Albistea
Sariak eta proiektu irabazleak
Aiora Uriartek (18 urte, Arratzu) aurkeztutako enpresa-ideia familia-proiektu batetik sortzen da, egurrezko joko tradizionalak eta eskulanak berreskuratu eta gaurkotzeko asmoz. Helburua da adin guztietarako jolas eta jarduera praktikoak eskaintzea, gizarte-inklusioa, sormena eta belaunaldien arteko harremanak sustatuz. Egurrez egindako jolasak eskuz lantzen dira, eguneroko bizitzara egokitu eta gaitasun ocial, motor eta sentsorialak garatzeko. Proiektuak hiru jarduera-ildo nagusi ditu, alegia: adin desberdinetarako jolas inklusiboak, aniztasun sozialari erantzuteko; 0–5 urte bitarteko haurrentzako familia-guneak, sormena, mugikortasuna eta esplorazio sentsoriala lantzeko eta, azkenez, adinekoentzako jolas estimulagarriak, oroitzapenak berreskuratu eta aktibitate kognitiboa bultzatzeko.
Ekoizpena Arratzun egiten da, material naturalak erabiliz eta kalitatea lehenetsiz. Jolasak udal ekitaldietan (jaiak, azokak, eskolak, egoitzak…) aurkezten dira, eta salmenta presentziala zein online eskaintzen da. Bere bereizgarriak dira produktuen originaltasuna, eskuz egindako kalitatea eta 200 jolas baino gehiagoko katalogoa, publiko zabal bati zuzendua.
Proposamenaren atzean Maddi Amezaga dago (29 urte, Errigoiti). Garile ingurumen-hezkuntzako eta landa-ekintzailetzako ekimena da, Errigoitin eta Busturialdean gari tradizionala eta haren nekazaritza-kultura berreskuratzeko helburua duena. Proiektuaren xede nagusia da ia galduta dagoen ondare agrikola balioan jartzea, agroekologia eta belaunaldien arteko hezkuntza uztartuz, eta komunitatean “oroimena, identitatea eta etorkizuna ereitea”. Ingurune natural eta historikoarekin berriro konektatuko duten hezkuntza eta kultura zerbitzuak eskaintzen ditu, jasangarritasunaren eta ondare kulturalaren babesaren alde eginez, Agenda 2030era lerrokatuta.
Iker Egiak (25 urte, Ajangiz) sortutako proiektuak basogintzako zerbitzu integralak eskaintzen ditu: baso-landaketak, garbiketak, zur ateratzea, pista konponketak, mozketa eta garraioa. Urdaibaiko ingurunea ondo ezagutzen du Ikerrek, beraz, tokiko beharretara egokitutako zerbitzu arin eta eraginkorrak eskainiko ditu. Enpresaren balioa da zerbitzu guztiak recio onean eta fidagarritasunez ematea, eta basogintzan lan egiten duten askok eskaintzen ez dituzten lanak ere barne hartzea.
Bizkaigane Errigoitin kokatutako ustiategi agroabeltzailea da, eta ekoizpen ekologikoa du oinarri: esne- eta haragi-behiak, ardiak eta txerriak hazten dituzte, eta gaztak, esnekiak eta haragi-produktuak bertan bertan eraldatzen dituzte. 80ko hamarkadan sortu zenetik, proiektuak Busturialdeko gazte ugari trebatzeko eta landa-eremuko ekintzailetza bultzatzeko balio izan du.
Azken urteotan, sortzaile beteranoek belaunaldi-erreleboa prestatu dute, eta bost gazte ganaduz osatutako Txapelkoop kooperatibak hartu du lekukoa. Kide guztiak 35 urtetik beherakoak dira, prestakuntza tekniko sendoarekin (Artzain Eskola, Agroekologia, Harakintza, Transformazio agroalimentarioa…), eta ustiategiaren fase guztiak menperatzen dituzte: abeltzaintza jasangarria, lurraren kudeaketa, produktuen elaborazioa eta komertzializazioa.
Bizkaigane gaur egun gazteen lidergopeko etapa berrian dago, eta ekoizpen ekologikoaren aldeko konpromisoa, tokiko garapena eta etorkizuneko ikuspegi sendoa uztartzen ditu. Belaunaldi-errelebo arrakastatsu eta antolatua da, landa-ingurunean etorkizunerako aukera erreala sortzen duena.
Sari banaketa eta epaimahaia
Ekitaldian parte hartu dute Nadia Nemeh Bermeoko alkate andreak, Ager Lejarreta Urremendi Landa Garapen Elkarteko lehendakariak eta Ziortza Bilbao Gernika-Lumoko zinegotziak.
Epaimahaia honakoek osatu dute: Joseba Irazabal (Gernika-Lumoko Udala, Lanbide Ekimenak), Jokin Garatea (Urremendi eta Foruko Udala), Nerea Hormaetxe (Bermeoko Udala, Behargintza Enplegu Zentroa), Leire Zaballa (HAZI Bizkaia) eta Xiomara Gezuraga (IES Barrutialde).
Balorazio-irizpideak izan dira: berrikuntza, balio erantsia, originaltasuna, kalitatea eta enplegua sortzeko potentziala.
Irabazleen kontaktuak: