Albisteak

Albistea

Bermeok bere udalaren historia bizia omendu du, duela 12 urteko sutea gogoan hartuz

Gaur, Bermeoko Udaletxean ospatutako ekitaldi berezi batean, duela 12 urte Alde Zaharrean piztutako suteak herrian utzitako arrastoak eta udalaren historia hurbila izan dira ardatz nagusi. Ekitaldiak oroimena, aitortza eta eskertza uztartu ditu.


Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak gogorarazi du 2013ko apirilaren 11n gertatutako suteak ez zuela bakarrik eraikina kaltetu, baizik eta udalaren funtzionamendua bera ere eten zuela: “Ez zen bakarrik eraikina galdu; udal-kudeaketa eten egin zen, langileak beste toki batzuetara lekualdatu behar izan ziren, eta Bermeok bere erreferente nagusietako bat galdu zuen”, esan du.


Hala ere, nabarmendu du Bermeok sekula ez duela amore eman, eta urteotan egindako lan kolektiboaren balioa azpimarratu du: “Guk badakigu beltzean badagoela berdea, eta errautsean ernea”. Hartara, udalaren eguneroko funtzionamendua posible egin duten pertsona guztiei eskerrak eman dizkie. Udal langileak aipatu ditu bereziki, euren “lan isila eta etengabeko konpromisoa” goraipatuz. Era berean, udal ordezkari politikoen lana ere nabarmendu du, eurek hartu baitute “Bermeoren norabidea gidatzeko ardura”.


Bermeoko alkateak adierazi du gaurko eguna ez dela eraikin bat berreskuratu izanaren ospakizun hutsa: “Gaur, Bermeoko Udalaren historian parte hartu duzuen guztiei aitortza egin gura dizuegu”. Bere hitzetan, “herriaren etxea” den eraikin hau berriz irekita dago, baina batez ere, “Bermeok ez du sekula funtzionatzeari utzi, zuen konpromisoari esker”.

Herritarrak ere aipatu ditu alkateak, eskerrak emanez, erakutsitako pazientzia, laguntza eta konfiantzagatik.


Bermeoko Herri Babesako boluntarioek ez dute egun hura ahaztuko. Beti daude, Bermeoren beharretara, eta zelan ez, sutea itzaltzeko lanetan ere parte hartu zuten. Gaur, Jon Ojanguren Herri Babesako koordinatzaileak, suteko goizaldea ekarri du gogora, eta udalerriko eta Alde Zaharreko egungo beharrizanak eta erronkak aipatu ditu.


Ekitaldia bisita gidatu batekin amaitu da. Udaletxea zaharberritzeko proiektua Begoña Tavera eta Ramon Garay arkitektoek abiatu zuten, eta haiek zendu ondoren, Arkaitz Izarra arkitektoak eta Alexander Aranburu aparejadore bermeotarra arduratu ziren lanari jarraipena emateaz. Bisita Izarra arkitektoaren eskutik egin da, abenduan herritarrekin egindako inaugurazioarekin egin modura.

Gaurko eguna memoria, konpromisoa eta komunitatearen batasuna ospatzeko eguna izan da. Alkatearen hitzetan: “Hau zuen etxea da, izan zen, eta izango da beti”.

11 / 04 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0