Albistea
Bermeoko Udalak udal hondakinen kudeaketa tasa berria onartu du osoko bilkuran, Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 7/2022 Legearen betebeharrak betez. Lege horrek agintzen du tokiko erakundeek tasa espezifiko, bereizi eta ez-defizitario bat ezarri behar dutela, hondakinen bilketa, garraioa, tratamendua eta kudeaketa osoaren kostuak estaltzeko, kostu errealak, zuzenak eta zeharkakoak barne hartuta. Aho batez onartu da udal hondakinen kudeaketa tasa, EH Bildu, Guzan eta EAJren aldeko botoekin.
Nadia Nemeh Shomaly alkateak honakoa adierazi du: “Ez dugu tasa hau igo gura izan, baina gauza bat da gura duguna eta beste bat egin ahal duguna. Legea bete behar dugu, zerbitzuak bermatu eta kostuak hobeto banatu gura ditugu. Neurri hau herritarrak zainduz, herriko merkataritza babestuz eta etorkizunerako bide argi batekin hartu dugu, tasa objektiboagoa eta sozialki orekatuagoa izateko. Tasa igotzea ez da erraza, eta jakin badakigu ez dela neurri herrikoia, baina zintzotasunez esan behar dugu: Ez gaude hemen titular errazak egiteko, ardura hartzeko baizik”.
Legeak “sortzen duenak ordaintzen du” printzipioa ezartzen du, hau da, erabiltzaile bakoitzak sortzen dituen hondakinen arabera ordaindu behar du. Horregatik, Bermeoko Udalak eredu berri bateranzko lehen urratsa eman du, hondakinen tasa berria ezarriz, bi kuotatan banatua: Kuota finkoa, erabiltzaile guztientzat berdina izango dena; eta, kuota bereizia, hondakinen sorrerari eta ahalmen ekonomikoari lotutako parametro objektiboetan oinarritutakoa.
Lehenengo fase honetan, kuota bereizia etxebizitzetan eta zerbitzuetan aplikatuko da. Etxebizitzen kasuan, tasa etxebizitza bakoitzean bizi diren pertsonen kopuruaren arabera zehaztu da, eta hiruhilekoan ordaindu beharrekoa 50,84 € eta 58,36 € bitartekoa izango da. Zerbitzuen kasuan, jardueraren izaera eta establezimenduaren azalera hartu dira kontuan.
Bestalde, epigrafe berri bat sortu da trastelekuekin eta lokal hutsekin, ez baitituzte beste epigrafe guztien sailkapen-irizpideak betetzen, jarduerarik edo okupatzailerik ez dutelako.
Oraindik, kuota bereizia ezin izan da epigrafe guztietan ezarri, industria eta beste kategoria batzuetan, esaterako, ezin izan delako zehaztasunez lortu jardueraren, langile kopuruaren eta azaleren datu guztiak. Hortaz, kasu hauetan, kuota finkoak bakarrik ezarri dira.
Hala ere, lan-mahai bat eratuta dago, tasaren garapena eta datuen bilketa zehatzagoa egiteko, helburua baita, legeak dioenaren arabera, “sortzen duenak ordaintzea”.
Alkateak adierazi du, prozesua “oso konplexua” izan dela, honen atzean lege bat dagoelako, eta lege hori bete behar dugulako: “Hau lehenengo pauso bat baino ez da; etorkizunean beste hainbat pauso eman beharko ditugu, izan ere, heldu egin behar gara bakoitzak sortzen duenaren arabera ordaintzera. Legeak behartzen gaitu hondakinen kudeaketaren kostu osoak estaltzera, eta hori da hartu behar dugun bidea. Gainera, udal hondakinen kudeaketa tasa ez da isolatutako neurria: legearen betebehar bat da, eta 2025eko apirilerako ezarrita egon behar bazen ere, prozesua konplexua denez, tartea eman digute. Helburua da zerbitzuaren kostuak modu justu eta jasangarrian banatzea, eta ekonomia zirkularraren printzipioekin bat egitea”.
Herriko autonomoak eta enpresa txikiak kontuan hartu dituztela aipatu du, legeak ematen dituen aukeren artean, “eurengan inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin”. Horrez gain, alkateak azpimarratu du, hobari guztiak mantendu egin direla, eta etorkizunean legeak ematen dituen aukera berriak aztertuko direla, hobari berriak sartu ahal izateko.
Gaurko osoko bilkuran, gainera, trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren ordenantza fiskala aldatzea ere onartu da; zerga hori %11 igoko da. Aipatu dutenez, 2021ean egindako azken eguneraketatik gaur arte KPIaren igoera %20tik gorakoa izan da. Udalaren arabera, igoera hori “neurrizkoa” da, egoera ekonomiko berrira egokitzeko eta udal zerbitzuen jasangarritasuna bermatzeko. Aldaketa hau EH Bilduren eta Guzanen aldeko botoekin onartu da, EAJk aurka bozkatu du.