Albistea
Bermeo aukeratu dute osasun arloko sailen arteko kontsulta ezartzeko herri pilotu gisa. Tresna digital berri honek Osakidetzako eta oinarrizko gizarte-zerbitzuetako profesionalen arteko komunikazioa erraztuko du. Sistema horri esker, behar sozial edo sanitario bat hautematen denean, profesionalek informazioa modu seguruan, azkarrean eta antolatuan trukatu ahal izango dute, herritarrei ematen zaien arreta hobetzeko.
Osasun arloko sailen arteko kontsulta gizarte eta osasun eremuko profesionalei zuzendutako tresna bat da, eta komunikazio-kanal asinkrono bat ezartzea du helburu, koordinazio soziosanitarioko balizko kasu baten aurrean beste sistemari kontsulta egin ahal izateko. Koordinazio-prozesuko lehen kontaktua da, eta komunikazioa ez ezik, kasua erregistratzea ere ahalbidetzen du.
Ekimen hau Osakidetzako Barrualde-Galdakaoko ESIk, Bermeoko gizarte-zerbitzuetako taldeek eta Busturialdeko eta Lea Artibaiko mankomunitateek elkarrekin egindako lanaren emaitza da. Honen guztiaren atzean 18 hilabeteko lana eta bilera asko daudela aipatu dute udaleko gizarte ongizateko arduradunek.
Osasun arloko sailen arteko kontsultak bi erakundeen informazio-sistemen arteko konexio elektronikoaren bidez funtzionatuko du. Konexio horrek, erakunde bakoitzaren autonomiari eusteaz gain, kasu bakoitza eraginkortasun handiagoz erregistratu, jarraitu eta kontsultatzeko aukera emango du. Ekimena elkarreragingarritasun-eredu batean oinarritzen da, eta horrek bermatzen du esku-hartze bakoitza modu trazagarrian eta eskuragarrian erregistratuta geratzea, bai osasun-sisteman eta baita ere gizarte-sisteman.
Proiektu honekin, Bermeo erreferente bihurtzen da arreta integratuaren esparruan, eta urrats sendo bat ematen du bai lankidetzan, eta baita ere, pertsonei eta haien benetako beharrei erantzuteko ereduan oinarritutako sistema baterantz.
“Pozik gaude Bermeo proiektu berritzaile honetan parte hartzen ari delako; aukera ematen digu koordinatuago eta eraginkorrago lan egiteko. Gure herria aitzindaria izatea, zalantzarik gabe, herritar guztientzako onuragarria izango da. Osasungintza eta bermeotarren ongizaterako bidean, izugarrizko aurrerapausoa dugu hau. Erakunde eta zerbitzu desberdinen koordinazioa ezinbestekoa da, eta gure lan taldea zoriontzea baino ez zaigu geratzen lan potolo honen parte izateagatik”, azaldu du Bermeoko Gizarte Ongizateko zinegotzi Endika Etxebarria Telleriak.
Esperientzia pilotu honek bultzada garrantzitsua ematen dio kudeaketa publiko arinago, modernoago eta herritarrengandik hurbilago bati, zeinetan pertsonak dira gizarte eta osasun ekintzen ardatz nagusia.