Albisteak

Albistea

Bermeok itsasoaren eta bere nortasunaren aldeko aldarria egin du XXXII. Arrain Azokaren inaugurazioan

  • Bermeoko Nautika Eskolak jaso du XXIX. Hegaluze Saria, itsas prestakuntzan egindako ibilbidea aitortuz

  • Udalerriak gastronomia, kultura eta itsas ondarea izango ditu ardatz domekara arte luzatuko den egitarau zabalean

Bermeok ofizialki inauguratu du gaur eguerdian XXXII. Arrain Azoka, herriko agenda sozial, ekonomiko eta kulturaleko hitzordu esanguratsuenetako bat. Lamerako karpan egin den ekitaldian herriko agintariak; Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak; inguruko hainbat herrietako alkateak; enpresa eta erakundeetako ordezkariak eta herritarrak batu dira, besteak beste, itsasoari estuki lotutako asteburuari hasiera emateko.

Itsasoa zaindu, bizia dastatu lelopean, aurtengo edizioak itsasoaren zaintza, jasangarritasuna eta belaunaldien arteko transmisioa jarri ditu erdigunean. Inaugurazio ekitaldian nabarmendu denez, Arrain Azoka ez da gastronomia edo jai giro hutsera mugatzen den hitzordua; Bermeoren memoria kolektiboa, itsas kulturarekiko lotura eta arrantzaleen ekarpena aitortzeko espazioa ere bada.

Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk herriak itsasoarekin duen harreman sakonean jarri du arreta bere berbaldian, Arrain Azoka “Bermeoren isla” dela adieraziz: “Arrain Azoka ez da azoka hutsa. Arrain Azoka Bermeo da”.

Itsasoa ez dela paisaia hutsa gogorarazi du; “herriaren sustrai, ogibide eta izaeraren parte dela”, nabarmenduta. Horregatik, aitortza berezia egin die belaunaldi askotan itsasoari aurre egin dioten arrantzaleei, haien lanari esker eraiki baitira herriaren nortasuna eta memoria kolektiboa.

Halaber, itsasoaren balio sinbolikoan ere sakondu du alkateak, askatasunarekin eta herrien arteko elkartasunarekin lotuz; duela gutxi Bermeoko portuan egon zen Aita Mari ontzia eta Summud flotilla aipatu ditu, giza eskubideen alde egiten duten lana goraipatuz. Ildo berean, euskararen eta itsasoaren arteko lotura estua ere nabarmendu du, arrantzaleen hizkerak eta itsas munduari lotutako hitzek herriaren ondare kulturala eta jakintza kolektiboa osatzen dituztela gogoratuz.

Inaugurazio ekitaldiaren baitan banatu da aurtengo XXIX. Hegaluze Saria ere, eta aitortza Bermeoko Nautika Eskolak jaso du, bere 50. urteurrenaren harira.

Ekarpen esanguratsuari aitortza

Sariaren bidez, Arrain Azoka elkarteak aitortza publikoa egin nahi izan dio arrantza munduan prestakuntzak duen funtsezko garrantziari eta, bereziki, Bermeoko Nautika Eskolak azken bost hamarkadetan egindako ekarpen esanguratsuari.

Ekitaldian azpimarratu denez, herrian bertan eskaintzen duen hezkuntza zerbitzuak balio handia dauka, itsasoari lotutako lanbideetan prestakuntza anitza eta espezializatua bermatzen duelako, eta sektorea aukera profesional duin eta erakargarri gisa sendotzen lagundu duelako urteotan.

Era berean, bere historian zehar egokitzeko eta berritzeko gaitasuna erakutsi duela nabarmendu da, gaur egun ere etorkizunari begira ekarpen handia egiteko prest dagoela agerian utziz.

Bere izaera integratzailea eta anitza ere bereziki balioetsi dira, baita emakumeen presentzia eta integrazioa modu naturalean sustatu izana ere, tradizionalki maskulinizatua izan den sektore batean aukera-berdintasunaren aldeko urrats esanguratsuak eginez.

Halaber, goraipatu egin da Nautika Eskolak betidanik erakutsi duen izaera herrikoia eta elkarlanerako gaitasuna. Tokiko beste hezkuntza-eragileekin elkarlanean aritzeko eta baliabideak partekatzeko izan duen prestutasunak komunitatea indartzen lagundu du urte luzez.

Arrain Azokarekin izan duen lotura estua ere bereziki nabarmendu da, itsasoarekin eta arrantzarekin lotura zuzena duen hitzordu honetan eskolaren ibilbidea aitortzeko une aproposa dela azpimarratuz.

Hori guztia dela eta, bere 50. urteurrena ospatzen ari den honetan, Bermeoko Nautika Eskolak merezitako aitortza jaso du gaur herritarren aurrean.

XXXII. Arrain Azokak domekara arte jarraituko du, eta asteburu osoan zehar askotariko jarduerak hartuko ditu herriak. Aurten 20 erakustoki bildu dira azokan, eta bertan kontserbak, arrain produktuak eta tokiko bestelako proposamenak dastatu zein erosteko aukera izango dute herritarrek zein bisitariek. Horrez gain, lehen aldiz, tokiko artisauen gunea ere izango da Pop-Up Kresaltsua izeneko espazio berrian.

Askotarikoak askotarikoentzat

Egitarauaren barruan, urtero harrera beroa izaten duten jarduerak ere izango dira: arrain salmenta itxurak, Nautika Eskolako nabigazio-simulagailura bisitak, Hegaluze itsasontzian irteerak edota Arrantzaleen Museora doako sarrera.

Herriko kultur eta kirol taldeek ere protagonismo berezia izango dute asteburuan zehar. Fanfarreak, txistulariak, trikitilariak, dantza taldeak, erraldoiak, gaiteroak eta danborrada kalez kale ibiliko dira, Arrain Azokaren giro berezia indartuz eta herriaren nortasuna agerian utziz.

Aurtengo edizioak itsasoaren zaintzarekin lotutako ekimen ugari ere hartuko ditu bere baitan. Eusko Jaurlaritzaren Aztertu programaren bidez, tailerrak eta familia-jarduerak egingo dira itsas ingurunea ezagutzeko eta ingurumenarekiko kontzientzia sustatzeko. Horrez gain, Nestor Basterretxea aretoan Itsasoaren sekretuak erakusketa dago ikusgai egunotan.

Bermeo Tuna World Capitalek eta Urdaibaiko Esentziek antolatutako dastaketek ere protagonismo berezia izango dute asteburuan. Zapatuan eta domekan egingo diren saioetan, atun eta hegaluze pintxoak eta Urdaibaiko txakolina uztartuko dira, kalitatea, jasangarritasuna eta tokiko gastronomia balioan jarriz.

Elkartasunak ere bere lekua izango du beste urte batez Arrain Azokan. Lamerako Solidaritza Gunean marmitakoa eta hegaluze errea dastatzeko aukera izango da, eta bildutako dirua gaixotasun arraroak dituzten Bermeoko umeen tratamenduetara bideratuko da, Osakidetzak estaltzen ez dituen beharrei erantzuteko.

Alkateak bereziki eskertu nahi izan du Arrain Azoka posible egiten duten pertsona, talde, elkarte, boluntario, enpresa eta erakunde guztien lana eta konpromisoa. Nabarmendu dutenez, herriko kultur eta kirol taldeek, ikastetxeek, babesleek eta parte-hartzaile guztiek egiten duten ekarpenari esker bihurtzen da Arrain Azoka urtez urte Bermeoko hitzordu nagusietako bat.

Era berean, dei egin du Arrain Azokaz errespetuz eta arduraz gozatzera, herria, ingurunea eta bertan lanean ari diren pertsona guztiak zainduz, asteburuko egitarauaz denek giro onean eta elkarbizitzan gozatu ahal izan dezaten.

Urtero modura, XXXII. Arrain Azokaren programa oso zabala da. Egitarau osoa eta eguneraketak https://bizibermeo.eus/arrainazoka/ webgunean eta sare sozialetan jarraitu daitezke.

21 / 05 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0