Albistea
Datorren domekan, maiatzaren 17an, Bermeo euskal kulturaren eta dantzaren bihotz bilakatuko da beste behin. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak antolatutako Bizkaiko Dantzari Eguna Bermeon egingo da aurten, Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien baitan. Hori dela eta, ehunka dantzari eta bisitari elkartuko dira herrian, Lamera kolorez, musikaz eta tradizioz betez.Ekitaldiaren aurkezpena egiteko prentsaurrekoa egin da gaur eguerdian Bermeoko udaletxean, eta bertan izan dira, besteak beste, Jose Maria Oyarzabal Somolinos Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko presidentea, BBK-ko Koldo Bilbao, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea eta Leixuri Arrizabalaga Arruza Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua.
Bizkaiko Dantzari Eguna Bizkaiko dantzarien urteko hitzordu nagusietako bat da, eta Jose Maria Oyarzabal Somolinosek gogorarazi duenez, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrean federatutako taldeentzako topagune eta erakusleiho aparta bihurtzen da urtero: “Gutxi gorabehera hirurogeita hamar dantza taldek hartuko dute parte aurtengo edizioan, urte osoan zehar egindako lana eta prestaketa jendaurrean eskaintzeko”.
Hilabeteetako entseguak, errepertorioaren lanketa, koordinazioa eta ahalegina izango dira ikusgai Bermeoko Lameran prestatu den tamaina handiko agertokian. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, parte-hartzaileen konpromisoa eta ilusioa izango dira eguneko ardatz nagusietako bat, adina edo esperientzia gorabehera. Era berean, ekitaldiak aukera emango du Bizkaiko dantza taldeen kalitate artistikoa eta gure folklorearen aberastasuna gertutik ezagutzeko.
Urtero eskualdez eskualde egiten den ekimen honek euskal kulturaren transmisioan eta sustapenean duen balioa ere azpimarratu nahi izan du. Izan ere, Dantzari Eguna belaunaldi berriei folklorea gerturatzeko eta herritarren artean euskal kulturarekiko atxikimendua indartzeko ezinbesteko hitzordua bihurtu da urteotan.
Aurten, gainera, Bermeok hirugarrenez hartuko du Bizkaiko Dantzari Eguna; aurretik 1994an eta 2009an egin zen herrian bertan.
Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk azpimarratu duenez, “ohore handia eta poza” da Bermeorentzat halako ekitaldi bat hartzea, eta bereziki Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrenarekin bat etortzea. Alkatearen hitzetan, euskal dantzak “gure herriaren arima” dira, eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako ondare bizia izanik, “zaindu, maitatu eta harrotasunez goraipatu beharreko altxorra” dira.
Alkateak, halaber, Alkartasuna Dantza Taldearen lana eta ibilbidea eskertu nahi izan ditu bereziki: “Mende erdian egindako lana eredugarria eta miresgarria izan da. Zuen konpromisoari eta ilusioari esker, gure dantzek bizirik diraute eta herri honek bere nortasuna sendotzen jarraitzen du”.
Aldaketak trafikoan eta mugikortasunean
Bizkaiko Dantzari Eguna dela eta, Bermeora ehunka dantzari zein bisitari iritsiko direla aurreikusita, trafikoan eta mugikortasunean hainbat aldaketa eta neurri berezi ezarriko dira herrian egun osoan zehar. Helburua izango da ekitaldia ahalik eta modu seguruenean eta egokienean garatzea, parte-hartzaileen joan-etorriak erraztearekin batera herritarren segurtasuna bermatuz.
Bizkaibus
Trafikoa
Horregatik, udalak herritarren ulermena eta elkarlana eskertu nahi ditu, eta ahal den neurrian garraio publikoa edo oinezko joan-etorriak lehenesteko deia egin du.
Leixuri Arrizabalaga Arruza diputatuak aipatu du Bizkaiko Dantzari Eguna gure kultura eta gure nortasuna zaindu eta sustatzen duen ekimen berezi eta errotua dela: “Gure musikak eta dantzak euskal kulturaren ardatz nagusietakoak dira, hizkuntzarekin batera, eta ezin dira bata bestea barik ulertu. Gure lurraldearen kultur aberastasunaren agertokia izango da Bermeo igande honetan”.
Bermeok, beraz, egun handia biziko du domekan; tradizioa, musika, dantza eta herri nortasuna uztartuko dituen ospakizun kolektiboa. Lamera dantzariz, doinuz eta kolorez beteko da, eta beste behin ere agerian geratuko da euskal kulturak herriak elkartzeko eta belaunaldiak lotzeko duen indarra.
Bizkaiko Dantzari Eguna ez da soilik erakustaldi artistiko bat; urte osoan zehar isilean egindako lanaren aitortza ere bada, baita gure ondare immaterialaren transmisiorako ezinbesteko topagunea ere. Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrenarekin bat eginik, aurtengo hitzorduak esanahi berezia izango du Bermeorentzat.
Antolatzaileek herritar guztiak eta bisitariak gonbidatu nahi dituzte egun osoan zehar antolatutako ekitaldiez gozatzera eta euskal dantzaren festarekin bat egitera; izan ere, dantzak batzen gaitu, herri egiten gaitu eta gure kulturaren taupadak bizirik mantentzen ditu.