Albisteak

Albistea

Bermeok bere konpromisoa sendotu du birziklapenarekin, eta materia organikoaren bilketari buruzko kontzientziazio-kanpaina berri bat abiarazi du

  • Bio-hondakinen bilketaren jaitsierari aurre egiteko, informaziohitzaldiak, saltokietara bisitak eta tailerrak egingo dira eskoletan.

Bermeoko Udalak komunitatearen indarraren eta ekintza kolektiboaren boterearen aldeko apustua egiten jarraitzen du ingurune garbiagoa, osasungarriagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko. Hala, ingurumen-kanpaina berri bat abiarazi da, materia organikoaren bilketari buruzko kontzientziazioan eta sentsibilizazioan oinarrituta, hondakinen kudeaketari norabide arduratsuagoa emateko eta lurraldearekiko errespetuzkoagoa den eredurantz aurrera egiteko konpromiso sendoarekin.

Azken urteotan, datuek joera kezkagarria erakutsi dute: hondakin organikoen bereizketa-indizeak nabarmen jaitsi dira. 2024an bakarrik, hondakin organikoen bilketa % 16 jaitsi zen aurreko urtearekin alderatuta; 118 tona batu ziren, hau da, biztanleko 7 kilo inguru urtean. Horrek zaildu egiten du gure hondakinak behar bezala tratatzea, murriztu egiten du udalerriko birziklatze-tasa, eta nabarmen handitzen du tratamenduaren kostua. Horregatik, Udalak uste du ahaleginak areagotu behar direla.

Kanpaina komunitario baten ikuspegitik

Bermeo 2019an hasi zen hondakin organikoak biltzen, eta gaur egun 50 edukiontzi marroi ditu herrigunean, etxebizitzetako erabilerarako. Horrez gain, ekoizle handiek (fruta-dendak, ostalaritza, ikastetxeak, egoitzak eta udal-merkatua) sortutako organikoa ere jasotzen da. Kanpaina berriaren helburua da herritar, denda eta ikastetxe guztiak berriro sentsibilizatzea materia organikoa behar bezala bereizteak eta eguneroko bizitzan integratzeak duen garrantziaz. Kanpainaren baitan, herritarrei zuzendutako lau hitzaldi informatibo egingo dira maiatzaren 7an eta 8an, 10:00etan eta 18:00etan, Nestor Basterretxea aretoan, eta baita ere, ostalaritzarako eta ekoizle handientzako saio berezi bat maiatzaren 6an, 18:00etan, leku berean. Establezimendu horietara ere zuzeneko bisitak egingo dira, mezua indartzeko eta inplikazioa sustatzeko.

Ingurumen hezkuntza haurtzarotik Komunikazioa.

Kanpaina ikastetxeetara ere iritsiko da kontzientziazio-tailerren bidez, haurtzarotik iraunkortasun-balioak ereitearen alde eginez. Aldi berean, informazio-triptikoak bidaliko dira etxeetara, eta kanpainaren ikusgarritasuna indartuko da udalerriko hainbat tokitan kartelak jarrita, hondakin organikoa etxean bereiztera animatzeko, zelan egin behar den jakinarazteko eta beharrezko materiala (kuboa, poltsak eta txartela) entregatzea errazteko.

“Ezin dugu lekua galtzen jarraitu gaikako bilketan. Gaizki bereizitako poltsa bakoitza aukera galdua da hondakinak baliabide bihurtzeko. Horregatik, kanpaina hau ez da ekintza instituzional bat bakarrik, erantzukizun kolektiborako deia da. Izan ere, Bermeok bat egiten duenean, Bermeok aurrera egiten du. Pertsona bakoitzaren keinua garrantzitsua dela jakitera eman gura dugu, etxean behar bezala bereiztetik edukiontzi marroia erabiltzeraino: Pauso bakoitzak batu egiten du. 2.300 familia baino gehiago daude edukiontzi marroiak erabiltzeko izena emanda, eta askoz gehiagorengana iritsi gura dugu”, adierazi du Zigor Uriondo Arrue Ingurumen zinegotziak.

Kanpaina honekin Bermeoko herritar guztiengana iristea da asmoa, etorkizun hobe baten alde egiteko. Izan ere, bihar partekatuko dugun ingurunea, gaur erakusten dugun inplikazioaren araberakoa izango da.

30 / 04 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0