Albistea
Jazz musika izango da protagonista Bermeon Jazzber jaialdiaren XXVII. edizioan. Aurten, Gorka Benítez Quartet, Cesar Vidal & Artikulation Band eta nazioarteko L.A.B. Trio izango dira agertokira igoko direnak, jazzaren estilo eta jatorri desberdinak batuz. Kontzertu guztiak Bermeoko Kafe Antzokian izango dira, uztailaren 2tik 4ra, 20:30ean; sarrera doakoa izango da.
Jaialdia Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz Kultur Taldeak antolatzen dute, eta kalitatezko jazzaren aldeko apustua berretsi dute. Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak adierazi duenez, Jazzber jaialdiaren helburua da “jazz musika herritarrengana hurbiltzea, zaletasuna eta ezagutza sustatzea, eta genero horretako joera berriak ezagutaraztea”.
Jizz Jazz Kultur Taldeko kide Igor Markaidak eman du aurtengo egitarauaren berri, eta Bermeoko Jazzber jaialdian izango diren taldeen kalitatea azpimarratu gura izan du.
Gorka Benitez saxo-jotzailea eta flautista da, eta David Xirgu (bateria) eta Dani Pérez (gitarra) lagun dituela, hirukote sendoa osatzen dute; proiektu honetan, Abel Boquera organo-jotzailea dute lagun, laukotea osatuta.
Proiektua benetan berezia da: musika korala, polifonia, popa eta jazza uztartzen dituzten kantu originalak eskaintzen dituzte.
Cesar Vidal madrildarra buru duen boskote honek jazz garaikidea lantzen du, inprobisazioa eta denbora errealean sortutako elementu elektronikoak uztartuz. Akustikoaren eta digitalaren arteko mugak lausotzen dituzte, eta horrela, soinu-esperientzia berritzaileak eskaintzen dituzte. Euren musika esploratzailea, ausarta eta esperimentala da. Talde honetan parte hartzen du kontrabaxua jotzen duen Jon Carranza musikari bermeotarrak. Hala, etxean bertan jotzeko aukera izango du bermeotarrak. Taldea osatzen duten beste musikariak honako hauek dira: Pietro Aloi, David Gimeno eta Jorge Care.
L.A.B. Trio 2024ko urrian sortu zen Berlingo Jazz Institutuan, eta hiru herrialdetako musikariek osatzen dute: Leela (Berlin), Alexandre (Paris) eta Barnabas (Budapest). Bakoitzak musikarekiko dituen ikuspegi desberdinak konbinatzen saiatzen dira: Alexandreren grove, funk eta fusio elementuak, Barnabasen metal eta rock progresiboaren eraginak eta Leelaren musika librea eta soinu afrokubanoak uztartuz.
“Jazzber jaialdia ezinbesteko hitzordua da gure eskualdean. Kalitatezko jazzaz gozatzeko aukera eskaintzen du eta, beraz, bermeotar eta inguruko bizilagun guztiak gonbidatzen ditugu bertaratzera” esan du Endika Etxebarria zinegotziak.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak eskerrak eman dizkio Jizz Jazz Kultur Taldeari: “Urte hauetan guztietan egin duzuen lanari esker, Jazzber jaialdia erreferente bihurtu da. Herritarrak kulturaren parte sentitu daitezen, udalaren eta herriko talde aktiboen arteko elkarlana ezinbestekoa da”.