreproiektuari alegazioak aurkeztu dizkio, herritarren beharrak ardatz hartuta

  • Udalak lineaz linea hobekuntzak proposatu ditu garraio publikoaren kalitatea eta irisgarritasuna bermatzeko, eta herritarrak ere alegazioak aurkeztera animatu ditu

Bermeoko Udalak alegazioak aurkeztu dizkio Bizkaiko Foru Aldundiak proposatutako garraio publikoaren zerbitzuaren aurreproiektuari, azken hilabeteetan landutako dokumentua zehatz-mehatz aztertu ondoren.

Udalak nabarmendu nahi izan du aurkeztutako alegazioak herritarren eskaera eta beharrak kontuan hartuta prestatu direla. Izan ere, azken urteotan jasotako iritzi eta ekarpenek pisu handia izan dute proposamenak osatzeko garaian, udalaren jardunaren oinarrian herritarren entzute aktiboa baitago.

Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk adierazi du, “ezinbestekoa” dela herritarren eguneroko beharrak erdigunean jartzea, eta garraio publikoaren antolaketan erabakiak hartzerakoan haien ahotsa kontuan izatea.

Aurkeztutako proposamenek, nagusiki, ibilbideen optimizazioa eta loturen hobekuntza dute xede. Hona hemen lineaz linea egindako ekarpen nagusiak:

A3524 (Bermeo–Bakio)

  • Neguko zerbitzuaren maiztasuna handitzea, orduro zerbitzua bermatuz.
  • Zerbitzua emango duen ibilgailu mota zehaztea.

A3527 (Bilbo–Mungia–Bermeo, autopistatik)

  • Jaiegunetan, domeketan eta udan zerbitzua indartzea.
  • Azken zerbitzua luzatzea (gutxienez 24:00etara lanegunetan eta “Gautxori” zerbitzua asteburuetan, 02:00ak arte).
  • Ibilbide zuzenak mantentzea, Mungiako erdiguneko geldialdirik gabe, denborak laburtzeko.
  • Segurtasuna eta erosotasuna bermatzea: eserleku bakoitzeko bidaiari bat eta ibilgailuen mantentze egokia.
  • Puntako orduetan errefortzuak ezartzea, bereziki Bilboko Plaza Eliptikoan sortzen diren pilaketak arintzeko.

A3528 (Bermeo–Mungia–EHU)

  • Lehen orduan autobus zuzen bat ezartzea, Mungian geldialdi bakarrarekin.
  • 12:00etan hasten diren klaseetara iristeko zerbitzu berria sortzea.
  • Itzulerako autobus zuzenak gehitzea.

A3515 (Bilbo–Amorebieta-Etxano–Gernika–Bermeo)

  • Gernikako Ospitalean geldialdi bat gehitzea, herritarren eskaerari erantzunez.

Udalaren iritziz, proposamen hauek guztiek lagunduko dute garraio publikoaren erabilera sustatzen, erabiltzaileentzako zerbitzu erosoagoa eta eraginkorragoa eskainiz, eta, aldi berean, jasangarritasuna indartuz.

Amaitzeko, Bermeoko Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu alegazioak aurkeztera, prozesu honetan parte hartzea funtsezkoa baita etorkizuneko garraio zerbitzua benetako beharretara egokitzeko. Alegazioak maiatzaren 22ra arte aurkeztu daitezke, Bizkaiko Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoaren bidez edo Edozein Erregistro bulegotan, idatziz.

Bermeoko Udalak konfiantza agertu du egindako ekarpenak kontuan hartuak izango direla, eta prestutasuna berretsi du Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean jarraitzeko, herritarren onerako izango den garraio sistema eraginkor eta kalitatezkoa lortzeko bidean.

30 / 04 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0