Albisteak

Albistea

Bermeo prest dago mozorro, musika eta kolorez jantzi eta kaleak festaz betetzeko

  • Barikuan hasi eta otsailaren 21era bitartean, adin guztietarako egitarau zabala prestatu da.
  • Bermeoko kaleak zinemako pertsonaiez beteko dira, Aratusteetako egun garrantzitsuenean, martitzenean.
  • Barikura arte eman ahal izango da izena Tabernen Mozorro Txapelketarako.

Bermeok Aratusteak ospatuko ditu barikuan, otsailaren 13an hasi eta 21era bitartean, herriko kaleak, plazak eta kultur guneak mozorro, musika eta giro onez beteko dituen egitarau zabalarekin. Beste behin ere, ospakizunak posible egiteko, funtsezkoa izan da herriko talde, elkarte eta ikastetxeen lana, eta horien guztien lana eskertu du Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak, horien lana “funtsezkoa” dela nabarmenduta. Gaur emandako prentsaurrekoan hainbat eragile izan dira, elkarlan hori agerian utziz.

Barikuan, otsailaren 13an, Kanta Kanta Lorueko kantuzaleek hasiko dute Aratusteetako egitaraua. 20:00etan, Goiko plazatik abiatuta, herritarrei dei egiten zaie kalera mozorrotuta ateratzeko eta eztarriak ondo finduta, Aratuste barikua kantuz eta giro onez ospatzeko.

Otsailaren 14an, zapatuan, umeentzako tailerra egingo da Arrantzaleen Museoan, 11:30etik 13:00etara. 4 eta 12 urte bitarteko umeek itsasoko altxorretan oinarritutako mozorro eta maskarak sortuko dituzte. Jarduerak euro bateko prezioa izango du, eta aldez aurretik erreserba egitea beharrezkoa da. Egun berean, Lantzeko Inauteriak kalera aterako dira. Kalejira 12:30ean abiatuko da Gizarte eta Kultura Etxetik, eta geldialdiak egingo dira Sancti Spiritus zaharren egoitzan, Goiko plazan eta Taraskan, Lameran amaitzeko.

Aurten, gainera, Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrena dela eta, egun osoko egitarau berezia prestatu dute. Kalejiraren ondoren, 15:00etan herri bazkaria egingo dute frontoian; 18:00etan, erromeria Begibiderekin; eta, jarraian, MJ Pepiñotan arduratuko da musika jartzeaz, festari jarraipena emanez. Zapatuan bertan, Coro Maikaren Aratusteetako kalejira ere izango da, 12:30ean Goiko plazatik abiatuta.

Otsailaren 16an, astelehenean, Demiku jubilatuen elkartean egingo da tostada eta mozorro txapelketa, 17:30ean hasita. Egunean bertan izena eman ahal izango da, eta tostada eta mozorro onenentzat sariak banatuko dituzte.

Aratusteetako egunik garrantzitsuena martitzena da gurean. Bermeon, tradizioz, egun hori da Aratusteetako ardatz nagusia. Goizetik eguerdira bitartean, herriko ikastetxeetako ikasleak izango dira protagonistak, eta kalejira erraldoia egingo dute herriko kaleetan zehar. Aurten, ikastetxeek zinema edo filmak gaia aukeratu dute mozorrotzeko; hortaz, ikasleak pelikula desberdinetako pertsonaiez mozorrotuta irtengo dira kalera. Kalejira 11:00etan hasiko da Atalde kaletik, eta Lameraraino joango da.

Kalejira amaitu ondoren, ikasleek adinaren araberako jarduerak izango dituzte. HHko ikasleak Artza frontoian batuko dira Zapotxin pailazoaren ikuskizunarekin ondo pasatzeko. LHko txikienak Eidabe! taldearen Gora Bihotzak ikuskizunarekin abestu eta dantzatuko dute Taraskan. LHko nagusienak, berriz, Lameran jarraituko dute, Jaikide Diskofestak jarriko duen musikarekin dantzan.

Tabernen mozorro txapelketa

Martitzenean bertan egingo da Tabernen XXIII. Mozorro Txapelketa. Kultura zinegotziaren esanetan, ekimen hau “herria eta herritarrak animatzen laguntzeko modu bat” da. Gaur arte, 10 tabernek eman dute izena, eta izen-ematea barikuko (otsailak 13) 12:00ak arte zabalik dago Kultura eta Hezkuntza Sailaren bulegoan, telefonoz (94 617 91 57) edo posta elektronikoz (kultura@bermeo.eus). Izen-ematea amaitzean, parte-hartzaile guztiekin mapa bat egingo da, eta Bermeoko Udalaren sareetatik zabalduko da. Irabazleak Aratuste martitzenean bertan jakinaraziko dira, epaimahaiak taberna guztiak bisitatu ondoren. Kultura zinegotziak aipatu modura, epaimahaia El Despiste fanfarrearekin ibiliko da tabernaz taberna, eta herritar guztiak gonbidatzen ditu parte hartzera.

Aratuste martitzenean bertan, Erroxapeko Martxako emakumeek kalejira egingo dute 12:30ean hasita, eta 13:00etan, Lameran, Ross Dantza Eskolaren ekitaldia izango da. Arratsaldean, 17:00etan, Disko Txiki Festa egingo da Lameran, eta, euria eginez gero, Bermeoko Herri Eskolako karpan. Halaber, Erroxape Emakumeen Elkarteak antolatuta, IV. Tostada Lehiaketa egingo da Erroxaperen lokalean. Tostadak 18:00etatik 18:30era bitartean aurkeztu ahal izango dira, eta ogizko zein ahizko tostadak onartuko dira.

Aratusteak otsailaren 21ean, zapatuan, amaituko dira Spookypheria Productions elkarteak antolatzen duen Vade Retro Party jaialdiarekin. Unholy Covers taldea eta DC Data izango dira Bermeoko Kafe Antzokian, 19:30ean hasita. Aurten, jaialdia bi ordu lehenago hasiko da, eta antolatzaileek herritarrei ordutegi-aldaketa arretaz hartzeko eskatu diete. Sarrerak 12 eurotan erosi ahal dira aurretiaz Luma Liburudendan eta Bermeoko Kafe Antzokian, eta 15 eurotan, egunean bertan leihatilan, gelditzen baldin badira.

Amaitzeko, kultura zinegotziak eskerrak eman dizkie egitaraua antolatzen lagundu duten guztiei, eta herritarrak animatu ditu Aratusteetako ekimenetan parte hartzera, Bermeoko kaleak festa giroz betetzeko.

11 / 02 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0