Albistea
Gaur eguerdian hasiera eman zaio XXXI. Arrain Azokari, eta emozioz betetako ekitaldia izan da. Domekara bitartean, adin eta gustu guztietarako eskaintza zabala eskainiko du itsas arrantza munduaren erakusleiho garrantzitsuenak. Hartara, asteburuan zehar festa eta kultura nagusituko dira herriko kaleetan.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea eta Arrain Azoka Elkarteko presidentea arduratu da Bermeoko XXXI. Arrain Azoka inauguratzeaz. Berarekin batera egon dira udaleko zinegotziak; Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak; inguruko hainbat herritako alkateak, eta enpresa eta erakundeetako ordezkariak, besteak beste.
Tradizioa, kultura eta euskara, eskutik helduta datoz aurtengoan, hala, alkateak euskara eta itsasoaren arteko lotura sakona azpimarratu du gaurko berbaldian: “Itsasoa… azaletik barru barruraino sartzen zaiguna, era batera mina eta gozamena”.
Arrain Azoka, aurten, Euskaraldiarekin elkarlanean dator, eta herria Ahobizi eta Belarriprest txapez jantzi da dagoeneko. “1500 lagunetik gorak eman du izena Euskaraldian”, azaldu du alkateak: “Azoka hau euskaraz bizi eta biziarazteko gaitasun dugula erakusteko erakusgarri izango da”.
Alkateak gogorarazi du Bermeo ezin dela arrantza barik irudikatu, “sasoian sasoikoa eta tokatzen den moduan eginda”. Eta, era berean, nabarmendu du Bermeo izan dela irudikatu Hegaluze Sariak omendu dituen pertsonak barik ere ez. Hain zuzen ere, aurtengo Hegaluze Saria, itsas munduarekin lotura izan duten emakume guztiei eskaini zaie: “Bularretik euskara eman diguten emakumeak dira, itsasoarekin lotuta dauden emakume langileak. Gure lehengo emakumeak barik ez ginateke gaur egungoak izango. Emakume horiek garrantzitsuak izan ziren, baina gaur egungoak ez gara gutxiago. Guztion izerdiarekin egiten gabiltza bide hau. Emakume eta gizonen izerdiarekin esaten joan naiz, baina ez naiz bitar izaera horretan gehiago sartuko, bakoitzak bere izaera zein den erabakitzeko eskubidea daukalako. Horregatik esango dut, denok elkarrekin, genero bitarrean sartu barik. Batera eta elkarren ondoan egingo dugulako bidea”.
Hunkigarria izan da Hegaluze Sariaren banaketa. “Bermeotarrok beti izan gara langileak, ekintzaileak, ikuspegi zabalekoak; itsasoaren handitasunak beti eman digu kemena aurrera egiteko. Gaurko egunean, Hegaluze Sariarekin, gure omenaldi gozoena egin gura diegu itsasoaren inguruan lan egin duten emakume guztiei, aspaldikoei eta gaur egunekoei. Gaur, asko batu gara, baina ordezkaritza gutxi bat besterik ez gara, asko eta asko izan direlako eta zaretelako itsasoko ogibide ezberdinetan lan egin duzuenok. Beraz, ziur, norbait ahaztu duguna, baina gaurkoa ez pertsonalizatzea eskatzen dizuet, baizik eta izan diren eta zareten guztien ordezkari moduan hartzea”, adierazi du Bermeoko alkateak sariak banatzen hasi orduko.
Ondoren, sektoreka hurbildu dira saria hartzera: Añek, armadoreak, neskatilak, sareginak, sare fabrika, kontserba lantegiak, freskerak, arrain saltzaileak, hornidurak, farozainak, kapitainak, Nautikako irakasleak eta ikasleak, zientzialariak, bulegoetako langileak, itsas zerbitzuetakoak... “Horiei guztiei, gure bihotzetatik gogoeta gozoena eta esker onik preziatuena, utzitako ondareagatik eta gaur egun zuen lanari esker gizarteari egiten diozuen ekarpenagatik”, adierazi du alkateak.
Egitarau zabala eta elkartasun ukitua
Gaurkoa hasiera besterik ez da, bihar eta etzi, musika, kirola, folklorea eta gastronomia izango dira nagusi. Kaleak fanfarreaz, erraldoiz, trikitilariz eta txistulariz beteko dira, eta estropadak, pilota eta zesta partiduak izango dira herriko kirol eskaintzan.
Lameran kokatutako Solidaritza Gunea ere martxan da: marmitakoa eta hegaluze errea eskainiko dira bertan, eta bildutako dirua Bermeoko 6-12 urte bitarteko umeen tratamendu berezietara bideratuko da, Osakidetzak estaltzen ez dituen beharrak asetzeko. Etxera eroateko asmoa dutenek, ontzi propioa ekartzea eskatzen da.
Horrez gain, Gurutze Gorria egongo da hiru egunetan, eta zapatuan Lameran drogomenpekotasunari buruzko informazio puntua izango da 13:00etatik aurrera; gauean, Portuzarrean, Puntu Morea jarriko da 19:00etatik 01:00etara.
Alkateak eskerrak eman dizkie antolatzaileei eta boluntarioei: “Lanean egon diren denbora guztia ez dago soldata barruan. Eskerrik asko gauetan lorik egin ezinik egon zareten guztioi. Azoka orain dela hainbat hilabete hasi den lana da, eta ez da domeka eguerdian amaitzen, batu egin behar da eta! Lan handia dago atzean eta ikusten ez dena. Eskerrik asko baita ere, Arrain Azokako egitaraua zabala izatea posible egiten duzuen talde eta elkarte guztioi”. Horrez gain, ez ditu babesleak eta kolaboratzaileak ahaztu gura izan: Eusko Jaurlaritza, BBK, Bizkaiko Foru Aldundia, El Correo, Oizmendi, Radio Nervión, TeleBilbao, Bermeo Tuna World Capital, Gurutze Gorria, eta Euskaraldia.
XXXI. Arrain Azokaren programa oso zabala da. Egitarau osoa eta eguneraketak https://bizibermeo.eus/arrainazoka/ webgunean eta sare sozialetan jarraitu daitezke: Facebook (@arrainazoka), Instagram (bermeokoarrainazoka) eta YouTube (Arrain Azoka Bermeo).