Albisteak

Albistea

Busturialdeko gazteak zientzia, teknologia eta artearen inguruko orientazio eta trebakuntza jardunaldietan parte hartzen ari dira

  • 340 ikasle inguru ari dira parte hartzen Gernika-Lumon eta Bermeon antolatutako jardunaldietan, Bizkaia Gazteak Busturialdea 2025-2027 lankidetza-hitzarmenaren baitan

Busturialdeko ikasle gazteak zientzia, teknologia eta arte arloetan orientatzeko eta trebatzeko antolatutako jardunaldietan parte hartzen ari dira. Gaur, Gernika-Lumon antolatutako saioetan daude, eta bihar, berriz, Bermeoko Artza frontoian egongo dira.

Gernika-Lumon, arlo zientifiko-teknikoari eskainitako topaketan, eskualde osoko 177 ikasle daude; 163 ikasle izango dira, berriz, Bermeon egingo den arlo artistiko-sozialari buruzko jardunaldian.

Jardunaldi hauek Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta udalerrien artean sinatutako Bizkaia Gazteak Busturialdea 2025-2027 lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen dira. Hitzarmenaren helburua da udalerri horietako gazteria arloko politika integrala ezarri, bultzatu eta garatzea.

Honako zentroek parte hartzen dute jardunaldietan:

  • Gernika-Lumon: Urduliz 42, EHU Ingeniaritza, EHU Zientzia eta Teknologien Fakultatea, Tartanga, Zabalburu ikastetxea, Lea Artibai, Txorierri eta Zulaibar.
  • Bermeon: Kunsthal, ECPV (Euskal Herriko Zine Eskola), EUNEIZ, Zabalburu ikastetxea, Lea Artibai eta Txorierri.

Horrez gain, erakusketa gune berezi batean, ikasleek goraka doazen teknologia berriak probatzeko aukera daukate: errealitate birtuala, beso robotikoak eta adimen artifizialeko aplikazioak, besteak beste. Teknologiaren arloko adituen eskutik, gazteek aukera dute tresna horiek zentroek eskaintzen dituzten prestakuntza-programetan eta etorkizuneko lan-errealitatean nola integratzen diren ulertzeko.

Proiektu honen baitan, eskualdeko DBH eta Batxilergoko gurasoei zuzendutako orientazio jardunaldiak aurreikusita daude 2026ko urte hasierarako. Azoka modura egingo den jardunaldian, Autonomia Erkidegoko goi-mailako ikasketa zentroek euren eskaintza erakutsiko dute.

27 / 11 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0