Albisteak

Albistea

Bermeotarrek erabakiko dute 2027ko aurrekontu parte-hartzaileen bidez gauzatuko den ekimena

  •       Gaur hasi eta urriaren 25era bitartean, herritarrek proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte.
  •       50.000 euro bideratuko dira herritarrek aukeratutako ekimena gauzatzera.

Bermeoko Udalak 2027ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesua abiarazi du. Hurrengo asteetan, bermeotarrek aukera izango dute udal aurrekontuaren zati bat zertara bideratu erabakitzeko: herritarrek aurkeztutako proposamenen artean, bideragarritasun teknikoa gainditzen dutenak bozkatu ahal izango dituzte, eta boto gehien jasotzen dituen ekimena izango da gauzatuko dena.

Prozesuaren lehen fasea gaur bertan hasiko da eta urriaren 25era arte egongo da zabalik. Epe horretan, herritarrek beren proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, bai udal eraikinetan horretarako prestatutako kutxetan, bai elektronikoki, eta baita ere karteletan eta udalaren hedapen-materialean eskuragarri dagoen QR kodearen bidez.

Aurkezten diren ekimenek, ordea, zenbait baldintza bete beharko dituzte. Interes orokorrekoak izan beharko dira, udalaren eskumen eta ahalmenen barruan egon, eta gehienez 50.000 euroko kostua izan. Hautatutako proiektua zenbateko horretara iristen ez bada, gainerakoa, proposamen zerrendako beste proiektu batera bideratuko da. Proposamena inbertsio bat edo urte bateko kontratua izan beharko da.

Proposamenetik bozketa publikora

Aurkeztutako proposamen guztiak aztertu ondoren, udaleko teknikari eta ordezkari politikoez osatutako mahai batek horien bideragarritasun teknikoa eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten ala ez egiaztatuko du.

Prozesuak bost fase izango ditu:

  • Proposamenak aurkeztea: urriaren 9tik 25era.
  • Bideragarritasun teknikoaren azterketa: urriaren 26tik 30era.
  • Proposamen onartuen zerrenda argitaratzea: azaroaren 2an.
  • Bozketa: azaroaren 2tik 22ra.
  • Proiektu irabazlea jakinaraztea: azaroaren 30ean.

NAN edo AIZ duten eta Bermeon erroldatuta dauden adin guztietako herritarrek parte hartu ahal izango dute.

Proposamenak aurkezteko, herritarrek Berhazen, Gizarte eta Kultura Etxean, Liburutegian, Areneko Kiroldegian eta Zaharren Egoitzan dauden kutxak erabili ahal dituzte. Horrez gain, aukera egongo da proposamenak elektronikoki egiteko (Esaizu), kartel eta bestelako informazio euskarrietan eskuragarri dagoen QR kodearen bidez.

Iazko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan 68 proposamen iritsi ziren bozketa fasera. Herritarrek Bike Park bat egiteko proposamena hautatu zuten, 210 botorekin. Aurrekontu parte hartzaileen prozesuan ekimen bat garailea izateak, eremu edo jarduera horretara berriro prozesu honetako diru kopurua bideratzeko ezintasuna ezartzen du, hiru urtetan.

Bermeoko Udalak herritarrak animatu ditu proposamenak aurkeztera eta bozketa-fasean parte hartzera. Udalaren esanetan, herritarren inplikazioa funtsezkoa da aurrekontu parte-hartzaileen prozesuak udalerriko beharrizan eta interesei erantzun diezaien, eta herritarrek udal aurrekontuaren zati baten norabidean zuzenean eragiteko aukera izan dezaten.

09 / 10 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0